Ainhoa Larretxea Agirre / 2020-03-31 / 643 hitz
Urtebeterako joan zen Sanz Dubaira, baina pozik da, eta, okerrik ezean, bertze hiru urte emanen ditu han. Atzerrian bizitzen emandako denboran munduak hesirik ez duela ikasi du.
Emirates Airline konpainiako hegazkin laguntzailea da June Sanz (Zizur Nagusia, Nafarroa, 1996), eta munduko leku batetik bertzera darama azken urtea. Iaz joan zen Dubaira lanera (Arabiar Emirerri Batuak), eta geroztik bertan bizi da, bikotekidearekin batera. Dubaira joan aitzinetik, Suedian eta Txinan ere bizi izan da.
Nolatan joan zinen Dubaira?
Ikasketak amaitu eta praktikak egin nituen Iruñean. Gustuko dut ikasitakoa [Ekonomiako gradua], baina ez nuen neure burua horrelako lan batean irudikatzen 23 urterekin. Bertze zerbait probatu nahi nuen. Bizitzaz gozatzen eta bidaiatzen utziko zidan lan bat bilatu nahi nuen.
Zergatik aukeratu zenuen Dubai?
Nire bikotekidea han bizi da, eta oporretan izan nintzen han. Orduan ezagutu nituen hango lan aukerak. Dena nahiko ausaz izan da.
Nolakoa da zure bizitza han?
Ez dut errutinarik. Hilabete hasieran erraten digute zein izango diren gure hegaldiak. Egun batean gauez izan dezakezu, hurrengoan goizez. Jaiegunak ere ez ditugu beti berdinak izaten. Dubain nagoenean, ohiko bizitza egiten dut: gimnasiora joan, deskantsatu… Lanetik hagitz nekatua etortzen naiz, eta deskantsatzeko aprobetxatzen dut.
Nola daramazu etengabe ordu aldaketekin bizi beharra?
Pixka bat eromena da. Erabat debekatua dugu lo egiteko pilulak hartzea, horrek lanean eragin dezakeelako. Edozein unetan egin diezagukete alkohol eta droga testa, eta lo egiteko eta lasaitzeko pilulak droga gisa hartzen dituzte. Neure buruarekin harrituta nago; inoiz lan egin gabe nengoen gauez, eta ongi egokitu naiz. Saiatzen naiz logale naizen aldiro lo ez egiten, eta nagoen herrialdeko ordutegira ohitzen.
Anitz bidaiatzen duzu, baina apenas duzun denborarik tokiak ezagutzeko. Nola daramazu hori?
Hurbil dauden lekuetara joaten banaiz, 24 ordu ematen ditut han; urrutiago dauden lekuetan 48 ordu. Nahiz eta 24 ordu bakarrik izan, ez duzu oporretan joaten zarenean duzun behar hori dena ikusteko. Nire kasuan, leku batera joan, eta litekeena da berriz ere leku horretara itzultzea. Ordu gutxi dira, baina gauza anitz egiteko astia duzu.
Nolakoa da gizartea Dubain?
Dubai ez da Arabiako bertze hiriak bezalakoa; hagitzez nazioartekoagoa da, munduari irekitako hiri bat. Biztanleen %80 dira atzerritarrak.
Arau zorrotzak daude?
Egia da bertzelako arau batzuk errespetatu behar dituzula, baina nahiko arau zentzuzkoak dira.
Seguru sentitzen zara han?
Hagitz leku segurua da; gauez lasai ibil zaitezke edozein lekutan: ez zaizu ezer gertatzen. Legeak, gainera, Espainian baino zorrotzagoak dira. Gidatzeko alkohol tasa zero da, ez dute gramorik ere onartzen, eta kalean edatea ere debekatua dago: mozkorra egoteagatik atxilotu zaitzakete.
Gizartea irekia da?
Guk zortea dugu ezkonduta ez egonagatik batera bizi ahal garelako, horrekin zorrotzak baitira. Hala ere, zorrotzak dira nahi dutenerako, diruarekin dena erosten ahal delako. Arabiar Emirerriak hagitz ezberdinak dira beren artean. Saudi Arabia hagitz itxia da, eta Abu Dabhi eta Dubai, aldiz, irekiagoak.
Eta klimarekin zer moduz?
Azarotik apirilera arte nahiko ongi jasan daiteke. Maiatzetik irailera egiten du bero gehien. Euskal Herrian, negua denean eta txarra denean egon behar duzu etxean; hemen, alderantziz da. Negua da planak egiteko eta hondartzara joateko unea. Udan, beroa jasangaitza da, eta itzaletan ere ezin da egon.
Nolako eragina izan du koronabirusak Dubain?
Oraindik ez dute konfinamendurik ezarri, baina uste dut datorren egunetan ezarriko dutela. Ortzegunean nuen hurrengo hegaldia, baina enpresak hegaldi denak eten ditu.
Noiz arte geldituko zara han?
Nire asmoa urtebete geratzea zen. Argi dut ikasitako horretan lan egin nahi dudala, eta etxera edo, behintzat, etxetik hurbilago itzuli nahi dudala. Baina egia da hemen hagitz gustura nagoela, eta urtebete hagitz agudo pasatzen dela. Kontent nagoenez, gehiago gelditzea erabaki dut: hiru urteko lan kontratua dut.
Zer ikasi duzu atzerrian emandako denboran?
Nire kabuz bizitzen ikasi dut, egunerokoan etxean egin beharreko gauzak egiten, bizi naizen lekuko ohituretara ohitzen. Mundua bat dela ikasi dut, jendea kanpoan ez dela hain ezberdina, egokitu zaitezkeela eta lagunak egin ditzakezula. Munduak ez duela hesirik ikasi dut, jende guztia onartzen. Ikasi dut etxera itzultzen bainaiz kanpotik doan jendea bere etxean bezala sentitu dadin lan egingo dudala. Hemen mundu guztiak besoak zabalik hartu nau.