BERRIA / 2021-09-18 / 302 hitz (moldatua)
Zenbait postal bidali dituzu? Zenbat jaso? Idazten du jendeak postalik? Postariek diote geroz eta gutxiago idazten direla, baina «bizirik» daudela. Idazten dituztenek diote «ekintza atenporal bat» dela, baina gelditzen direla oraindik erresistenteak eta erromantikoak.
Buzoi guztiak ez dira elektronikoak, eta hozkailuen ate guztiak ere ez dira aratzak. 140 karaktere ez da bakarrik txio baten muga, kaligrafia ez da bakarrik idazteko era, bidaia ez da bakarrik denboraren joana, eta postal bat ere ez akordu baten paskin soila. Hartu baitu hura idatzi duenak aukeratzeko denbora, helbidea gordetzeko ardura, mezuari erreparatzeko beta, eta burutazioa idatziz emateko pausa. Presak ez dakar beti onurarik, eta postariak ere ez beti albiste txarrik.
Baina idazten du jendeak oraindik postalik? Idazten dugu postalik? Ala tiraderaz tiradera dabiltzan garai bateko estimu pusketa izoztuak baino ez dira jada? Laburduraz betetako Whatsapp mezuen, selfie-z jositako sareen eta zirrimarrarik gabeko mezu elektronikoen garaian, idazten dira, bai, postalak.
«Ekintza atenporal» gisa definitua izan da. Horietako bat Iñigo Asensio tolosarra da. Komunikatzailea, musikaria eta bidaiazalea da. Tokioko Olinpiar Jokoetan berriemaile aritu da. Haren azken taldearen izena: Postal Kolekzionistak. «Ekintza atenporal moduko bat egiten dut postalekiko zaletasun honekin, eta kolekzionistagoa naiz taldeari Postal Kolekzionistak izena jarri genionetik».
Tokioko Shimokitazawa auzo bohemioan erositakoak dira haren azken postalak. Bigarren eskuko liburu denda batean: liburu pare bat, bidaiatzeko agenda bat eta zuri-beltzeko postal zaharrak. Erosketa ere bai baita «erritualaren» parte: «Pentsatzen duzulako ze pertsonak jasoko duen irudi bakoitza, zeini dagokion estilo hau, zeini zuri-beltzekoa, zeini koloretakoa…».
Asensiok nabarmendu du badela «erresistentzia ariketa bat» garaiotan postalak idaztea. «Bai, behintzat, Whatsappeko audioak ere bi bider abiadura handiagoan entzuten ditugun honetan, non galtzen ditugun askotan audioen arnasa eta audioen zalantza, hurrengo hitzaren bila. Uste dut hori ere aldarrikatu behar dela: postalari zerbait oso erromantikoa ikusten diot, atzera begira jartzen gaituelako, erresistentzia bat sortzen duelako kontsumo ohitura eta abiadura hauekiko».