Onintza Irureta Azkune / 2016-04-27 / 336 hitz
“Izena eta izana ezbaian” gida praktikoa aurkeztu dute Bilgune Feministak eta Emaginek. Euskarazko izendegiaren binarismoaren inguruko gogoeta piztu nahi dute.
Zenbati gertatu zaizue erregistrora joan eta umeari gustuko duzuen izena jartzeko arazoak izatea? Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuko araudia betearazten denez, aukeratutako izenez erregistratzeaz errazagoa da, baldintza bakarra bete behar da: izena ez dadila iraingarria izan. Espainiako Estatuan kontuak bestela dira: izenak izendatua emakumea ala gizona den argitu behar du lehen unetik. Dena dela, Hego Euskal Herrian orain dela gutxi arte lasaiago ibili gara. Nork ez ditu ezagutzen Izaro, Lur, Amets eta Aratz izeneko neskak eta mutilak? Euskaltzaindiak ordea, 2015az geroztik emakumeentzako eta gizonentzako izendegiak berrikusi eta proposatu ditu, jada ezin da izenik erabili neska eta mutila, biak, izendatzeko.
Emagin eta Bilgune Feministak euskal izendegia eta sexuaren araberako bereizketaz eztabaida piztu nahi dute. Apirilaren 26ko aurkezpenean gidaren egileek adierazi zutenez, izenak gure izaeran eragiten baitu, gure izana eraikitzeko elementu bat gehiago da. Lorea izena duela esaten badigute iruditeria bat etortzen zaigu burura, besteak beste neska dela, eta Harkaitz dela esaten badigute berriz, bestelako iruditeria. Sexuaren araberako izenak ezartzea gainditzea proposatzen dute gidaren egileek, binarismoa azpimarratzeko modu bat gehiago baita. Hala esan du Libe Eizagirrek: “Mundua geldituko al da Hodei! esan eta neska batek eta mutil batek bihurtzen badute aurpegia?”.
Gidan estrategiak proposatu dituzte sexuaren araberako izendegia gainditu eta jaioberriari gustuko izena jarri ahal izateko, hala nola, ospitaleetako inskripzioak baliatzea, ustez erregistroan baino errazago onartuko dituztelakoan Euskaltzaindiaren araua betetzen ez duten aukerak; froga gisa izen abstraktuak, fikziozkoak edo toponimoak erabiltzea; Espainiako Estatistika Institutu Nazionalean begiratuta froga daiteke lehendik neskarentzat eta mutilarentzat erabili direla Maren, Aratz eta Amaiur, adibidez; kontuan hartu erregistro batetik bestera aldeak daudela, alegia, erregistroko langilearen zorroztasunaren edo malgutasunaren arabera Euskaltzaindiaren araudiari amen egingo dio edo ez; genero markarik gabeko izenak ere asma daitezke, gidan jaso dituzte batzuk: Ulia, Haika, Aske, Sen, Iraun…
Aurrera begira, sexuaren arabera prestatuta dagoen euskal izendegiari iskin egiteko estrategiak partekatzeko txokoa atondu nahi dute Emaginek eta Bilgune Feministak webgunean. Bitartean, datorren astetik aurrera, gida praktikoa 3 euroren truke salgai jarriko dute bilgunefeminista.eus-en.