Ane Urrutikoetxea / 2020-01-17 / 250 hitz
Ezin dute ekidin; genetikak zer ikusia ote du?
Txakurrek beste animaliek ez duten ezohiko gaitasuna dute beren jabeak maitatu eta leialtasuna adierazteko. Baldintzarik gabeko amodio istorio hau, baina, ez da egun batetik bestera sortutako harremana; gizakiak duela 15 mila urte etxekotu zituen otsoak, eta urtetako harremana landu ondoren, egungo txakurrak ditugu, maitakorrak, alaiak eta lagunkoiak.
Baina gizakionganako maitasun hori ez da esklusiboa; txakurrek berdin maitatu ditzakete beste espezietako izaki bizidunak. Gakoa, txikitatik elkarrekin heztea da; ardiak, ahuntzak, ahateak, katuak… berdin dio, txakurrek guztiak maitatuko dituzte berdin-berdin.
Maitasunerako ezohiko gaitasun hori nondik datorkie txakurrei? Princeton Unibertsitatean animali hauen burmuina ikertu dute, eta konturatu dira txakur askok nahiago dutela maitasuna janaria baino. Hau da, aukera emanda, lehenago joango direla beren jabeengana haragi pusketa baten aurrean egonda ere.
Ikerlari hauen esanetan, txakurrek badituzte Williams-Beuren sindromearen zantzuak. Anabasa genetiko berezi honek mugarik gabeko maitasun eta leialasuna eragiten du, eta antza denez, txakurrek beren genetikan badute aurretiko jarrera hori. Clive Wynne Arizona Unibertsitateko psikologoa txakurren jokabidean aditua da, eta bere esanetan, animali hauen eboluzioan aldaketa genetikoak gertatu dira ezohiko dohain sozialak garatzea ahalbidetu dutenak: “Txakurrek harreman sendoak eraikitzen dituzte gizakien, baina baita gainontzeko izaki bizidunekin ere, eta bizitza osoan mantentzen dituzte lotura horiek. Gainera, ezezagunekin harremantzeko gaitasun nabarmena dute”.
OTSOAK, EZ HORREN URRUN
Hain zuzen, aste honetan birala bihurtu da Estokolmoko Unibertsitatean otsokumeekin egindako esperimentu bat; orain arte zientzialariek uste zuten otsoak ez zutela txakurrek gizakien keinuak ulertzeko duten gaitasun bera, baina jarraian ikusi dezakezuen bideoak uste hori gezurtatu du; bideoan ikusi daitekeen moduan, otsoek badakite pilotarekin jolasten!