Arantza Iraola / 2019-11-03 / 592 hitz
Pasabanek baretasun eta argitasun irmoarekin azaldu ohi ditu buruko nahasmendu baten ondorioz dituen gorabeherak eta, iluntasunak irentsita sentituta, bere buruaz beste egiteko ere izan dituen joerak.
Edurne Pasaban mendizaleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) harro konta dezake munduko bazterrik liluragarrienetakoak ezagutu dituela; hain justu, hamalau 8.000koetara igoa da, eta balentria hori lortu zuen lehen andrea izan zen. Horrek eman dio sona, eta ospea. Aldiz, gordin asko mintzo da ilunaz ere: barruan zenbaitetan esnatzen zaizkion mamuez. Oroitzen du bikote harreman baten hausturak eraman zuela, lehenbizikoz, oro beltz den tunelera. «Baina bidea askoz ere luzeagoa da; atzetik badituzu beste gauza batzuk. Hori ikasi dut gero, medikutan ibili ondoren: zure azterketa egiten dutenean». Hainbatetan egin du bere buruaz beste egiteko ahalegina, 2006an lehen aldiz hondoa jo zuenetik. «Baina aurretik ere sentitu izan nuen: ‘Beti mahukapean geratuko zaidan karta izango da hori; beti geratuko zait hori egiteko aukera’. Eta une jakin batean, hainbesterako estutasuna sentitzen duzu, hainbesteko ezinegona, bada, hartu egiten duzu. Baina aurretik burutik pasatu zaizu; nire esperientzia, behintzat, hori da. Lehendik ere sentitu izan nuen: ‘Min horrekin bukatu nahi dudanean, aukera hor dago’. Are gehiago, maiz sentitzen nuen hori zela nire aukera bakarra ».
Tristurak irentsi egin zuen, baina argi du ingurukoak —ezta bera ere— gertatzen ari zenaren larritasunaz ez zirela jabetzen. «Arazo bat dago hor; zure ondokoek ez dakite ongi ezberdintzen zer den triste egotea eta zer den depresio bat izatea. Hain da ezezaguna hau guztia! Beharbada, orain, alertei lehenago erreparatzen zaie, baina zuk pentsa! Arazoaren iturburua, gainera, kasu honetan izan zen, mutil batek utzi egin ninduela. Bada, zer pentsatuko dute, bada, zure ondokoek? ‘Badira mutil gehiago’. Eta zenbat aldiz entzun ote nuen: ‘Zure bizitza perfektua da!’. Ez du ezertan laguntzen horrek: zeure burua itxita dago halakoetarako». Alde horretatik, uste du buruko osasuneko profesionalekin izan duen harremanak beretzat berebiziko garrantzia izan duela, eta buruko eritasun bat duela onartzen du argi, lehen pertsonan: «Guk, gaixook».
Arazo fisikoez hitz egiten den moduan, buruko osasun arazoez aratz hitz egitea ere beharrezkoa dela defendatzen du «Niri, esaterako, botikak hartzeak ere asko lagundu dit. Aldiz, estigma bat dago gai horren inguruan. Ematen du nik erietxe psikiatriko batean egon naizela esaten badut ez dakit zer esan nahi duela horrek». Sarri sentitu du hori, baita gertukoenen partetik ere: gehien maite duten horien hitz eta jarreretan: «Hara, nik ondo gogoan dut; Errege egun batean izan nuen lehen ospitaleratzea… Aitarekin, amarekin eta anaiarekin joan nintzen. Haiek etxerako bueltan zirela, anaiak esan zion aitari: ‘Eman buelta! Eman buelta! Nola utziko dugu hor Edurne! Erietxe psikiatriko batean!’. Bada, niri oso ondo etorri zitzaidan ospitaleratze hori». Horregatik ari da, bereziki, estigma horren kontra: «Gutxienean hori irabazten badugu! Izan ere, zer da ba pilula bat hartzea? Gorputzeko beste edozein ataletako arazoa duzu, eta lasai kontatzen duzu. Zergatik ez buruko gaixotasun batean? Bada, kasu horietan ere zerbaitek ez du ondo funtzionatzen: oso sinplea da. Eta nik hamalau zortzimilakoak egiten egunero hartzen nuen nire pilula; 7.000 metrotik gora, denda barruan. Eta atera kontuak egoera, muturreko erabakiak hartu behar nituen». Botika dosi egokiarekin, nahierako bizimodua izan daitekeela dio. 2 urteko haur baten ama da orain: «Handitzen denerako, gaiaz ezberdin hitz egitea espero dut».
Beldurrik gabe
Izan ditu gorabeherak gaixotasunean, eta badaki berriro iluntasuna hurbil dakiokeela. «Baina ez daukat beldurrik», azaldu du. «Orain, oso ondo nago, egonkor, baina badakit bueltatu daitekeela. Izan ere, badakit orain zein den bidea. Are gehiago, semaforoa hasten denean laranja jartzen, ja sumatzen du: ‘Kontuz, kontuz’. Eta ez daukat inolako nagikeriarik telefonoa hartzeko, eta kontsulta bat hitzartzeko. Izan ere, nik ez dut berriro hor sartu nahi. Ez gaude betirako libre. Baina berdin du. Nor dago oroz libre? Beraz, ez; ez nau beldurtzen».