Blanca Urgell / 2020-05-27 / 235 hitz
Zertaz idatziko eta K letrari buruz, eskapismo pixka bat egitearren, zure baimenarekin, irakurle. Orain gure artean euskararekin, esan gabe doa, eta idazkera alternatiboekin lotzen da nagusiki, baina ezer ere ez da hain sinplea.
Nik euskaraz nola sartu zen kontatu nahi nuen, eta Leizarragaz (1571), Duhaldez (1783), Juan Bautista Erroz (1806), Añibarroz eta Euskal-Erria aldizkariaz hitz egin, baina, horrelakoetan nenbilela, ustez ustekabean gauza jakingarri batzuk ikasi ditudanez, ezin golkoan gorde.
K letra Errenazimentutik aldeztu zuten ortografia arrazionala nahi zutenek; besteak beste, Gonzalo Korreasek bere Ortografia kastellana-n (1624). Gaztelaniaz, ordea, halako berrikuntzak gaizki ikusiak izan dira ordutik, eta gutxi egin zuen Espainiako akademiak, ez bazuen alfabetotik deserritu.
XX. mendearen hasieran, ordea, Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezberdintasunaren ikur bihurtu omen zen, alemanagatik (Kultur, Kaiser). Handik omen datorkio letra honi funtzio subertsiboaren lehen karga: karlistas Marx-enak baitziren, izan. Aiei! Deabrua aipatu dut. Luz católica astekariak (1901) San Anselmoren iragarpena gogoratu zuen: zibilizazio kristaua K letra Erromara heltzean amaituko da. Aldi berean, K letra militarismo germaniarraren ikur bihurtuko da, etsaiak beste lagun eginik.
Espainian aurkakotasuna areagotuz baino ezin zitekeen joan, hiru deabru batu baitziren haren inguruan: On Karl-en karlistak (etorkizunaren ironiak dira hauek), eliza katolikoa eraitsi nahi zutenak eta, nola ez, Arana Goiri. Ez da zaila asmatzen hiru ezinikusi horietatik datorrela, zuzen-zuzenean, erabilera punk eta antisistema.
Poliki kontatzen du hori Juan Francisco Fuentes irakasleak, Usos ideológicos de la letra K en la España contemporánea izeneko artikulu zoragarrian: bilatu sarean, jakin-mina piztu badizu. Osasuna.