ZERRIA

Patxi Zubizarreta, Erein argitaletxea

Patxi Zubizarretak jasoko du Haur eta Gazte Literaturako sari espainola “Zerria” (Erein) lanagatik.

“Albisteak haginka egin zidan. Albisteak, behin batez, arrano bat ehizatu zuen gizona ekarri zidan gogora; izan ere ehiztaria espantu handiz ohartu zen hegaztiak, lepoaldeari atxikia, erbinude baten buru hezur higatua zeukala. Antza, arranoa erbinudeari oldartu zitzaion, baina ugaztunak, bere larri hartan, bizkor sartu zizkion hortzak. Beharbada arranoak hegan alde eginez erreakzionatuko zuen eta berehalakoan erbinudea airean eramango zuen, larruzko lepoko baten antzera, artean bizirik eta noizbait askatuko zelakoan: hala izatera, eszena miresgarria osatuko zuten biek ala biek ere zeruan gora. Baina litekeena ere bada arranoak erbinudea lurrean bertan moko ukaldika akabatu izana eta, iristen zen neurriraino, atzaparkadaka larrutzea eta erraiak ateratzea: hala izatera, arranoak eskeleto gero eta murritzagoarekin bizitzen jarraitu beharko zuen, hala zeruan nola lurrean, harik eta lepoan soilik erbinudearen kaskezur maiztua geratu zitzaion arte, harik eta, behin batez, ehiztariak eskopeta-tiroz hil zuen arte. Halatsu ni ere, deskubrimenduaren albistea jaso nuen une beretik. Zeren albisteak letaginak eta atzaparrak baitzeuzkan, eta ni indarrez zeharkatu, eta arrastaka eraman baininduen.

—Bereket! –Gaspard zen, eta asaldaturik eman zidan berria telefonoaren beste aldetik–. Gorpu batzuk deskubritu ditut Tsanfleuron glaziarrean, momifikatuak, gutxienez bi. Objektu bat baino gehiago ere bai, aldamenean. Zatoz polizia iritsi baino lehen! …” (9.-!0. or)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.