BERRIA ikasgela / 2023-03-02 / 246 hitz
Internetek guztiz aldatu ditu pornografia kontsumitzeko ohiturak. Nerabeek 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz, eta harreman sexualen inguruko estereotipoak indartzen ditu horrek. Maria Rodriguez Suarez sexologoak (Siero, Espainia, 1986) sexu heziketako eskolak ematen ditu DBHn.
Nola aldatu dira pornografia kontsumitzeko ohiturak?
Orain, 24 orduz eskuragarri dagoen eta doakoa den pornografia eskaintzen du Internetek. Horrek kontsumoa handitu du, eta ikusleen batez besteko adina murriztu. Save The Children-en arabera, 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz pornografia mutilek, eta 12 urte eta erdirekin neskek.
Zerk eramaten ditu pornografia kontsumitzera?
Desinformazioak. Entretenitzeko, masturbatzeko, sexuaren inguruko kuriositatea asetzeko, eta bikotekideari plazera ematen ikasteko ikusten dute. Jasotzen duten informaziotik, baina, iruditeria okerra sortzen dute. Genitaletan, koitozentrismoann eta botere harremanetan oinarritutako eredua da. Estereotipoz beterik dago, eta preserbatiborik gabeko praktikak normalizatzen ditu.
«Estereotipoz beterik dago [pornografia], eta preserbatiborik gabeko praktikak normalizatzen ditu».Maria Rodriguez Suarez (sexologoa)
Emakumeei kalte egiten die?
Sexista eta misoginoa da, bai. Maskulinitate hegemonikoa irudikatzen du: mutilak subjektu aktiboak dira, eta desira handia dute; neskak pasiboak eta otzanak dira, gizonen nahiak betetzeko objektuak. Zakilaren tamaina, erekzioa eta eiakulazioa dira garrantzitsu, eta sexua bortitza da. Emakumeen aurkako indarkeria erotizatzen du, eta horrek deserosotasunak dakarzkie ikusi dutena egiten saiatzen direnean.
Zergatik?
Baiezkoaren mugak argi ez daudelako. Pornografiaren industrian, edozeinek nahi du sexua edozein momentutan. Aktoreek erabateko prestasuna dute, eta berehalakotasuna gailentzen da. Galdetzeko beharrik ez dagoela dirudi, ez dutela baimenik behar. Ez dago harreman sexualak izan aurreko akordiorik.
«Galdetzeko beharrik ez dagoela dirudi, ez dutela baimenik behar. Ez dago harreman sexualak izan aurreko akordiorik». Maria Rodriguez Suarez (sexologoa)
Aniztasuna al dago industrian?
Bai eta ez. Begirada maskulino, zuri eta heteronormatibo batek eraikitzen du mainstream pornografia. Gorputz eta identitate aniztasuna dago, baina gizonen nahiak asetzeko xedea du momentu oro. Lesbianek, esaterako, lesbianak izateari uzten diote pizzak banatzen dituen gizonak tinbrea jotzen duenean. Ez da adierazgarria; fetitxe eta objektu bihurtzen ditu.
Gazteen kontsumoa murriztu beharko litzateke?
Ondo legoke, bai, baina ez da bidea. Pornografiaren helburua ez da nerabeak heztea. Helduzentrismoa alde batera utzi beharko genuke, eta mitoak eta estereotipoak benetan baztertzen dituen sexu heziketa bat eskaini beharko genieke. Sexu heziketa feminista eta plurala; tratu onean, errespetuan, enpatian eta arduran oinarritutakoa.
«Mitoak eta estereotipoak benetan baztertzen dituen sexu heziketa bat eskaini beharko genieke. Sexu heziketa feminista eta plurala». Maria Rodriguez Suarez (sexologoa)
Zein da gaur egungo sexu heziketaren arazo nagusia?
Aurreko belaunaldiek ez dute inolako sexu heziketarik jaso, eta horrek tabu bihurtu du sexua. Beldur eta zalantza asko dago, eta DBHko ugalketa klase batera murrizten da maiz sexu heziketa. Ez da nahikoa. Estereotipoak amaitu nahi baldin baditugu, haur hezkuntzan eman beharko genituzke lehen klaseak.
«DBHko ugalketa klase batera murrizten da maiz sexu heziketa. Ez da nahikoa». Maria Rodriguez Suarez (sexologoa)
Gizarteak onartuko al luke hori?
Sexu heziketak harreman sexualekin zerikusi soila duela uste dugu: sexu heziketa txortan egitea da. Ez. Komunikazioarekin eta mugak jartzen jakitearekin lotura zuzena ere badu. Marrazki bizidunetako printze eta printzesek ere estereotipoak indartzen dituzte. Hori aldatu beharko genuke.
Nagusiek sexu heziketa jaso beharko lukete?
Bai. Familientzako eta irakasleentzako eskolak sortu beharko genituzke, nerabeei informazio egokia emateko gaitasunak eta erremintak lortzeko.