Jaione Dagdrommer / 2020-11-02 / 350 hitz
Aho estaliak komunikazioa eta sentimenduen adierazpena baldartzen du. Hori dela eta ahozko hizkuntza ez den beste komunikazio moduetara jo behar dugu ulertu gaitzaten. Adituek uste dute kodeak birpentsatu beharraren erronkaren aurrean gaudela.
Maskarak ez digu hitza lapurtu, baina bai ahoa. Irribarrea ikusezin bilakatu da. Hizketakideak ahoa ez duenez ikusten, askotan ez da gai bestea esaten ari denaren zentzua interpretatzeko. Izan ere, irribarreak funtzio kinesiko (keinu eta gorputz keinuen batura) asko ditu. Ez du soilik gure aldaera erakusten, baizik eta beste pertsonarekin enpatizatzen laguntzen digu.
Ahoa beraz, ezinbestekoa da komunikazioan, ez dute dudarik horretan adituek. Horregatik, musukoengatik ez gaude guztiz ziur bestearen jarreraz. Fidagarritasun gutxiagokoak bilakatu al gara ondorioz? Gure sinesgarritasuna murriztu egin ote da? Adituek diotenez kasu batzuetan bai, baina beste batzuetan guztiz kontrakoa gertatu da. Informazioa galdu dugu ohituta gaudelako aurpegira begiratzekoa, eta beraz, orain hutsune horiek guk geuk eraiki behar ditugu.
Hori dela eta, kodigo batzuk birpentsatzeko unea dela diote adituek, ahotsa edo keinuketa bezalako tresnak erabiliz. Orain tonua igo egin behar da, musukoak mezua distortsionatu baitezake, ahotsa ez baita horren garbia. Gainera, geldoago hitz egin beharra dago, mezuaren erritmora, muga fisiko hori gainditzeko.
Adituek diotenez, honen ondorio negatiboenak politikoek jasa behar izan dituzte. Aurpegiaren erdia tapaturik dutenez, euren sinesgarritasuna gutxitu egiten da, eta horrekin duten armarik onenetako bat galdu dute jendearengana iristeko. Mezuak ez dira horren garbi iristen eta konbentzitzeko ahalmena galdu dezakete. Orain, mespretxu keinurik gabe, ironiarik gabe, ahotsa da euren komunikatzeko bide bakarra.
Alta, oro har, jakin da gabezia hauek konpentsatzen kalean. Aurpegi erdia ikusten ez dugunez, keinu gehiago egiten ditugu, eta begiak gehiago erabili, gehiago mugituz edo irekiz. Alta, elkar ukituz komunikatzearen aukera ere galdu dugu. Ezin zaizkio besteari sorbaldan eskuak jarri eta beraz, guztia hotzagoa da orain. Horregatik lanketa bat egin beharra dago, begiekin, beso eta eskuekin, hitzekin lagunduz komunikazio ona egon dadin. Hori bai, lan gehiago eskatzen du.
Azkenik, adituek diote ez direla egokiak marrazkiak edo estanpatuak dituzten maskarak, adigabetu egin baitezakete besteak. Adituen ustez, loredun maskara bat badaramazu, azkenean mezua ez da esatera zoazena, baizik eta jarrita duzuna. Beraz, adi horrekin eta beste aholkuekin, baina ez diezaiogun elkar komunikatzeari utzi!