Gazteberri / 2019-08-28 / 507 hitz
Turisten kopuruak urtero gora egiten duen bitartean, badira, arrakastaz ez hiltzeko, bisitarien kopurua kontrolatzen hasi diren zenbait hiri eta leku.
Guztiok, neurri batean, noizbait izan gara turista. Beste leku batzuk bisitatzea erabaki dugu; hango ondare historiko, kultural edo naturalarekin gozatu; beste zenbait kultura edo ohitura ezagutu; beste zapore batzuk, beste gastronomia bat..
Turismoa XX. mendeko fenomeno sozial nagusia izan zen eta mende honetan, dirudienez, are gehiago.
Hor daude datuak baieztapen hori berresteko. Turismoaren Munduko Erakundearen arabera, pasa den urtean, 1.400 milioi turista inguru izan ziren, hots, munduko biztanleria osoaren seiren bat. Aurten izango diren turista kopuruaren inguruko aurreikuspenenen arabera, kopuru hori hazi egingo da % 4ean. Turismoa sektore ekonomiko indartsua bilakatu da eta, 313 milioi pertsonari lana emateaz gain, munduko BPGaren % 10,4aren erantzule da.
Datu horiekin, turismoa munduko ekonomiaren alderdi garrantzitsuetako bat bilakatu da; aberastasuna eta enplegua sortzen du. Baina negozio bat izateaz gain, turismoak ideian elkartrukea errazten du, beste zenbait errealitate ezagutzeko aukera ematen du eta estereotipo xenofoboak apurtzen laguntzen du.
Zoritxarrez, turismoaren inguruan dena ez da urre kolorekoa. Hainbat kasutan, turismoak sortzen duen aberastasuna ez da tokiko biztanleengana iristen. Sarritan, sortzen den eplegua urtarokoa izaten da eta ez beti kalitate onekoa. Horrez gain, kontrolik gabeko turismoak kalte handiak eragin diezaieke tokiko kulturei edo ingurune naturalei. Gaur egun, ondare kultural edo natural izugarria duten hainbat leku gehiegi ustiatuta daude eta turista andanek horien etorkizuna mehatxatzen dute.
Azken urteetan, turismoak hazkunde nabarmena izan du, nagusiki, kostu baxuko airelineen eta pisu turistikoen alokairurako atarien agerpenarekin. Turismo masifikatu horrek hainbat arazo sortu ditu bai babestutako ingurune naturaletan bai ondare historiko, kultural edo arkitektoniko garrantzitsua duten hirietan.
Ostatu turistikoen eskaintzaren hazkundeak, bereziki, zenbait hirietako erditik gertuko auzoetan, arazo larriak eragin ditu tokiko ehun sozial eta komertzialean. Fenomeno hori turistifikazioa izenarekin bataiatua izan da.
Hirietan ematen den turistifikazioaren ondorioz alokairuan ziren etxebizitzen prezioek gora egin dute eta, ondorioz, bertakoek beste zonalde batzuetara joan behar izan dute.
Turista asko hartzen dituzten auzoetan beharrak guztiz ezberdinak dira: turistek ez dituzte eskolak, kultur-etxeak edo bulegoak behar… Turistek oso modu ezberdinean erabiltzen dute espazio publikoa eta beste erritmo bat dute. Horrek bertakoen bizitza oztopatzen du maiz, bereziki, goiz esnatu behar dutenean.
Paraleloki, auzo horietan establezimendu berriak azaldu dira: turistei zuzendutako tabernak, jatetxeak eta dendak. Horietan prezioak askoz garestiagoak dira eta bertako bizilagunek beste auzotara joan behar izaten dute erosketak egitera. Horrek elkarbizitza oztopatzen du eta, horregatik, zenbait hiritan turisten aurkako mugimenduak sortu dira.
Turisten kopurua kontrolatzea erabaki duten hiriak
- Amsterdam. Herbeheretar hiriburuak low cost turismoari pizgarriak kendu dizkio. Espres bisiten eta kontsumo azkarraren eredua alde batera utzi eta egonaldi luzeagoak dituen kalitatezko eredu bat sustatu nahi da.
- Brujas. Hiri horretako erdialdea bertakoentzat da. Autobus turistikoen sarrera mugatuta dago, jaiak ospatzea debekatu dute eta doako tour turistikoen kopurua ere mugatu da.
- Dubrovnik. 2016. urtean bertako biztanleak asaldatu ziren alkateak euren etxeetan geratzeko eskatu zienean egun berean hainbat gurutzaontzik iritsi behar zutelako, eta horrela jendetzak ekiditeko. Gaur egun, hiri horretara irits daitezkeen gurutzaontzien kopurua mugatuta dago.
- Bartzelona. Estatuan turismo masiboari mugak jarri nahi dizkion lehenengo hiria. Low cost turismoak bertako etxebizitzen prezioa garestitu du, hainbat auzo masifikatuta daude eta merkataritza jarduera homogeneizatzen ari da.