Jaione Dagdrommer / 2019-09-09 / 230 hitz
“Pilulak” gizartean emakumeek duten rola aldatzen lagundu zuen, euren ugalkortasunaren gaineko kontrola emanez. Egun, 100 milioi emakume baino gehiagok erabiltzen du hormonetan oinarritzen den antisorgailu modu hau. Oso eraginkorra da nahi ez diren haurdunaldiak ekiditeko, hilerokoa erregulatzeko eta baita azaleko zenbait arazorentzat ere. Haatik, tratamenduak ekar ditzakeen albo-kalteen ikerketak oraindik martxan dirau.
Azken ikerketak nerabezaroan jarri du fokua, oso erabilia baita metodo hau gazteen artean. Nerabezaroa etapa kritikoa da bizitzan gure gorputz eta garunetan ematen diren aldaketa azkarrengatik. Animalietan gauza jakina da estrogeno eta progesteronak (hormona sexualak) garunaren garapenean eragiten duela eta aldaketa hau hain justu, nerabezaroan gertatzen da. Informazio hau gizakietan aplikatzen ez gero, estrogeno edo/eta progesterona sintetikoak nerabezaroan hartzeak gure garunean eragina izango luke gure osasun mentala kaltetuz. Aipatutako ikerketak hala ondorioztatu zuen frogatuz antisorgailu hormonalek eragina dutela gauzak gogoratzeko daukagun moduan.
Antisorgailu hormonalak eta depresioa
Ikerketek emaitza mistoak eman dituzte antisorgailu hormonal eta depresioaren arteko erlazioari dagokionez. Orain arte egindako ikerketa handienak dioenez ordea, non Danimarkako milioi bat emakume aztertu diren, pilula edota bestelako antisorgailu hormonalak hartzen dituzten emakumeek depresiorako arrisku handiagoa dute. Gainera, harreman hau indartsuagoa da pilula nerabezaroan hartu dutenen artean.
Ikerketa honetan depresioaren arriskua epe motzean ematen den ala epe luzera ere izan dezakeen aurreikusi nahi izan du. Emakumeen ia erdiak adierazi du pilula nerabezaroan hasi zela lehengoz erabiltzen. Ikerketaren arabera emakume hauek depresio klinikoa (%16) pairatzeko arrisku handiagoa dute sekula pilula hartu ez dutenekin alderatuz (%9).