Karmele Jaio / 2020-06-19 / 413 hitz
Ia hiru hilabetez elkar ikusi gabe, azkenean zita eman didate zaharren egoitzan ama ikusteko. Tenperatura hartu didate, eskuak garbitu ditut eta egoitzako langile batek harrera aretoan dagoen amarengana lagundu dit. Nire urduritasuna maskararen azpian ezkutatuta, arretaz entzun ditut bidean eman dizkidan ohar guztiak: ezin duzue elkar ukitu, ezin duzue maskara kendu, berrogeita hamar minutu dituzue.
Argi daukat zeintzuk diren arauak eta ulertzen dut egoitzako zaintzailearen zorroztasuna. Birusa egoitzan sartuz gero, arrisku larrian jarriko lirateke han bizi diren emakume eta gizonen bizitzak, hilabetetako isolamendu gogorraren emaitzak bertan behera geratuko lirateke. Begi-zuloak ditu zaintzaileak. Tentsio handiko uneak eta egoera oso gogorrak bizi izan dituzte eurek ere hilabete hauetan.
Amak tente-tente dauka lepoa, egoitzako ateari begira dago, zain, badaki laster agertuko naizela. Ez du ezer ikusten handik, itzal batzuk besterik ez, baina kapaz da urrunetik ezagutzeko bere alabaren gorputzaren mugimendua. Nik uste gaztetan gauez irteten hasi nintzenean leihotik begira nire zain pasatu zituen orduetan garatu zuela gaitasun hori, ni urrunetik ezagutzekoa. Gerturatu eta berehala luzatu du besoa niregana, eskua eskainiz.
-Ez, ama. Ezin dut. Ezin dugu elkar ukitu.
Hiru hilabeteren ondoren amari esaten diodan lehen hitza «ez» dela konturatuta, gaizki sentitu naiz. Berriz eraman du eskua altzora.
Zelan dagoen galdetu diot eta ondo dagoela erantzun dit. Inertzia bat da. Ez dit sekula esango gaizki dagoela, oso gaizki pasatu duela dakidan arren. Begietan antzematen zaio. Txikiagoak ditu. Gelatik ia irten gabe egin ditu egunak. Minutuak ordu bihurtuta, telebistari begira, paretari begira.
Hilabete hauetan telefonoz egin dugu berba eta bideokonferentzia batzuk ere egin ditugu. Baina ez zaio gehiegi gustatzen bideoarena. Ileapaindegi zerbitzua ere eten egin da, egoitzan antolatzen ziren ekintza guztiak bezala, eta ez zaio gustatzen «halako piurarekin» agertzea. Konexio horietako batean, ilearen erdiko marran hazi zaion ile zurizko bideari seinalatu zion eta esan zidan:
-Hamen daukadaz nik Santa Katalinako bideko barandau zurixak.
Barre algara atera zitzaidan, Lekitxoko farorako bidean garai batean zeuden barandak gogoratzean. Gaur ere barre egin dugu erresidentziako «panoramiaz» hitz egin didanean. Amaren umore beltza egundokoa da, gaindiezina. Ni bera alaitzera etorri eta bera ari da ni animatzen. Hau da marka.
Baina agur esateko unea helduta aulkitik altxatu naizenean, traizioz egin dit tiro:
-Besarkadatxu bat be ezin dogu emon?
-Ez, ama -erantzun diot eta berriz sentitu naiz errudun.
Muxu bat bota diot airera eta ezintasun guztien zamarekin irten naiz kalera, etxerantz, hainbeste ordu etxean egiten ari diren nire seme-alabak kalera ateratzen saiatzera. Ohitu egin dira barruan eta orain ez dute irten nahi.
Bidean, jendea terrazetan.