Joseba Sarrionandia / Ares, PAMIELA argitaletxea, 2022
«Benetako historia bat» kontatzeko eskatu dio neskato batek bere amonari, benetako historia bat behingoz…
Benetako historia
—Benetako historia bat nahi dut, amama!
—Mila gau eta bat gehiago liburukoa…
—Ez. Askotan kontatu dizkidazu halakoak! Baina, amama, zer zara zu, Xerezade ala Historia irakaslea?
—Unibertsitateko Historia irakaslea ogibidez, ea noiz ematen didaten erretiroa…
—Ikasleei benetako historiak kontatzen dizkiezu, eta gero, etxera etorrita, niri istorioak!
—Ez dira ba politak izaten nire ipuinak?
—Lar politak, aspertu naiz istorio politekin! Eta konturatu naiz kontatzen dizkidazun artean idiota bati bezala begiratzen didazula begi-bazterrez…
—Umea!
—Ja ez naiz umea. Historia jakin nahi dut, h maiuskularekin.
—Baina benetako historia istorioekin nahasten da beti.
—Esan nahi duzu historiagileak ere gezurteroak direla?
—Hala nahirik eta hala nahi gabe ere, benetan gertatu dena datu okerrekin, iritziekin edo mitifikazioekin kontatzen da. Ikuspegi bat azaltzen da. Bene-benetako hutsa ezinezkoa da.
—Liburuetan ere gezurrak daude?
—Bai horixe. Liburuak idazten dituena beste edozeinen modukoa da, jakintsua eta ezjakina aldi berean. Ahalik eta gehien jakiteko eta ahalik eta ondoen azaltzeko ahalegina egin arren, dakigunaren eta ez dakigunaren artekoak dira liburu guztiak.
… (11-12 or.)