Iker Tubia / 2020-03-01 / 1370 hitz
Altsasuko tradizioek lotura estua dute Lopez de Goikoetxearekin. Askotan Enrique Zelaiarekin batera, herri kultura berpiztu du Altsasun. Hasieran alkate frankisten oztopoak gaindituz, orain herritarren babesarekin. Harro dago egindako lanaz.
Saltsa guzien perrexila, besta eta tradizioen zaindaria. Halakoa da Luis Mari Lopez de Goikoetxea (Altsasu, Nafarroa, 1947). Santa Agedako zortzikoaren irakasle izan zen berrogei urtez, eta gaur egun herrian oso erroturik dauden tradizioen berreskuratzaile eta sustatzaile izan da; esaterako, momotxorroen inauteriak sugarretatik berpiztu zituen. Zubeztia elkartean izan da hitzordua, garai bateko Altsasuko azoka gogora ekartzen duen argazkiaren itzalpean. Harro kontatu ditu egun hain errotuak diren tradizioen nondik norakoak. Xehetasun guziekin: «Zortziko batean 168 aldiz altxatzen da hanka. Hogei minutu dantzan!».
Nondik heldu zitzaizun tradizioak berreskuratzeko gogoa?
Lehenbizi zintzarrotsari ekin genion. Enrique Zelaia eta biok bultzatu genuen, 1976an. Bere garaian jendea erregeen bila ateratzen zen joareekin: mendira joan eta itzultzen ziren. Hortik atera genuen. Zintzarrotsa Iruñeko babaren erregearen antzekoa da.
Txikitan zintzarrotsa egiten zenuten?
Bai, jendea joareekin joaten zen mendira. Baina librea zen, bat-batekoa. Garai hartan denek genituen joareak etxean.
Zintzarrotsarekin hasi zinetenean, galdurik zegoen?
Galtzen hasia zen, eta hori bultzatu nahi izan genuen. Erloju dendakoak ematen zizkigun joareak. Aurten itxiko du; beraz, heldu den urtean beste toki batean bilatu beharko ditugu. Opil bat banatzen da, eta barnean zintzarritxo bat du. Tokatzen zaiona izanen da erregea. Narrua eta hamabi joare jartzen zaizkio —hilabeteko bat—, eta buruzagi gorostia.
Santa Agedako zortzikoaren irakasle gisa ezagutzen zaituzte askok. Ez da harritzekoa, berrogei urtez aritu baitzara horretan.
Duela 11 urte utzi behar izan nuen, gaixotu bainintzen. Nirekin ikasitakoek hartu zuten lekukoa. Orain, babesten ditut, eta hor inguruan jarraitzen dut. Beti behar da zerbait eta…
Nola gogoratzen duzu zure kintoen Santa Ageda?
Bestarik onena hori da. Altsasuar guziak daude nagusi egiteko esperoan Santa Ageda egiteko. Bizitzan behin egiten den zerbait da. Lehen, 20 urterekin egiten genuen; orain, 17rekin. Bada alde handia adinarekin: gu lanean ginen ordurako, eta sakelan bagenuen zerbait ere. Orain, ikasten ari dira. Baina bestak berdin jarraitzen du, aldatu gabe.
Bizitzan behin ospatzen delako da erakargarria?
Eta herriaren jabe zarelako. Herritar guziek ematen dizute zerbait, krisia badago ere; izan ere, denak pasatu gara hortik.
Santa Ageda ospatu eta hurrengo urtean soldaduska zenuten. Hori ez zen hain ona?
Bai, soldaduska, gizon egin gintezen [irri egin du]. Niri Iruñean tokatu zitzaidan; beraz, etxean. 30 egun lehenago bidali ninduten etxera, eta kontent. Santa Agedako zozketarako herrian nintzen, eta zortziko irakasle jarri ninduten. Pentsa, ia nire kintakoak ziren, urte bat gutxiago zuten. Uste nuen ez zidatela kasurik eginen.
Ongi atera zen?
Bai, bai. Kasu egin zidaten. Ez zuten beste aukerarik.
Besta bezain garrantzitsua da zortzikoa?
Ongi dantzatu behar da, eta denek egin behar dute, 50 edo 60 badira ere. Ni ordurako dantzari nenbilen, baina 9 urtetatik aritu naiz dantzan. Egia esan, plaza zen eskolarik onena. Toki guzietan bezala, plaza publikoan denetarik ikasten genuen: jota, porrusalda… eta bihurrikerietan eta denetarik. Plaza da dagoen eskolarik onena, baita ardoa edaten ikasteko ere.
Orain emakumeak ere aritzen dira dantzan. Noiztik?
Iruñera gaixo eraman ninduten urtean, Juan Cruz Bengoetxeak esan zidan ea zergatik ez ziren neskak ere aritzen. Ordurako pentsatua nuen bai, aritu beharko luketela, soldaduska dagoeneko ez zelako egiten. Intsumisoek soldaduska ez zuten egiten, baina Santa Ageda bai, e? Gainera, neskak gogotsu zeuden. Ez bazen soldaduskarik, denak berdin. Eta ez zen deus ere pasatu. Zaharrenetakoren batek esan zuen emakumeak denean sartzen zirela, baina kasurik ez. Gainera, mutikoek baino hobeki dantzatzen dute eta! Orain, nire ikasle izandako bi neskak erakusten dute zortzikoa.
Nola hasi zineten Altsasun dantza kontuekin eta?
Gure Etxearekin. Garai hartan, alkateak beste aldekoak ziren [frankistak]. Gure Etxea elkartea ireki eta hasi ginen txistuarekin, dantzekin, mendi taldearekin… Denean aritzen ginen gu. Ikastola bat ere sortu genuen, eta berrogei lagun inguru joaten ginen. Hemen jendeak ez zekien euskaraz; nire aitak bai, urdiaindarra zelako, baina amak batere ez. Debekaturik zegoen. Hasi ginen ere ikurrinarekin-eta; beraz, alkatea amorraturik zegoen gurekin. Mailasto deitzen genuen alkatea. Irakaslea aita Julian kaputxinoa zen. Alkateak eskola itxi eta bidali gintuen. Gure Etxea ixten ere saiatu zen, baina ez zuen lortu.
Arazo handiak zenituzten alkatearekin, beraz?
Ezin genuen deus ere egin; berehala bidaltzen ziguten Guardia Zibila. Ni Iruñera eraman izan naute 03:00etan, deus egin gabe. Mendira joaten ginen bakoitzean kuartelera jo behar genuen nora joaten ginen esatera. Beste toki batzuetan hori ez zen gertatzen. Hori alkatearengatik zen; falangista hutsa zen.
Oztopoak oztopo, aurrera egin zenuten. Zer giro zenuten herrian?
Jendea asko mugitzen zen. Herri guziak arretaz jarraitzen zituen dantzariak, ea noiz ateratzen ginen plazara. Zortea izan genuen Alegiako [Gipuzkoa] Tomas Iraolarekin eta Jesus Mari Garaterekin elkartu ginelako. Larunbatetan etortzen ziren dantzan irakastera. Horrela ikasi genituen Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzak. Gero, hemengoak ere bai: Olatzagutia, Ziordia, Bakaikoa…
Enrique Zelaiarekin asko ibilia zara zu. Zer egiten zenuten?
Lau bikote joaten ginen berarekin batera. Jota, porrusalda, Gipuzkoako dantzak, Zuberoako dantzak, banangoa, binangoa, Amaia ezpata dantza eta aurreskua egiten genituen. Altsasun hasi ginen, eta gero hasi ginen kanpora ateratzen, Enrique Zelaiarekin. Ordurako munduko txapelduna zen akordeoiarekin. Nagikeria bolada bat izan zuen, eta garai hartan hasi zen gurekin batera jotzen.
Nora joaten zineten?
Edonora: Kanbora, Donibane Garazira, Bidarraira… Ni hamabi urtez ibili nintzen harekin dantzan. Hemen inguruko bestetan ere aritu ginen: Zangozan, Irunberrin. Urte oso onak izan ziren, eta gozatu genituen.
Dantzan beti gozatzen baita.
Hala da, bai. Niretzat, dantza dena da. Barnean daramagu. Batzuek diote andaluziarrek hobeki egiten dutela… Tira, bakoitzak berea du.
Orain aritzen zara dantzan?
Ez, ezin dut. Dantza egiteagatik oinak makurturik ditut.
Altsasuko inauteriak berreskuratzen ere ibili zinen. Ezagutzen zenituen txikitan?
Ez, ez genituen ezagutu, debekaturik zeudelako. Oso arriskutsuak ziren. Jantzi egiten ziren, eta, mozorroa aprobetxatuz, batak bestea garbitzen zuen, beren arteko arazoak kitatzeko. Inauterien gaia atera zenean, jende zaharrarengana jo genuen. «Berriz? Berriz ere hasiko gara honekin?», esaten ziguten. Beldur ziren, noski.
Zer zenekiten inauteriei buruz?
Bagenekien narruekin ateratzen zirela. Jose Maria Jimeno Juriok gaia dezente landu zuen, baita Juan Antonio Urbeltzek ere. Enrique Zelaiaren bidez haiekin harremana izan genuen. Adarrak, odola… gutxika joan ginen osatzen. Galdakaoko Andra Mari taldea hemen izan zen inauteria erakusten; akelarre moduko bat egin zuten. Horrek bultzada eman zigun, eta ideiak argitu.
Nolakoak izan ziren lehen momotxorroak?
Saskiekin gora eta behera ibili ziren. Lehenbiziko urtean, Telleriak ekarri zituen saski pila bat. Ni arduratzen nintzen harategian odola hartzeaz eta Zelandira eramateaz, han janzten baikara. Inauteriak hemendik kanpo egiten genituenean, odola non lortu zen gure kezka nagusia.
Nola bizi izan zuten herritarrek lehenbiziko urte hura?
Mundu guzia horren esperoan zegoen. Egin ondoren, zaharrei galdetu genien, eta pozez zoratzen zeuden.
Harrigarria da denbora gutxian zenbat errotu litekeen galdutako tradizio bat, ezta?
Hirugarren urterako denek zuten inauteria buruan astebete lehenago. Kalean jendea narruekin, saskiekin eta adarrekin ibiltzen zen gora eta behera. Pertsonaiak ere bazeuden: bataioa, apaiza, sakristaua, sorginak, maskaritak… Ez genuen jende faltarik izan, dantza taldean 30 lagun inguru baitziren, eta ingurukoekin, erraz ateratzen genuen.
Zein izan da gakoa inauteriak hainbeste errotzeko?
Ez dugula inoiz utzi, eta beti gaudela inauteriekin adi-adi.
Hasieratik egin izan duzue momotxorroen dantza?
Hasieran ez. Egun batean, Gasteizen ibili ginen dantzan Enrique Zelaiarekin. Autoan bueltan, 03:00etan, Enriquek esan zidan dantzarako melodia prest zuela [melodia kantatzen hasi da]. Zortzikoaren antzekoa zen; beraz, dantza horren urratsak erabili genituen. Gasteiztik buelta ez dut ahantziko: Enriquek kantatu ahala mugitzen zuen bolantea alde batera eta bestera. Oihu egin nion: «Talka eginen dugu!». Eta horrela hasi zen kontua.
Inauteriekin ez duzue arazorik izan berreskuratu zenituztenetik?
Hasieran, sardea hanka artean sartzen zizuten. Gero, dantza egiterakoan, erabaki genuen sardea gora jarrita eman behar zirela itzuliak. Gauza horiek pixkanaka ikasi genituen. Zelandin, kalejiran atera aurretik, beti gogorarazten diet: «Kasu sardearekin!».
Momotxorro atera zara inoiz?
Behin bakarrik, eta Elizondoko Baztandarren Biltzarrean. Ni beti agintzen aritu naiz, hori zen nire egitekoa. Gauza asko daude, eta ardura hartu behar da. Orain, badakigu nola atera behar garen pertsonaia guziak ongi ikus daitezen, eta gauzak errazagoak dira. Baina beti ez da hala izan.
Inauteriek zentzurik badute oraindik ere Altsasun?
Bai, bai. Hemen, mundu guziak asko bizi ditu. Inguruko herrietako jendea ere etortzen da, eta plaza mukuru betetzen da. Hemen, gauean, dena jendez lepo dago. Jende askok asko bizi du.
Gazteek lekukoa hartu dutela ikusirik, nola sentitzen zarete?
Urtero ikusten dugu dena ongi ateratzen dela, eta orduan pentsatzen duzu merezi izan duela. Beti harro sentitu gara. Ze ongi ateratzen den urtero, ez da arazorik, eta denak kontent. Dena den, onena, momotxorroena bukatuta, hurrengo eguneko afaria da. Hori da onena, dudarik gabe.
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.