Ane Koskorrotza / 2019-12-18 / 481 hitz
Gaur egun ahoratzen dugun elikagai bakoitzak 5.000 kilometrotako ibilbidea egiten du, batez beste, gure erosketako saskira heldu aurretik. Duela 100 urte inguru, aldiz, datu hori 10 kilometro eskasekoa zen. Argi dago globalizazioak kontsumo ereduak eta ohiturak erabat aldarazi dituela. Izan ere, orain, gura dugun edozein jaki eskuratu dezakegu urte osoan zehar, udaberri zein negua izan. Marrubiak, esaterako, urteko edozein sasoitan saskiratu genitzake. Baina zentzuzkoa eta beharrezkoa al da desira dugun jaki oro eskuragarri izatea sasoia edozein dela ere? Eta bideragarria al da? Bada ez, ezin izan.
Ekonomia eta merkatuaren liberalizazioaren beste ondorioetako bat, sinesgaitza badirudi ere, kanpoko produktuak bertokoak baino merkeago lor ditzakegula da. Kostuak kanporatzearen bidez egiten da hau posible, hots, multinazional handiak ingurumen eta osasun arloan sistema juridiko ahula duten herrialdeez baliatzen dira, ondasun eta zerbitzuen kostu erreala ordaintzea ekiditeko.
Beraz, jaki bakar batek honako ibilbide hau izan dezake bere sorlekutik gure platereraino heldu bitartean: lan baldintza eskasetan, ingurumen kutsadura eta gaixotasunak saihesteko inolako neurririk hartu gabe, 5.000 kilometrotara dagoen herrialde batean ekoitzi; lur, itsaso zein airetik garraiatu, milioika tona CO2 isuriz bidean; jakiari egonkortzaileak, lodigarriak, gelifikatzaileak, antiaglutinatzaileak eta bestelako hainbat gehigarri bota zaporea areagotzeko, testura eta elikagaiaren ezaugarriak mantentzeko eta hondatzea saihesteko; eta azkenik, plastikoetan ontziratu, kontsumitzaileok supermerkatura goazenean erraz eta, azaletik eta gainetik begiratuta behintzat, itxura onean eskuratzeko guk nahi duguna. Mahaian esertzean hau guztia pentsatuko bagenu, tripa-zorriak ere berehala isilduko lirateke.
Ez da bideragarria ez ingurumenarentzat, ezta gizartearentzat ere. Nekazaritza intentsiboan oinarritutako kontsumitzeko modu honek elikagai-, klima- eta krisi-ekologikoa larriagotzen ditu. Eta ezin ahaztu gaitezke baliabide naturalen ustiatzeek eragiten dituzten gatazka sozial larriez, bereziki Hegoaldeko herrialdeetan, Ipar-Hego dikotomiari indarra emanez, “garatutako” eta “garapen bidean” dauden herrialdeen arteko ezberdintasunak areagotzen direlarik. Baina ez hori bakarrik, nekazaritza industrialak baserrien iraupena eta bertoko nekazarien baldintzak zeharo baldintzatzen ditu.
Hala ere, egoera honi aurre egiteko zenbait joera hedatu dira gure jendartean. Gero eta gehiago entzuten dira 0 Km-ko elikagaien inguruko iragarkiak, eta badirudi supermerkatuetan ere bio edo eko eranskindun produktuak modan jarri direla. Baina zein puntutaraino dira egiazkoak, bertakoak eta jasangarriak?
Aditzera eman nahiko nituzke Euskal Herrian ditugun Kontsumo Taldeen ekimenak, Bizkaiko Nekasare eta Gipuzkoako Basherri sareak, kasu, zeinak bertoko nekazariek ekoizten dituzten produktuak merkaturatzeko ordezko ereduak diren, bitartekaririk gabeko salmenta zuzena lehenesten dutenak. Baserritarrek astero beraien produktuez osatutako otzara bat banatzen diete taldeko kideei, hileko kuota baten truke. Nekazaritza ekologikoa, estentsiboa, Genetikoki Eraldatutako Organismorik gabea, Euskal Herriko paisaiaren bereizgarri den baserrietan oinarritua, ekoizpenaren zikloa ixten duena, lan baldintza duinak eskaintzen dituena eta bertoko merkatura zuzenduta dagoen eredu alternatiboa dugu honako hau.
Kontsumo eredu hauei bultzada bat eman beharko lietzaieke, tokian tokiko eta sasoian sasoiko produktuak ekoitzita ingurumena babestu eta aztarna ekologikoa txikitzeaz gain, lehen sektorea berpiztu eta baserri paisaia kontserbatzea bermatzen dugulako. Argi dago zerbait egin beharra dagoela, globalizazioaren atzaparretan eroritako planeta sortzez eder eta aberats honek eztanda egin baino lehen. Aukerak egon badaude, beraz, hel diezaiegun euskal gizarteak eskaintzen dizkigun bideei, eta ireki dezagun nekazaritza burujabe bateranzko atea, baliabideak baditugu eta.