Peru Azpillaga / 2020-06-10 / 569 hitz
Urkiza sukaldari lanetan dabil Grand Hotel Oslon. «Etxean» gauzak ez zituenez erraz, atzerrira abiatu zen, lan egiteko asmoz.
Ikasteko nahia, mundua ikusteko grina eta lan baldintza egokiak. Hiru gauza horiek bultzatuta, atzerrira abiatu zen Aitor Urkiza (Galdakao, Bizkaia, 1993). Lagun baten gomendioak Osloko hotel famatu baten sukaldera eraman zuen. Pozik bizi da han, baina aitortu du ez dela erraza izan hango bizimodura ohitzea. Kultura eta klima izan dira horren erantzule nagusiak.
Lanera joan zinen atzerrira. Zergatik hautatu zenuen Norvegia?
Orain dela bi urte erabaki nuen Euskal Herritik irteteko garaia zela. Hortik kanpo zer zegoen ikusteko gogoa nuen. Etxean ere ez nuen lan egiteko aukera handirik, eta atzerrian saiatzea erabaki nuen. Nire lehenengo aukera Asiako herrialderen batera joatea zen. Mila aldiz egon naiz han oporretan, eta benetan atsegin dut hango bizimodua. Hala ere, ez zitzaidan ezer atera, eta, horregatik, lagun batek Osloko bost izarreko hotel batean langile bila zebiltzala esan zidanean, hara joatea erabaki nuen: curriculumerako balioko zidan, eta lan baldintza onetan ikasteko aukera izango nuen. Urte eta erdi daramat hemen, eta jada esperientzia hau amaitzen ari delakoan nago.
Bete al da hara joan aurretik Norvegiaren inguruan zeneukan ideia?
Erdizka. Oro har, Eskandinaviako herrialdeen inguruan ideia bera dugu beti: lehenengo mundua direla, eta bertan punta-puntakoa dela dena; perfektua. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Egia da lan baldintzak, esaterako, hobeak direla. Baina, adibidez, drogekin sekulako arazoak dituzte. Neguak gogorrak eta luzeak dira, eta depresio tasa oso altuak daude. Horrek ekarri du gizartean alkoholismo eta droga menpekotasun handia egotea. Gogorra da kaletik joatea eta jendea ziztatzen ikustea, esaterako, inork inongo kasurik egin gabe.
Kulturalki ere talka nahiko handia da, ezta?
Hala da; heldu nintzenean mania pixka bat ere hartu nien norvegiarrei. Oso hotzak dira, benetan itxiak, eta bakoitza bere kontura doa; ez dute albokoaren bizitzarekiko inolako interesik. Hori gogorra egin zitzaidan hasieran, baina bueno, denborarekin jende jatorra dela ikusi dut, eta estimua hartu diet.
Hobeak dira benetan hango lan baldintzak?
Azkenean, nik uste dut sukalde batean lan egitea berdina dela edonon. Egia da, hala ere, hemen astiroago egiten duzula lan; lehenengo aldia da nire bizitzan nagusia etorri eta kafe bat hartzeko edota atseden bat egiteko esaten didala. Alde horretatik oso ezberdina da. Gero soldatak ere altuak dira, baina hemengo bizimodua oso garestia delako; beraz, alderdi horri erreparatuz gero, nahiko antzekoa da.
Nolakoa da Norvegiako bizimodua?
Erabat desberdina da. Askoz denbora gehiago ematen dute etxean, eta horretara ohitu behar izan dut. Kirol pila bat egiten duzu, horretaz aparte ez dagoelako zeregin handirik. Gero, Oslo, hiriburua izateko, oso hiri txikia da. Nik Bilborekin alderatzen dut. Itsasoa du alde batean, eta mendiak bestean. Hori bai, kulturalki oso hiri aberatsa da, hiriburu handiak bezala.
Zenbateko eragina du klimak hango bizimoduan?
Neguan dena dago ilun; orduan, ez duzu ezer ere egiten. Ni iazko urtarrilean heldu nintzen, eta ez zitzaidan hain gogorra egin, egunak luzatzen ari zirelako. Aurten, ordea, negu osoa bizi izan dut, eta egia da luzea egiten dela. Geroz eta eguzki ordu gutxiago daudela ikusten duzu, eta aldartea ere aldatzen zaizu. Triste zaude, goibel… arraroa da. Udan ez. Uda erabat desberdina da; kalean zaude etengabe. Baina neguan etxetik ateratzeko esfortzua egin behar duzu; zure burua behartu.
Zenbateko eragina izan du osasun krisiak han?
Hemen ez da egon konfinamendurik. Beti izan gara libre kanpora irteteko. Hala ere, gobernuak kontakturik ez izateko agindu zuen, etxean geratzeko eta jendearekin ez batzeko. Eta hemen zurrun betetzen dute gobernuak esaten duen guztia. Dena den, berez jada hotzak direnez, bada, ez da gehiegi nabaritu.