“Behin batean, amak liburutegitik jaso ohi zituen liburuen artean, “Kandinsky eta ni” izenburukoa atzeman nuen, pintorearen alargunak idatziriko memoria liburu bat, zeinean oso anekdota bitxia ageri den. Dirudienez, antzinako ohitura bati jarraiki, tsarren Errusian, Urtezahar eta urteberri arteako gauean, neska gazteak kalera ateratzen ziren aurkitzen zuten lehendabiziko gizonari izena galdetzeko, ustea baitzen hura bezala deitzen zen batekin ezkonduko zirela.
Urtezahar-gau batean, Nina Kandinsky ere, gainerako neska gazteak bezala, kalera atera zen eta aurkitu zuen aurreneko gizonak, bere esanetan gazte guztiz atsegin batek, izena Wassily zuela esan omen zion. Egundoko desilusioa izan bide zuen, bere senarrarentzat benetan atsegin zitzaiokeen izena errusiar tradizio zaharreko Gregor baitzen. Baina handik denbora batera, ordea, 1916an, Wassily Kandinsky margolari famatua ezagutu ondoren, berarekin ezkondu eta zoriontsu bizi izan omen zen urte askoan.
Anekdota irakurri nuenean abenduaren lehendabiziko egunetan geunden eta, auskalo zergatik, horrelako eroaldiak izaten baititugu, zera sartu zitzaidan buruan, Errusian balekoa zenak balio behar zuela hemen, eta erabaki nuen neuk ere, Kandinskyren emazteak bezala, saioa egin behar nuela.”
(7 eta 8 orrialdeak)