Zihara Jainaga / 2019-10-03 / 956 hitz
Hego Ameriketan ekoizten diren ahuakateak eta kinoa bat-batean eta masiboki sartu dira Mendebaldeko elikadura dietan. Jatorrizko herrialdean, ordea, eragin latza sortzen ari da gainprodukzio hori: miseriara kondenatuta daude hango nekazariak.
Entsaladan, hutsa, gosaltzeko ogi txigortuan zabalduta… Bada produktu bat azkenaldian gure plateretan etengabe agertzen ari dena: ahuakatea. Elikadura dietetan bat-batean eta masiboki sartu da Mexikon jatorria duen fruitua. Hain zuzen, Europan eta AEBetan interes handia piztu du haren kontsumoak. Duela zenbait hamarkada, ia ez zen ahuakaterik jaten Euskal Herrian; askok ezagutu ere ez zuten egingo. Egun, aldiz, nonahi aurki daiteke. Zenbait adituren arabera, Europako herritarren elikadura dietak aldatzen ari diren seinale da. Aldaketa horiek, baina, eragin zuzena dute elikagai horiek ekoizten diren herrialdeetan. Batik bat Hego Ameriketako nekazarien bizi baldintzetan.
«Era osasuntsuan» jateko joera gailentzen ari den garaietan, gero eta ohikoagoa da dieta osasungarria osatzeko bertako produktuak erabili ordez beste herrialde batzuetara jotzea. «Herritarren artean zabaldu izan da kanpotik ekarritako elikagaiak hemengoak baino hobeak direla», azaldu du Nerea Segura nutrizionistak. Halaber, produktu horien kutsu exotikoa saltzen dute ekoizleek, eta superelikagai gisa aurkezten dituzte. «Hemen ekoitzitako produktuak kanpotik ekarritako beste batzuekin ordezkatzen ari gara», salatu du Segurak. Ahuakatea, esaterako, hemengo oliba olioaren baliokidea da. E bitamina eta gantz asegabe eta begetalak ditu. Baina Mexikoko fruitua lehenesten da.
Bolivian ekoizten den kinoa sasi-zereala beste adibideetako bat da. Zereal arruntek baino proteina gehiago ditu, eta lekaleen antza du. Oinarrizko elikagaia da boliviarrentzat, eta azken urteotan asko zabaldu da Europa aldeko dietetan, karbohidratoak ordezkatzeko. Hala, hemen kontsumitzearren, monolaborantza bultzatzen da han, eta, ondorioz, hango herritarrek ezin dute erosi, prezioen gorakadagatik. Halaber, Boliviako nekazarien egoera gero eta kaskarragoa bilakatzen ari da.
Osasuna eta ongizatea
APEAM Mexikoko elkartea 28.000 ahuakate ekoizle eta esportaziorako 60 paketatzailek osatzen dute, besteak beste, gaur. Sistema globalizatuak edo merkataritza askeko sistemak nekazariak behartzen ditu multinazional erraldoien interesetan sartzera, eta enpresa erraldoiak guztiarekin gelditzen dira. Azken batean, nekazariek ez dute aukerarik ekoizten duten horretara sartzeko. Hori da Hego Ameriketako nekazariek egun duten egoera. Mexikoko ahuakate eta Boliviako kinoa ekoizleak autonomia guztia galtzen ari dira Europa eta AEBetatik eskatzen den gain produkzioaren ondorioz. Neurri batean, miseriara kondenatuta daude nekazari horiek, multinazional handiek produkzio osoa saltzera behartzen baitituzte. Are gehiago, «multinazionalei askotan politikariek laguntzen diete, estatuetako gobernu askok», nabarmendu du Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia elkarteko kideak.
Segurolak adierazi duenez, kanpotik ekarritako fruta eta barazkien kasuan, horien kalitateak eragin zuzena du dietan. «Haien jatorrizko herrialdean ekoitzi bai, baina heldutasun puntu egokia eskuratu aurretik jasotzen dituzte hona ekarri ahal izateko, eta, ondorioz, elikagai gutxiago dituzte». Intxauspek gaineratu du jatorrizko herrialdeetako merkatuetan gelditzen den produktua kalitate txarragokoa, merkea eta industrializatua izaten dela, eta ona «eliteetako» pertsonentzako geratzen dela. «Herriaren ongizatearen eta elikadura burujabetzaren ikuspuntutik ulertuta, guztiz ilogikoa da; interes ekonomiko edo sistema kapitalistaren ikuspuntutik, aldiz, erabat logikoa da». Azaldu duenez, erosteko ahalmena duen beste herrialde batean eskatzen dutenaren menpe bizi dira egun Mexiko eta Boliviako nekazariak, eta, nolabait, dependentzia sistema horretan sartzen dira. Aitzitik, Hego Ameriketako herrialde horiek ez dute gaitasunik esportatzen ari diren produktu hori erosi ahal izateko.
Herritarrak, modei so
Elikadurari dagokionez, joerak aldatuz doaz, eta horiek, azken batean, interes ekonomiko batzuen eraginez sortuak direla nabarmendu du Intxauspek. «Multinazional eta politika neoliberalen interes jakin batengatik aldatzen dira elikadura modak, batik bat». Herrialde bakoitzeko lurretan dauden produktuak indartu eta horiei balioa eman beharrean multinazional eta botere ekonomikoei kasu egiten zaiela dio. «Horregatik, garrantzitsua da ezbaian jartzea osasuntsu izate horretan mezu asko nahasten direla, kontsumitzaileari iristen zaizkion mezu horiek interes bati erantzuten diotelako, eta ez herritarren ongizateari». Halaber, moda horiek askotan negozioen estrategia bati erantzuten dietela argi izatea ezinbestekoa da Intxausperentzat. Nutrizionistak adierazi duenez, modu osasungarrian jan behar delako kinoa jan behar dela esatea da, besteak beste, interesdun mezuen adibide bat. «Kontuz ibili behar da saltzen dituzten mezuekin, askotan ez baitira erabat egiazkoak izaten», nabarmendu du Segurak.
Era osasungarrian jateko osasuntsu ekoitzitako produktu bat jan behar dela defendatzen du Intxauspek. Eredu agroekologikoaren alde egin behar dela. «Osasuntsu jatea kontzeptu handi batean sartzen da; inguruaren garapena, harreman mota eta produktuaren tratamendua ere kontuan hartu beharrekoak dira». Irakurketa integralak botatzen ditu faltan Intxauspek: «Elikadura politika bat funtsezkoa da hori bermatzeko. Gure herria nola elikatu nahi dugun erabaki behar dugu». Azken batean, modu osasuntsuan jateko, adibidez ahuakatea edo kinoa, benetan ezinbestekoak diren neurtu behar da, EHNE Bizkaiko kidearen arabera. «Euskal Herriaren kasuan, hemengo agintariek ikusi behar dute nola egin daitekeen dieta osasungarri bat duten gaitasunarekin eta ditugun lurrekin».
Segurolak eta Intxauspek argi dute dieta osasungarri bat osatzeko tokiko produktuak kontsumitzea dela logikoena. «Nutriente aldetik, herrialde guztietan osatu daiteke dieta osasungarri bat tokiko produktuekin», gaineratu du nutrizionistak. Ditugun produktuak ondo erabiltzea da gakoa. «Hemen patatak frijitu egiten ditugu, eta ogia oso findua jaten dugu, eta ez da ona. Ez dugu produktu txarrik, erabilera da desegokia».
Garai batean Europan egiten ziren jatorduetan, garia zen ia elikagai guztien jatorria. Eta sasi-zerealak edo bestelako zerealak ekartzen hasi ziren zeliako edota begetarianoek beren dietak hobetzeko. Hala hasi zen, batik bat, kanpoko produktuen inportazioa. Hala ere, Hego Ameriketatik ekarritako produktuek hemengo dieta aberasten dutela esan du Segurak. «Euskal Herrian fruitu mota gutxi ekoizten dira, eta egia da neguan elikadura monotonoak izaten ditugula». Baina, kanpotik ekarri barik, bestelako produktuak probatu eta hemengo lurretan ekoiztea hobea litzakeela dio. Elikaduraren ikuspuntutik, Segurak argi utzi nahi izan du elikagai aldetik herrialde guztietan osatu daitekeela dieta osasungarri bat. «Egunean bost fruta zein barazki jan behar dira, Euskal Herriaren kasuan, hemengo ekoizpena aintzat hartuta, hiru barazki eta bi fruta jatea litzateke egokiena».
Bakoitzak berea
Produktuaren erabilera zuzentzeaz gain, lurra ere zaindu behar dela gogoratu du Segurak, Mexiko eta Boliviako produkzio handiari erreferentzia eginez. «Zenbait produkzio oso gogorrak dira lurrarentzat, eta ezin dira bermatu urte askotarako». Produktu horiek desagertzeko arriskua ikusten du. «Elikadura motaren eta herrialdeko egoeraren arteko egokitzapena egin beharra dago. Lurra jaten ari gara, eta ezer gabe gelditzeko arriskua dago».