Maria Ángeles Fernández / 2020-03-22 / 662 hitz
María Ángeles Fernández kazetariak “Las casas de nuestros privilegios” artikulua idatzi du Pikara Magazine hedabidean. Berrogeialdia aise igarotzeko modua duen jendea kexaka entzun eta egiaz etxealdia gogorra egingo zaienak ekarri ditu gogora kazetariak, hala nola, 20 metro koadroko etxeetan bizi direnak, indarkeria matxista etxean jasaten dutenak eta berrogeialdirik gabe ere etxean lana egiten duten etxekoandreak eta etxeko langileak. Ondoko lerroetan duzue artikulua euskarara ekarria:
Berrogeialdia egiteak pagotxa irudi dezake, baina askorentzat, zalantzarik gabe prekarioenak direnentzat, miseria eta nahigabea esan nahi du etxealdiak. Hitz egin dezagun isolamenduaren baldintza materialez.
Etxean gelditzea ez da gauza bera denontzat. Ezta estatu alarmarik ez dagoenean ere. Askorentzat etxean gelditzeak esan nahi du lan egitea: freelance kazetariak, etxeko langileak, etxekoandreak, amak, zaharrak eta umeak soldatarik gabe zaintzen dituztenak… Alegia, orain arte etxean egin baduzu lan etxealdian egotea ohikoa zaizu, baina ez aireztatzeak buruko osasunean eragin diezazuke. Zeren, jakina, edonork ez dauka balkoia edo terraza.
Etxean gelditzea ez da gauza bera denontzat, zeren etxepeak ez dira beti etxe eta toki seguru. Euria egiten duenean ez bustitzeko balio dizun aterpea da, eta ohea, erdizka atseden hartzeko. Etxean gelditzea ez da gauza bera denontzat, zeren sexu eraso asko etxekoek eragiten dituzte eta indarkeria matxistaren zati handi bat etxebizitzako lau hormen artean gertatzen da. Etxean gelditzea ez da gauza bera denontzat, zeren etxe guztiak ez dira berdinak.
Sare sozialak bete-betean ari diren honetan, etxean gelditzea ez datorkiela ondo esan dutenak kritikatu dituzten mezuak ugariak izan dira. Zergatik kexatu, internet, Netflix, liburuak, kontsolak eta ez dakit zenbat gauza gehiago baldin badauzkagu. Zergatik kexatu, senideekin baldin bazaude. Ez dela hain zaila, alegia. Gure zilborrari begiratzeari uzten diogun egunean eta enpatia garatzen dugunean, agian gauzak hobeto egingo ditugu, eta armada kalera atera beharrik ez da egongo.
Haserretik idazten ari naizela pentsa dezakezue; ez, harrituta nago, konturatu bainaiz jende asko bizi dela errealitatetik urrun, eta distopia bat bizi dugu!
Internet ez dauka edonork etxean: ez naiz xehetasunetan hasiko, baina gogoratu ditzagun zaharrak. Beraz, edonork ez dauka Netflix edo antzeko plataformarik, eta ez dute kontsolarik erabiliko (ez dakit gaur egun nola deitzen zaien ere). Jende askok ez dauka libururik etxean. Zein familiatan jaio edo hazi diren, bestelako kultura bat izan dute, eta irakurtzeko ohiturarik ez dute izan. Badakit hau moduko hedabideak kontsumitzen dituenak irakurtzeko interes maila bat izaten duela, baina jende askok ez du “Pikara” irakurtzen, ezta bestelako hedabide idatzirik ere. Jende askok ez du irakurtzen eta ez daukate libururik etxean.
Etxean gelditzea ez da gauza bera denontzat. Adibide gehiago: etxea partekatzen duten lagunak ditut (hau da, haien etxea logela da) eta ataria duten txaletean bizi dira beste lagun batzuk. Bada, zer nahi duzue esatea, etxean egotea ez da gauza bera denontzat. Leihoak barruko patiora ematen duen 20 metro koadroko etxeak daude eta gonbidatuentzako gelak dituzten etxetzarrak daude, zeinak hegoaldera ematen duten kantoietan beirateak dituzten eguzkia sar dadin. Etxe batzuetan kanpinera eramaten diren neurriko hozkailuak daude (esango didazu non gordeko duten janaria) eta beste batzuek arkoiak dituzte (pluralean diot zeren dirudienez egun hauetan halako asko saldu dira). Arkoiek munduaren akabera iritsi arteko janaria gordetzeko tokia daukate. Igerilekua duten etxeak badira, beste batzuek ez dute bidetik ere.
Eta bukatzeko: batzuk bakarrik bizi dira; beste batzuek familia urruti daukate; beste batzuk pertsona bortitzekin edo haien erasotzaile direnekin bizi dira; badira mendekotasun maila handia duten pertsonekin bizi direnak, zeinak buru neke ikaragarria eragiten duten; batzuk umeekin bizi dira, zeinak ez duten ulertzen zergatik ezin den kalera atera; gaixoekin bizi direnak ere badira; batzuek tratu ona ez daukaten batekin partekatzen dute etxea; batzuk zahar egoitzetan bizi dira, beste batzuk adin txikikoen zentroetan bizi dira; beste batzuk harrera etxeetan; txaboletan; prostituzioan; kotxean, psikiatrikoan, jauntxoaren lursailetan; kalean. Bai, bai, nola geratuko zara bada etxean, zure etxea kalea bada? Agian, azken adibide horietarako aditz egokiagoa beste bat da. Bada nekez bizi den jendea, bada bizirik irauten duen jendea.
Etxean gelditzea ez da gauza bera denontzat, eta ia beti, zure poltsikoaren edo zure familiaren poltsikoaren araberakoa izango da. Utz diezaiogun gure zilborrari begiratzeari eta zer edo zeren neurria garela pentsatzeari, zeren ziurrenik gure pribilegioen neurria gara.
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.