Izotzean ezkutatutako altxorra

BERRIA ikasgela / 2024-02-28 / 807 hitz

Izotzean sortzen diren burbuila txikiak ikertzen dituzte Izotzalaben, Leioan. Han gordeta daude atmosferaren aztarnak. Burbuila fitxategi horri esker, ikertzaileek jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera, eta gerora zer bilakaera izan duen.Ondorio argi bat atera dute: «Izotzean ikusten da nola gaur egun dugun berotzea orain arteko erregistroetan agertzen dena baino askoz handiagoa den».

Lur hareatsuan ezkutatuta, planetaren historia ulertzeko puzzlearen pieza bat dago lurperatuta: fosila. Fosilen bidez, posible da Lurraren iragan geologikoa ezagutzea. Fosilak aztertuz, inguruko harrien adin erlatiboa zein den jakin daiteke, eta, horiei esker, galdera geologiko konplexuei erantzun dakieke. Baina planetaren historia argitzeko piezak, lur azpian aurkitzeaz gain, izotzean ere aurkitu daitezke. Glaziarretako izotzak atmosferaren aztarnak gordetzen ditu barnean, altxor bat balitz bezala, bertan sortzen diren burbuila txikietan. BC3ren Leioako (Bizkaia) Izotzalab laborategian altxorraren kutxa hori irekitzeko giltza dute, eta atmosferaren historia eta eboluzioa gordetzen dituzten burbuilak ikertzen dituzte barruan.

Egunero bezala, Nicolas Gonzalez glaziologiako doktoreak eta Izotzalabeko ikerlariak artilezko txanoa, bota luzeak eta beroki lodia jantzi ditu makina gelan. Gela txiki batean sartu da gero, -15 graduko tenperaturan dagoen gela batean, eta minutu batzuk igaro ditu han, esperoan: «Laborategia askoz hotzago dagoenez, hezetasuna kondentsatu egiten da hormetan. Beste gela bat behar dugu, hezetasuna bertako paretetan kondentsa dadin eta guk laborategira berorik sar ez dezagun». Bestela, kanpoko beroa eta hezetasuna laborategian sartuko lirateke, eta kaltegarria izan liteke izotzarentzat; laborategia -20 eta -30 graduko tenperaturan dago.

Izotz zati batzuk Groenlandiatik datoz, eta 3 kilometrora baino sakonagora  egon dira; beste zati batzuk hurbilagotik datoz, Pirinioetako Monte Perdido menditik.

Laborategian gordeta dauzkaten laginek bide luzea egin dute: izotz zati batzuk Groenlandiatik datoz, eta 3 kilometrora baino sakonagora  egon dira; beste zati batzuk hurbilagotik datoz, Pirinioetako Monte Perdido menditik. Lagin guztiak -80 gradutan gordetzen dituzte, laborategian dituzten bi kutxatilatan. Laborategi handian izotz zilindro bat sartzen dute, eta zerrarekin mozten dute 5 milimetro lodi diren laginak sortzeko. Izotz zati hori leundu eta moldatu ondoren, izotzaren mikroegiturari erreparatzen diote, mikroskopioen laguntzarekin: mikroegituran sortzen diren burbuila misteriotsu horien bila aritzen dira.

Nicolas Gonzalez ikerlaria, Leioako (Bizkaia) Izotzalab laborategian, izotz zati bat mozten. MONIKA DEL VALLE / FOKU


Atmosferaren gordailu

Ikertzaileek, izotzean dauden burbuilei esker, garai horretako datuak lor ditzakete: tenperaturaren eta atmosferaren egoera, besteak beste. Burbuilak izotz geruzen artean harrapatuta geratu diren atmosfera zatiak dira, eta garai konkretu baten informazio artxiboak dira. Elurra izotz bihurtzen da, eta tartean atmosferaren laginak geratzen dira, preso. «Izotzean geratu den atmosfera zati horrek izotza sortu zenean atmosferak zuen konposizio kimikoa gordetzen du, bere horretan», azaldu du Gonzalezek. Burbuila fitxategi horri esker, ikertzaileek jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera.

«Izotzean geratu den atmosfera zati horrek izotza sortu zenean atmosferak zuen konposizio kimikoa gordetzen du, bere horretan».

Nicolas Gonzalez (Izotzalabeko ikerlaria)

Burbuilek atmosferaren konposizio kimikoa gordetzen dute, baina oraindik ez dago guztiz argi nola sortzen diren izotzaren disko gogor horiek, Gonzalezek esan duen bezala: «Elur malutak burbuila bihurtzeko prozesua aztertu nahi dugu. Sistema horrek nola jokatzen duen ondo ulertzen badugu, burbuilen bilakaerari buruzko informazioa izango dugu».

Ikertzaileek kutsadurarik handiena duen izotz zatia aukeratzen dute; hau da, atmosferarekin harreman handiena izan duen puska, eta zer garaitakoa den ikertzen hasten dira. Izotzaren eraztunak zenbatzea prozesu luzea da, urtaroz urtaro zenbatu behar baitira. Horregatik, gertakari esanguratsu batzuk hartzen dira erreferentzia gisa prozesua errazteko; «inflexio puntuak», Izotzalabeko ikerlari Jon Arrizabalagak izendatu dituenez: «Vesuvio sumendiaren erupzioa noiz izan zen badakigu, eta, izotzean horren elementu kimikoak ikusten badituzu, badakizu garai berekoa edo geroagokoa dela».

Izotzari esker, Pirinioetako Monte Perdido mendian nortzuk egon ziren jakiteko aukera dute, baita zer ohitura zituzten argitzekoa ere. «Erromatar meatzaritzaren ondorioak ikusten dira, izotzak dituen ez-purutasunengatik eta gordetzen dituen elementu kimiko guztiengatik». Pikatzean sortzen den hautsa airearen bitartez garraiatzen da, eta glaziarretan erori. Elurretik izotzerako eraldatze prozesuan erregistratuta geratzen da hori; hain zuzen, ikerlariek hor aurkitu arte duela mende askoko hautsa, izotzaren burbuiletan.

«Erromatar meatzaritzaren ondorioak ikusten dira [Pirinioetako Monte Perdido mendiko laginetan], izotzak dituen ezpurutasunengatik eta gordetzen dituen elementu kimiko guztiengatik».

Jon Arrizabalaga (Izotzalabeko ikerlaria)

‘British Antartic Survey’ ikerketa kontseiluaren grafikoetako bat. BRITISH ANTARTIC SURVEY


Tenperaturak, gora

Izotzean sortzen diren burbuiletan erregistratuta geratzen dira duela milaka urteko tenperatura eta atmosfera, eta horregatik da izotza berotze globalaren isla. «Izotzean ikusten da nola gaur egun dugun berotzea azken 800.000 urteetako erregistroetan agertzen dena baino askoz handiagoa den», azaldu du Gonzalezek. Tenperatura beroak eta hotzak beti izan dira historian zehar: berotze eta glaziazio garaiak islatu izan dira izotzean. Baina gaur egungoa berotze «anomalo» bat dela dio Gonzalezek.

British Antartic Survey-k argitaratutako grafiko batean ikus daiteke noiz hasi zen tenperatura etengabe gora egiten: XIX. mendean, industria iraultzarekin batera. Berotze globalaren ondorioz, informazioz jositako izotza urtzen ari da, eta betirako desagertzen.

Monte Perdidoko glaziarrarekin horixe gertatu da: ikerlariek ondorioztatu dute 50 urte barru ez dela existituko. «Harrigarria da zenbat informazio gordetzen duen izotzak; gerrak ikus daitezke. Baina oso kaltebera ere bada, eta desagertzeko prozesua bizkortu egin da», esan du Arrizabalagak. Gonzalezek Alexandriako liburutegiaren sutearekin konparatu du glaziarrak eta izotza desagertzea. Ezezaguna den ezagutza betiko galduko da, eta erregistratu gabe geratuko da atmosferaren historia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.