Jaione Dragdrommer / 2019-10-04 / 675 hitz
Nola detektatu minbizia ez horren inbasiboak ez diren metodoekin? Ba usainduz!
Txakurrek, beren sudur pribilegiatuei esker koilarakadatxo bat gatz 100 litro uretan disolbatuta atzeman dezakete eta pertsona bat aurkitu, hiru egun atzera utzitako arrastotik abiatuta. Hori jakinik, txakurraren usaimen bikaina gaixotasunak detektatzeko erabili nahi da.
Aurtengo apirilean Nature aldizkarian Frantziako Rennes Unibertsitateko ikertzaileek argitaratu zutenaren arabera, txakurrek atake epileptikoetan dauden zenbait konposatu kimiko usain ditzakete.
Zientzialarien hurrengo erronka animalia hauek entrenatzea litzateke epilepsia krisiak gertatu aurretik identifikatu ditzaten. Ez dirudi erraza, baina badakigu txakurren usaimen bikainak gizakiaren droga eta lehergailuak identifikatzeko teknologiaren gaitasuna gainditzen duela. Potentzial hau onkologiara bideratzea da asmoa orain, minbizia ere modu erraz eta ekonomikoan diagnostikatu dadin ahalik eta arinen. Baina, zer usain dauka minbiziak?
Gaixotasun bakoitzak lurrin ezberdin bat jaregiten du
Historian zehar, medikuekpazienteen fluxuak usaindu dituzte, horregatik badakigu maskuriko infekzioak amoniako usaina duela, diabeteak azetonarena, eskizofreniari ozpin usaina dariola eta gutxiegitasun hepatikoak arrain gordinaren usaina duela. Eta minbiziak? 2008an István Horváth kimikariak frogatu ahal izan zuen, esperimentu kontrolatuetan, entrenatutako txakurrek mota eta gradu ezberdinetako tumoreak ezberdindu ditzaketela darioen usainarengatik. Alta, ohartarazi zuen informazio hau ezin daitekeela praktikara eraman zehaztasun faltagatik eta eragotzi dezaketen hainbat faktorerengatik.
Bi urteren ondoren, ikerlari japoniar batzuk, biriketako eta bularretako minbizia zutenen hatsetan, zenbait konposatu organiko lurrunkor identifikatu zituzten gaixotasuna etapa goiztiarrenean diagnostikatu ahal izateko. Diagnostikoaren ardura txakur batek zuen eta bere abilezia maila altua izan zen. Aurkikuntza beraz pozgarria zen, baina zientzialariek beste behin esan zuten emaitza hauek tentuz interpretatu behar zirela.
Minbizia usaindu daiteke, baina oraindik ez dago argi zerk sortzen duen zehazki usain zehatz hori. Finlandiako Unibertsitateko Jouko Vepsäläinen-en arabera, usain horren jatorria poliaminetan egon liteke. Hauek, bere ezaugarri biokimikoengatik, maila zelularreko hainbat funtziotan eragiten duten molekulak dira eta organismo osoan zehar barreiatzen dira. Bera alterazioa hainbat patologiekin lotzen da, horien artean minbizia, eta diagnostiko berriak garatzeko gakoa izan liteke.
Zenbait minbizi moten lurrina ezberdintzea lortu dute, eta guztiak bereiztea da egun onkologiaren erronketako bat. Adibidez, Madrileko Rey Juan Carlos Unibertsitateko eta Alcorcongo Ospitaleak elkarleanean laringeko minbizia zuten 11 pertsonek arnastean jaurtitzen zuten hatsa aztertu zuten eta osasuntsu zeuden pertsonenekin alderatu. Bertan ikusi ahal izan zuten zazpi molekulen presentzia altuagoa dagoela minbizia zutenen pertsonetan, batez ere etanol eta 2-butanona molekulena.
Biriketako minbizian berriz, ikerketa batzuk frogatu dute zeinbat konposatu organiko tumorea duten pertsonen hatsean soilik azaltzen direla. Hain justu, informazio horretan oinarrituz, Txinako Unibertsitateko ikerlariek fluoreszentzian oinarritutako sentsibilitate altuko sentsore bat garatu dute substantzia hauek berehala atzemateko gai dena. Aparatuak biriketako minbiziarekin zerikusia duten gasak detektatzen ditu.
Sudur bionikoekin esperimentuak
Emaitza hauek sudur elektroniko batean aplikatu du Niku Oksala doktoreak, eta pixaren bitartez atzeman ahal izan du prostatako minbizia. Analisi hauek oraindik ez dute erabilera klinikorik, baina gailu honek sekulako potentziala du diagnostiko eta jarraipenean, denborak laburtuz. Sudur artifiziala da Madrilek Unibertsitatean lanean ari den nazioarteko talde baten oinarria ere. Hauek biriketako minbizia hatsaren bitartez atzematen duen gailua garatu dute. Metodo honek gainera, tratamenduaren eraginkortasuna monitorizatzeko ere balio du.
Haatik, emaitzarik aurreratuenak txakurren sudurrekin ari dira lortzen, non zehaztasun mailak askozaz altuagoak diren. Aurretik entrenamendurik jaso gabeko kasuak ere izan dituzte. Horrela, 75 urteko paziente batek medikua bisitatu zuen belarri atzean zuen zauria etengabe miazkatzen ziolako, melanoma txar bat diagnostikatu zioten.
Txakurrek abantaila dute ordea. Animalia hauek 300 milioi usain hartzaile dituzte eta segundoko bost-hamar aldiz arnasten dute. Gizakiok 6 milioi usain hartzaile ditugu eta segundoko behin arnasten dugu.
Heather Junqueira-k Experimental Biology kongresuan ikerketa bat aurkeztu zuen. Bertan frogatzen zuen nola lau beagle arrazako txakurrek minbiziaren presentzia atzeman zuten %97ko zehaztasunarekin usaimenaren bidez. Aurretik, odol fluxu normala zein den ezberdintzen erakutsi zien. Txakurrek modu zuzenean detektatu zuten minbizia kasuen %96,7an.
Espainiar Estatuan, Kantabrian frogak egiten ari dira txakurrekin minbizia detektatu dezaten. Esperimentua oinarrizko trebakuntzarekin hasi da. Aukeratuak izan diren hamabost txakurrei minbiziak aireratzen dituen usainak identifikatzen irakasten zaie. Delfín eta Annouk izango dira minbiziaren sudur bilaketaren buru, eta ondoren ikasitakoa beste zortzi txakurrekin partekatuko dute. Beste bost txakur biriketako minbizian erdiratuko dira eta beste bost kolonekoan. Besteak erreserban geratuko dira.
Urtebetean txakur hauen usaimena proban jarriko da 300 laginekin. Arraza jostalariak aukeratzen dira, kolaboratzeko gogoz egoten direnak. Emaitzak egokiak badira, helburua diagnostiko modu hau Osasun Sisteman txertatzea litzateke.