BERRIA Ikasgela / 2025-03-18 / 725 hitz
Arabismoak ez dira falta euskaran. Egunerokoan arabiar jatorriko hainbat hitz erabiltzen ditugu: alkate, azoka, izara… Koldo Mitxelenak iradoki zuen bazirela euskarak zuzenean hartutako maileguak.

Anjel Lertxundik Letrak kalekantoitik liburu liluragarrian erranairu eta hitz bitxien bilduma egin zuen, eta tartean arabiar jatorriko euskarazko hainbat hitz aletu zituen: aldaba, alkandora, azoka… Albiste hitza ere jaso zuen idazleak, eta arabierazko albiriste hitzetik datorrela zehaztu. Al-bisara hitzean omen dauka oinarria azken horrek, berri ona adierazi nahi duen hitzean, alegia. «Gure hiztegi bat a letran zabaltzen baldin badugu, ikaragarri ugariak dira arabiar jatorriko hitzak. Kontatu egin beharko nituzke, eta inoiz egon naiz horretarako puntuan, baina al artikuluarekin hasten diren gehienak behintzat arabiar jatorrikoak dira». Blanca Urgell (Gasteiz, 1962) liluratuta dago arabismoekin.
Filologoak jakin-min handia dauka, bereziki a letraz haratago hiztegian ezkutatzen diren beste hitzekin: «Badira a eta al letrekin hasten diren asko, baina badira bilatzen zailagoak diren beste batzuk, horren ebidenteak ez direnak. Non egongo dira hiztegian sakabanatuta?». Urgellek Koldo Mitxelenaren Euskararen iraganaz liburua itzuli zuen, eta bertan topatu zituen horren bistakoak ez diren bi hitz: «Bat arra(a) da. Ez da hitz arrunta, ez da hitz ezaguna, neurri bat adierazten baitu. Baina aipatzen duen bigarrena denok ezagutzen dugu, tira, berez bi dira, familiako kideak: gutuna eta kutuna. Liburu eta amuleto hitzetatik datoz, eta, mailegu asko bezala, bizitza propioa hartu dute euskaran».
Litekeena da arabismoen zerrenda guk pentsatutakoa baino luzeagoa izatea: aduana, albaitari, aldaba, alkandora, atabal, aguazil, alkaterna, alkohola, almibarra, arroza, azafraia, anega, azeituna, azukrea, azuzena, galiboa, matraka, noria, limoia, laranja, talaia… Kontua da inork ez dituela behar bezala ikertu. Urgellen ustez, hutsune bat dago, esparru akademikoan apenas aztertu baita. «Hori falta dugu. Asko dago sakontzeko. Eragozpena da behar bezalako ikerketa bat egiteko arabiera menperatu behar dela, ez bakarrik euskara. Nire itxaropena zera da, gurean arabiera dakiten horrenbeste gazte izanik, noizbait lortuko dugula horietakoren batek tesi bat egitea. Nik ikasleei amua botatzen diet beti».
Musulmanak VIII. mendean sartu ziren Euskal Herrian. 715. urterako hainbat lurralde okupatu zituzten, bereziki hegoaldean. Araba eta Nafarroa hegoaldean aurkitu dira bereziki kultura haren arrastoak, besteak beste toponimian, artxiboetan, artelanetan eta zutik iraun duten meskiten hondakinetan. Banukasitarrek Ebroko bailara ere gobernatu zuten eta haietako zenbait euskaldunak omen ziren. Zortzi mendez bizi izan ziren han musulmanak, harik eta 1516an errege katolikoek kristautasunera bihurtu ez ziren mudejarrak kanporatzeko agindua betearazi zuten arte —berez 1502ko otsailaren 12an ezarri zuten agindu hori, betearazi baino hamalau urte lehenago—.
Patxi Zubizarreta (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) pasioz mintzatzen da mundu arabiarraz: «Ez da lilura, baina esan dezaket bizitzari begiratzeko modu horren bidez beste mundu bat deskubritu nuela. Mendebaldean Descartes daukagu: ‘Pentsatzen dut; beraz, banaiz’. Nik mundu arabiarrean aurkitu dut beste ikuspuntu bat: ‘Sentitzen dut; beraz, banaiz. Negar egiten dut; beraz, banaiz. Amets egiten dut; beraz, banaiz’. Hori oso inportantea izan da niretzat. Mendebaldea oso arrazionala da, oso kartesiarra. Beraiek eskuin-ezker idazten dute, eta ez ezker-eskuin…».
Idazleak Naguib Mahfuz eta Abdala Taia idazle arabiarren hainbat obra itzuli ditu euskarara, baita autore anonimoek idatzitako eta ikoniko izan diren beste liburu batzuk ere, tartean, Aladin, Simbad marinela eta Mila gau eta bat gehiago. «Xeherezadek hitzaren dohaina zuen, eta, erregearena bezala, gure arimak ere laztantzen eta elikatzen ditu. Gure liburuetan akotazioak dira, ‘erantzun zion, argudiatu zuen, konkluitu zuen, segitu zuen’, eta Naguib Mahfuz irakurtzen duzu eta esaten du, ‘zatoz hona, desiozko begirada batekin’. Begiek hitz egiten dute. Eta koloreak… Sarrionandiak ere esaten zuen luzaroan euskal literatura zuri-beltzean izan zela».
Eric-Emmanuel Schimitten Ibrahim jauna eta Koranaren loreak ere euskaratu ditu Zubizarretak. Afrikako deskubrimenduak markatu zuen gaztetan: «Marokora autobus batean joan nintzen, litera autobus batean, bakar-bakarrik. Marrakexera joaten bazara, ohartzen zara barrura begira bizi dela hango kultura. Kanpotik oso leku ziztrinak topatzen dituzu, baina barrutik oso leku ederrak, eta lorategiak… Hango idazleak deskubritu nituen: Mohamed Xukri, Fatima Bernisi. Dreams of Trespass liburua euskaraz egon dadin desiratzen nago. Harem batean jaio zen idazlea. Oso liburu ederra da».