Josean Bueno / 2020-02-01 / 295 hitz
Azken egun hauetan Murtzian VOXek bultzatutako “pin parental” delakoak harrotu ditu hautsak. Zertan datzan azaltzea erraza da: eskola ordutegi barruan jarduera osagarri batzuetan gurasoek erabakitzeko eskubidea izango dute, esango dute beren seme-alabek jarduera horietan parte hartuko duten ala ez. Batez ere genero eta LGTBren inguruko kontuetan egiten diren ekintza hezigarriak daude jomugan. Askok altxatu dute ahotsa “pin” hori kritikatzeko, arrazoi osoz.
Beste adibide lotsagarriak ere badaude: Estatu Batuetan, eta hainbatetan arrakastaz, guraso batzuek presionatu dute eboluzioa zientzia baino besteen arteko teoria moduan azal dakien ikasleei. Azken batean familia horiek defenditzen dutena zera da, beren sineskerak eta ideologia dutela eta eskubidea dutela seme-alabak horietan hezteko. Gurasoek nahi duten hezkuntza erabakitzeko eskubidea, azken batean. Hori da arazo honen muina.
Noski, guraso guztiok saiatzen gara seme-alabak gure baloreetan eta pentsaeraren arabera hezten, naturala da. Beste gauza bat da gurea eta gure gustukoa izatea umeek eta gaztetxoek hartu behar duten eragin bakarra. Kontua da ume horiek aske eta arduratsu garatzeko beste errealitate asko ezagutu beharko lituzketela, beste ahotsak, beste esperientziak, eta horiekin guztiekin aberastu. Eta horixe eskaini behar du eskolak. Eta horregatik gurasoek seme-alaben hezkuntza erabakitzeko eskubidea ezin da eskubide absolutua izan. Beste arrazoi askoren artean ikasleek ere eskubideak dituztelako, eta hezkuntza ahalik eta osoena hartzeko eskubidea dute, familiatik, eskolatik eta gizartean dauden beste hamaika bitartekotik ere bai.
Adin gutxikoak manipulatzeko tentazioari uko egin behar zaio, dotrinatzeko tentazioa baztertu behar da, heziketa ikasleen zerbitzuan jarri nahi badugu. Haiek askatasunez eta arduraz joka dezaten bitartekoak ematea da hezkuntza. Eta horretarako izpiritu eta gaitasun kritikoa garatu behar da haiengan, hori behar dute errealitatea begi kritikoz aztertzeko eta beren erabaki eta apustuak ganoraz eta kontzientziaz egiteko. Hori da eskolaren funtzio nagusienetako bat.
Hezkuntza ez da gurasoentzako zerbitzua, ikasleentzakoa baizik. Eta horrexegatik umeek eta gazteek behar dutena ezin dute soilik definitu beren gurasoek.