Joseba Aurkenerena / 2019-11-18 / x hitz
Ainitz idatzi eta eztabaidatu da Elkanoz, onerako eta txarrerako, eta gaur egun espainiarrak ari dira gizon honen irudia bereganatu nahian, heroi nazional moduko bat egiteko. Guk euskaldunok ezin dugu ahantzi Elkano euskalduna zela, eta, bere argi-ilun guztiekin, gure historiako pertsonaia esanguratsua dugula. Artikulu moduko hau Elkanoren aldeko aldarria da, itsasgizon eta abenturazale handi horren aldeko oroitzapenezko idatzia. Horratx!
Elkanoren haur eta gazte garaiak
Joan Sebastian Elkano Gipuzkoako Getarian sortu zen 1476an, arrantza eta itsasgintzarekin loturiko familia batean. Aita Domingo Sebastian Elkano zuen, Getariatik zortzi kilometrora, Zarautz eta Aiaren artean dagoen Elkano auzokoa –hortik zetorkion deitura–, eta ama, Katalina Portukoa (Del Puerto gaztelaniaz), ziur aski portuko etxe bateko alaba zelako. Joan Sebastian Getariako Alde Zaharrean zegoen familiaren dorretxean jaio zen, gaur egun San Roke kaleko 21. zenbakian dagoen orubean, Gaztetape hondartzara begira dagoen itsaslabarraren gainean. Familia arrantzalea zen, baina etxe eta itsasontzia zituena.
Familia honek, Joan Sebastian premuaz gain, beste zortzi seme-alaba zituen: Sebastian, Domingo (Getariako parrokian apaiz eta erretore izan zena), Martin Peritz (bigarren espedizioan ontzi-pilotua izan zena), Antton Martin, Joan Martin (marinela, anaiarekin batera bigarren espedizioan parte hartu zuena) , Otxoa Martin (hau ere marinela, eta aurrekoa bezala, bigarren espedizioan parte hartu izana) , Sebastiana eta Ines. Horietaz gain, aitak sasiko alaba bat ukan zuen: Maria.
Gazte-gaztetik Joan Sebastian Elkano itsasoari loturik agertzen zaigu, arrantzarekin eta baita Lapurdiko eta Frantziako portuekin egindako kontrabandoarekin. 1509an, espainiarrek Oran, Tripoli eta Bugia hiriak konkistatzeko antolatutako armadan parte hartu zuen eta baita geroago, Italiako gerletan Kapitain Handiaren zerbitzura. Itsasontzi bat zuen bere ardurapean, eta eskifaiari ezin ordainduz, dirua ez baitzitzaion iristen, mailegu bat eskatu behar izan zien Savoiako banku-gizonei, ontzia hipotekatuz. Italian egindako zerbitzuen truke zor zioten dirua ez zen inoiz iritsi eta ontzia italiarren esku utzi behar izan zuen. Espainiarrentzat hori delitua zela eta, Joan Sebastian erdi ezkutuan ibili behar izan zuen atxilo ez zezaten har.
Elkanoren lehen bidaia
Garai haietan espainiarrak eta portugaldarrak lehian ziren Ekialdeko Indietara zeramatzaten itsas bideak eta hango lurrak eta merkatuak kontrolatu nahian. Portugaldarrek, eta arrakasta handiz, ekialdeko bidea erabiltzen zuten, Afrika inguratuz, Ekaitzen lurmuturretik igaroz, eta hortik gaurko Malasia, Indonesia, Filipinak, India, Txina eta Japoniara iritsiz. Ekialdeko bide hau luzaz emankorra izan zen portugaldarrentzat, horri esker ekialdeko produktuen monopolioa baitzeukaten. Espainiarrek lur horietara iritsi nahi zuten baina mendebaldeko bidea erabiliz, hau da, Atlantikoa eta Ozeano Barea zeharkatuz. Horretarako pausu bat bilatu behar zuten.
Mendebaldeko bidea zabaldu nahian, espainiarrek espedizio bat antolatu zuten, 5 ontzirekin eta 275 gizonekin eta denen buru Fernao Magallaes itsasgizon portugaldarra jarri zuten. Gizon honek pentsatzen zuen bazela bide bat, Zilarrezko ibaiaren bokalean (-Estuario de la Plata- erdaraz deitua) eta hortik Ozeano Barera pasatzeko asmoa zuen. Elkanok espediziorako izena eman zuen eta Concepción izeneko itsasontzian, goi mailako kargua eman zioten. Elkanorekin batera, marinel euskaldun asko abiatu ziren Magallaesen espedizioan.
1519ko abuztuaren 10ean, ontziak Sevillatik abiatu ziren eta Guadalquivir ibaitik barrena Atlantikoaren kostaldean dagoen Sanlucar de Barramedara iritsi ziren. Elikagaiez ontziak bete ondoren, irailaren 20an, mendebalderantz abiatu ziren. Lehen geldialdia Kanariar Uharteetan egin zuten eta hortik Ameriketaranzko bideari ekin zioten. Ekaitz eta sargori handiak pasatu ondoren, abenduaren 13an, gaur Rio de Janeiro izenaz ezagutzen dugun badiara iritsi ziren. Ekaitzetan hondatutako ontziak konpondu eta ontzietako biltokiak elikagaiez hornitu zituzten eta hamahiru egun beranduago, hegoalderako bideari lotu zitzaizkion. Zilarrezko Ibaiaren bokalera iritsita, alferrik bilatu zuten Ozeano Barerako pasabidea.
Magallaesek matxinada errotik moztu zuen hainbat gizon hil eginez eta beste hainbat hango lur ezezagunetan abandonatuz. Hegoalderantz jarraitu zuten, hotz handiko uretarantz. Ekaitz handi batek Santiago ontzia txikitu zuen eta San Antonio izenekoak matxinatu eta Espainiako itzulbideari ekin zion. Hegoaldeko uretan nabigatzen ari zirela, ordutik Magallaesen pausu estua deitzen dena topatu zuten, eta hortik barrena sarturik, Ozeano Barera ziren iritsi eta hortik Ekialdeko Indietarantz abiatu.
Bide luzea izan zen, elikagaiak urritu zitzaizkien, eta gainera, eskorbutoa gizonen artean zabaldu zen. Iduriz, Elkano bera ere gaixotu zen. Ehun egun behar izan zituzten Ozeano Barea zeharkatzeko, azkenik, 1521eko martxoaren 17an, Guam uhartera iritsi ziren. Irla horretan arazoak izan zituzten bertako biztanleekin, ontzietara igota denetik ebatsi baitzieten, baita ontziburuko txalupa ere. Magallaes, arras haserreturik, uhartean lehorreratu zen eta bertakoen hainbat etxe eta kanoa erre zituen. Honek bertakoen amorrua piztu zuen eta Magallaesen gizonak inguratu eta eraso egin zieten. Erasoaldi honetan Magallaes bera hil zuten, eta ezin izan zuten gorpua eskuratu.
Espedizio-burua hilik, karguak berrantolatu behar izan zituzten eta Elkano Victoria izeneko ontzian kapitain jarri zuten. Concepción izeneko ontzia arras hondaturik zegoela eta, erre behar izan zuten. Jadanik bi ontzi gelditzen zitzaizkien, eta hango irla batean hainbat denbora eman zuten horiek konpontzen eta eraberritzen. Beste kapitainak hiltzean, Elkano jarri zuten espedizio-buru.
1521eko azaroaren lehen egunetan Molukas uharteetara iritsi ziren. Hura zen espedizioaren xedea, uharte horietara mendebaldeko itsas bideari jarraituz iristea. Trinidad ontzia guztiz txikitua zegoenez gero, bertan utzi behar izan zuten, eta Victoria ontzi bakarrarekin itzulbideari ekin zioten. Itsaso horietan nagusi ziren portugaldarrekin ez topatze arren, oso hegoaldeko ureetatik barna nabigatu ziren, Indiar Ozeanoa zeharkatu zuten eta Afrikara iritsi. 1522ko maiatzaren 19an, Ekaitzen edo Esperantza Oneko lurmuturra gainditu ondoren, Atlantikora pasatu ziren. Uztailaren 1ean, Cabo Verden geldialdi bat egin zuten bertako agintari portugaldarrak engainatuz eta hortik berriz, itzulbideari ekin zioten. 1522ko irailaren 4an Sanlucar de Barramedako portura iritsi ziren. Elkanorekin batera beste hamazazpi gizon gehiago izan ziren itzuli zirenak, horietako hiru euskaldunak: Joan Akurio pilotu bermeotarra, Joan Arratia itsasmutil bilbotarra eta Joan Zubileta morroi barakaldarra.
Espedizioaren helburua lortua zen, eta Ekialdeko Indietarako mendebaldeko bidea zabalik. Sari gisa enperadoreak armarri bat eman zion Elkanori, zeinetan mundu bola baten gainean latinez PRIMUS CIRCUNDEDISTE ME irakur daitekeen, hau da, ITZULIA EMAN DIDAZUN LEHENA.
Elkanoren bigarren bidaia
Espainiarren eta portugaldarren arteko liskarrek etengabean segitu zuten, biek Ekialdeko Indietako produktuen monopolioa bereganatu nahi baitzuten. Hainbat hitzarmen egin zituzten arren, ez zuten deus konpondu, eta azkenean espainiarrek bigarren espedizio bat prestatzeari ekin zioten. Horretarako zazpi ontzi prestatu zituzten Garcia Jofre de Loaisaren agindupean. Horietako lau Portugaleten eginak. Bigarren buruzagi gisa Joan Sebastian Elkano jarri zuten. Berarekin batera, hiru anaia eta koinatu bat eraman zituen. 1525eko uztailaren 24an, La Coruñatik zazpi nao eta 450 gizon mendebalderantz abiatu ziren. Magallaesen pausu estua pasatzerakoan, ekaitz handiek kolpatu zituzten eta Elkanok gidatzen zuen ontzia galdu zuen.
1526ko uztailaren 30ean Loaysa zendu zen, eta ordurako oso eri zen Elkano espedizio-buru izendatu zuten. Bost egun egin zituen kargu horretan, Ozeano Barera iristean hil baitzen, 1526ko abuztuaren 4an. Batzuek diote eskorbutoak jota hil zela, baina Elkanok mutil gisa zeraman Andres Urdaneta gerora kartografo famatua izan zenak idatzi zuenez, barrakuda izeneko arraina jatean gaixotu eta hil egin ziren hainbat gizon. Hipotesi honen arabera, ziguratea gaitzak jota hil omen zen. Gorpuaren aitzinean otoitz egin ondoren, marinelek altxatu eta ozeanoko uretara bota zuten. Itsasoa izan zen euskaldun itsasgizon handiaren hobia.