Iker Tubia / 2019-10-31 / 526 hitz
Iruñerriko gazte euskaldun askok ez dute euskaraz egiten egunerokoan. Mintzakuadrillen bidez ohiturak aldatu ditzaketelakoan da Aranguren.
Iruñerriko gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo bat aurkeztuko du Topaguneak gaur, 17:00etan, Iruñeko Katakrak liburu dendan: Mintzakuadrilla. 16 eta 25 urte bitartekoei zuzenduriko programa bat da, eta bakarka edo taldeka eman daiteke izena. Iaz, 80 gaztek parte hartu zuten. Amets Aranguren (Iruñea, 1998) koordinatzaileak eman ditu azalpenak.
Mintzakide programa zaharregi geratzen zaie gazteei?
Mintzakideen ideiatik sortu zen Mintzakuadrilla, eta, euskara ikasten ari direnentzat baino gehiago, euskara badakiten gazteentzat da, batik bat. Helburu nagusia da gazteen artean euskara sustatzea.
Gazteak erakartzeko inportantea da soilik haiei bideratua izatea?
Mintzakuadrillen helburuetako bat da euskaraz testuinguru goxo batean egitea. Adin oso ezberdinetakoak elkartuta, ez lukete hainbeste gauza komun haien artean.
Zein da gazteek hartzen duten konpromisoa?
Taldeak astean behin elkartzeko konpromisoa hartzen du, testuinguru informal batean. Norberak hartzen du konpromisoa; hau ez da itxura emateko: nork bere buruari astero euskaraz egiteko erronka jartzen dio. Horretaz aparte, saio osagarriak daude: talde guztiak batu, eta hilabetean behin jardueraren bat egiten dute.
Gazte euskaldun askok zergatik ez dute euskaraz egiten Iruñean?
D ereduan ikasi dugunok harreman asko-asko gaztelaniaz sortu ditugu: harremana sortzean ez genuelako euskara maila aski, edo, besterik gabe, ez genuelako kontzientzia hori. Horri buelta ematea posible da parekoak zure jarrera bera badauka. Egitasmo honek aukera edo aitzakia ematen dizu harreman berriak euskaraz egiteko, edo gaztelaniaz sortutako harremanei buelta emateko. Euskarazko burbuila bat sortzea da helburua.
Zein dira erabileraren mugak?
Kaleko eta gazteen arteko hizkera bat ez izateak eragin handia du. Guk eskolan ikasitako euskara hitz egiten dugu; asko jota, telebistan entzundako zerbait errepika dezakegu. Mintzakuadrillekin, aurrerapauso bat eman dezakegu.
Zer uste duzu Iruñeko gazteen euskararen erabilerari buruz?
Nire aitak 17 urte zituenean erabaki zuen euskaldunekin euskaraz ariko zela beti. Orain, ikastolako lagun bat ikusten badu kalean, euskaraz egiten dio, nahiz eta besteak gazteleraz egin. Batzuetan, zeharka, aurpegiratu egiten digu egoera, haren garaian euskaldun gutxiago zegoelako. Ez dakit horretarako ez ote zen testuinguru hobea Iruñean duela 30 urte zegoena. Garai hartan, euskara arriskuan ikusten zen nabarmen, eta pertsonalago hartu zezaketen ardura. Orain jende gehiagok daki euskaraz, eta horrek lasaitu egiten gaitu.
Aldatu al duzu erdaraz egindako harremanetako hizkuntza?
Azken urteetan, harreman oso estua dudanen artean hirurekin gai izan naiz hizkuntza ohiturak aldatzeko, baina haien aldetik jarrera hori bazegoelako. Batzuekin kostatzen zait, uste dudalako deseroso daudela. Baina kontzientzia kontua ere bada. 15 urterekin ez duzu hain barneraturik, edo lotsa ematen dizu. Lehen hitza euskaraz egitearena ere bai: lehen, beldurra nuen hori egiteko. Denborarekin konturatzen zara ez diozula inori minik egiten, ez duzula errudun sentitu behar.
Jende gaztea ikusten da ekologismoari edo feminismoari lotutako borroketan. Euskararen aferan badago borrokatzeko gogoa?
Iruditzen zait gauza horiek ere boladaka doazela. Baina, gazte mugimenduetan taldeak ildoka banatzen direnean, euskarak lekurik badu, gutxi irauten du, eta askotan ez da taldea sortu ere egiten. Ez da eragiteko beharra ikusten.
Euskalgintza urruti dago gazteengandik?
Bai. Iruñean, adibidez, edo nahiko frikia zara —zentzu onean, nik ere hor sartzen dut nire burua— edo ez duzu Karrikiri ezagutzen, edo iruditzen zaizu denda bat dela. Horren errua ez du gazteriak, ezta Karrikirik ere, baina iruditzen zait euskalgintzan dagoen jende asko heldua dela, eta ez dituztela behar diren baliabideak transmisioa egiteko. Gainera, oso lan militantea da.