Jaione Dagdrommer / 2019-12-18 / 287 hitz
Guztiarekin egunean egoteko beharra sentitzen dugu: telesailak, pelikulak, modako lekuak… Beti egon behar dugu zerbait egiten, baina zein dira horren ondorioak?
Lana, ikasketak, emailak, azterketak, bilerak, deiak, epe mugak, azken orduko errepasoak… Gure eguneroko bizitza amaigabeko betebeharrezko josita dago, inoiz bukatzen ez den katea da. Beti dago zerbait gehiago edo zerbait hobea egiteko, beti atera daitezke nota hobeak, lanpostu hobea lortu, diru gehiago irabazi… gehiago izatearen presioa ikaragarria da egungo gizartean.
Klasetik edo bulegotik ateratzen garenean lekuak aldatzen dira baina ez helburuak. Aisialdia lehiatzeko aukera berri bilakatu dugu. Modako telesail guztiak jarraitzeko beharra dugu baztertuak ez sentitzeko lagunarteko elkarrizketetan edo sare sozialetan. Ezin dugu modako pelikula galdu bidaltzen dizkiguten memeak ulertu nahi baditugu. Gainera modako lekuak ezagutu behar dira eta jatetxerik onenak, Instagramera argazkiak igotzeko asko bidaiatu behar dugu… gelditzea ez da aukera bat, beti egon behar dugu zerbait egiten.
Podcast-ak entretenitzeko modu nagusi bilakatzen ari dira. Irrati digitaleko programa hauek Spotify-en entzun daitezke eta gainera abiadura hirukoiztuarekin, denbora gutxiagoan gehiago entzuteko helburuarekin. Berdina eskaintzen du Youtubek azken urteetan bere bideotan. Esanguratsua da hau ohartzeko zer nolako harremana sortzen ari garen gure entretenimendu edo atseden momentuekin: gehiago nahi dugu denbora laburragoan, edukiak pilatu nahi ditugu. Aspertzearen mehatxua beti atezuan baitago eta ezer ez egitea delitu edo bekatu bilakatu da.
Zeren aspertzean ikaratzen gaituzten emozio asko azaldu daitezke, hala nola beldurra, bakardadea, barne konexio eza edo besteekin dugun harremanen kalitate eskasa. Horregatik errefusatzen da ezer ez egitea, zeren ezer egiten ari garen momentuan zer sentitzera iritsi gaitezke? Ahazten duguna da ordea aspertze momentu horietan ideia bikaina ere sortu daitezkeela, gure irudimena eta sormena piztuz. Beraz, ez dezatela beldur irrazionalek gure garuna inbaditu, askotan egin nahi ez ditugun gauzak egitera bultzatzen gaituzte eta. Utzi garunari “aspertzen” eta askatu sormena.