Edurne Elizondo / 2020-05-22 / 578 hitz
Datu hutsak izen bilakatzeko. Helburu horrekin osatu du Nafarroako Memoriaren Institutuak nazien kontzentrazio esparruetan itxi zituzten nafarren behin-behineko errolda. Oraingoz, berrogeita hemezortzi daude zerrendan, hiru arlotan sailkatuta: hildakoena eta desagertuena da lehena; ihes egitea lortu zutenena bigarrena; eta askatu zituztenena, berriz, azkena. Institutuko arduradunek beren webgunean jarri dute informazioa, herritarren esku. Hutsune anitz bete dituzte, eta oraindik daudenak betetzen segitu nahi dute, behin betiko zerrenda osatzea lortu arte.
Izan ere, behartutako erbestera joan, eta historiak isiltasunera kondenatu ditu 1936ko gerrak etxetik botatakoak, neurri handi batean. Altxamenduarekin batera hasi zen mugaz bertzalderako bidea nafar anitzentzat. Nafarroako Gobernuaren arabera, bostehun inguru ailegatu ziren Frantziako administrazioaren menpeko lurretara: gerratik ihes egin, eta kontzentrazio esparruen errealitate gordinarekin egin zuten topo, ordea.
Gursekoa (Okzitania) izan zen nabarmenenetako bat: 1939tik 1945era egon zen zabalik, eta 1936ko gerratik ihesi joandako 6.000 euskal herritar pasatu ziren handik. Frantziak errefuxiatu gisa hartu zituen, baina baldintza gogorrak pairatu zituzten, batez ere herri hori alemaniarren esku gelditu zenean.
Naziek hartu zituzten lehendabizi, eta ahanzturak gero. Horregatik, “benetako memoria historikoa” egiteko, izenekin batera izanak ere oroitzeko eta erdigunean jartzeko beharra nabarmendu du Victor Moreno irakasle eta idazleak. Alesbeskoa da, eta herri horretako lau herritar izan ziren Gurseko kontzentrazio esparruan; bosgarren bat ere bai Mauthausenekoan. “Herritarren gehiengoak, ordea, ez du horren berririk; ez daki deus herrikide horiekin gertatu zenari buruz. Tristea da hori erratea, baina errealitatea hori da”. Memoriarik gabe, ez da justiziarik, eta justizia zerrenda bat osatzea baino anitzez ere gehiago da, Morenoren hitzetan.
Hilaren hasieran, Mauthausen askatu zuteneko 75. urteurrena bete zen. 1945eko maiatzaren 5ean sartu ziren Ameriketako Estatu Batuetako soldaduak kontzentrazio esparruan. Naziek 1938an eraiki zuten, Austriako Mauthausen eta Gusen herrien ondoan. Han izan zen Morenoren herrikide Carlos Alonso Burgi.
1898. urtean sortu zen Alonso, Alesbesen, eta maisu izan zen, bai eta alderdi komunistako kide ere. 1940. urtean atxilotu zuten naziek, eta bost urtez izan zen Mauthausengo esparruan, 1945eko maiatzaren 5ean askatu zuten arte. Carlos Alonso Burgirena da Nafarroako Gobernuak osatutako erroldan agertzen diren izenetako bat.
“1960ko hamarkadan, herrira itzuli zen. Frantseseko eskolak ematen zituen, eta harro sentitzen zen, inoiz ez zuelako hezkuntza sistema frankistarekin bat egin. 1975. urtean zendu zen. Geroztik, herriko udal talde bakar bat ere ez da gai izan haren eta bertze presoen aldeko omenaldirik egiteko”, salatu du Morenok.
Alesbestik Gursera
Gursen izan ziren Alesbesko herritarren berri eman du Victor Morenok: Cristobal Adrian Murugarren, Luis Martinez Joaquit, Casimiro Perez Nanclares eta Santiago Belasko Marcilla izan ziren. “Indarrez eraman zituzten militarrek, baina ihes egin zuten, Errepublikaren alde borrokatzeko. Katalunian ziren faxistek hartu zutenean”.
Cristobal Adrian Murugarrenen anaia Francisco 1936. urtean fusilatu zuten. Alesbeskoa Frantzian harrapatu zuten naziek, eta hainbat kontzentrazio esparrutan izan zen, 1945ean askatu arte. Casimiro Perez Nanclares Gursen zegoen esparrua askatu zutenean. Handik Mexikora joan zen, eta han hil zen, 2002. urtean. Luis Martinez Joaquit bi urte lehenago zendu zen, 2000n. UGTko kide izan zen; haren anaia Francisco 1936an fusilatu zuten. Santiago Velasco Marcilla ere UGTko kide izan zen. Preso hartu zutenean, Gursera eraman zuten. Han izan zen 1939tik 1945era.
Nafarroako Memoriaren Institutuak martxan jarri duen erroldak agiriak eta argazkiak jaso ditu izenekin batera. Gobernuko arduradunek memoria historikoaren arloan ari diren elkarteen laguntza eskertu eta nabarmendu dute, hain zuzen ere, haien ahaleginak lortu duelako, kasu anitzetan, galdutako dokumentuak berriz agertzea.
Gobernuak egindako erroldan agertzen diren izenetako bat da Victor Garcia-Serrano Retegirena; argazkia ere jaso du webguneak. Beratarra zen, eta Neuengammeko kontzentrazio esparruan desagertu zen (Hanburgo, Alemania). Beran, udalaren aitortza jaso dute II. Mundu Gerrako herriko biktimek. Gutxienez hamasei herritar izan ziren kontzentrazio esparrutan. Isidoro Fagoaga tenor ezaguna ere Gursen izan zen.