Xabier Martin / 2015-05-29 / 1.191 hitz
Duela urte batzuk turismoa jarduera ekonomiko osagarri zen Euskal Herrian, baina lehen mailako sektore bihurtu da. Aberastasun iturria den aldetik pozik daude erakundeetako arduradunak, baina bisitari andana orain arte ezezagunak ziren ondorio negatiboak eragiten ari da hainbat gunetan.
Joan da donostiar bat Parte Zaharreko taberna ezagun batera, eta Errioxako ardo ondua eskatu du. Plater hutsa eman dio zerbitzari batek ezeren aurretik, pintxoekin beteko duelakoan. Platera utzi, eta ospa egin du, minduta: ez da giri bat. Donostian bizi da, ordea, eta turismoak Parte Zaharreko zenbait kale pintxoen parke tematiko bihurtzearen zerga ordaintzen ari da.
Benetako pasarte hori postal paregabean idatzitako gertaera desatseginen zerrenda luzeko bat baino ez da, arina inondik ere. Turismoak urtero errekorrak haustearen zamak nekez kabitzen hasi dira hiritar askoren maletan. Horrelako harri gehiago jasotzeko prestu leudeke beste hiritar asko, ordea; nori galdetzen zaion. Bizpahiru hilabetez kostaldeko etxea alokatu eta dirutza ateratzen duenak maleta askoren gurpiltxoen hotsa entzun nahi du, diruaren hotsa baita hura. Zer esanik ez jatetxe bateko edota kanpin bateko jabeek. Platerak eta etxeak, hotelak eta dendak ez dira bisitaririk gabe betetzen, ez behintzat azken urteotan haiei esker bete diren bezainbeste.
Turismoaren gorakadak euskal ekonomiaren egituran ere izan du eragina, hain da indartsua hazkundea. Azken hamarkadan haren pisua modu esanguratsuan hazi da barne produktu gordinean. Izan ere, erakundeek aspaldian jarri zuten arreta sektorean. Krisi garaian, aberastasun iturri ohiz kanpoko baten emaria finkoa bihurtzen ari zela ohartu ziren, eta apustu handia ekarri du horrek sustapen kanpainen bidez. Asteon bertan Meet Basque Country egin du Eusko Jaurlaritzak hiru egunez, 21 herrialdetako 55 bidaia enpresa handiri euskal eskaintza bertatik bertara erakusteko.
Bada, sustapen horrek turismoa BPGaren %6 ingurura eraman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gastronomiarekin lotutako orok izan duen hedapenak eta mundu zabaleko gune turistiko klasiko batzuetan duten ezegonkortasun politikoak lagunduta; 2008an %5,3koa zen. Alegia, zazpi urtean 156 milioi euro gehiagoren ekarpena egiten du sektoreak. Gipuzkoan %7,2 ingurura igo da jadanik BPGan duen pisua —Araban eta Bizkaian baino bi puntu inguru gehiago—, eta Donostian %10 ordezkatzen du, orain urte gutxi inork aurreikusiko ez zuen kopurua; Europako kultur hiriburutzak hauspotuta, aurten langa hori ere gaindi dezake hiriak. «Donostia marka modan dago mundu zabalean», esan du asteon Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Agerraldi berean iragarri du diputazioak hamar milioi eurorekin lagunduko duela turismoaren sektorea; «ostalaritzan, adibidez, 17.600 lanpostu ematen ditu, herrialdeko enplegu guztiaren %5,5».
Alfonbra gorria
Hego Euskal Herriko hainbat gunetan turismoa beste fase batean sartu dela esan daiteke beldurrik gabe, Lapurdiko kostaldeak edota Donibane Garazik aspaldian ezagun duten fasea. Uholde horrek masifikazioa eta bizikidetzarako trabak ekarriko dituela ohartarazten ari dira hainbat ahots. Prezioen garestitzea arrisku argia dela diote, eta turismoak sortzen duen enplegu kaskarra ere nabarmentzen dute. Uda badator, eta harekin, turista andanaren txanponak, aurten ere bisitarien errekorra hausteko promesarekin; txanponek bi alde dituzte, ordea, eta muga batzuk ezarri behar ote diren eztabaida abiatu da Donostian.
«Kalitatezko turismoaz hitz egiten digute, baina bisitarien soslai guztiek dituzte eraginak gugan: low cost-ekoek zarata egiten dute gure loa oztopatuz, eta soslai altukoek auzoko etxeak erosi eta salneurriak garestitzen dituzte, baita alokairuak ere». Xabier Arberas Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak dio 6.000 herritar bizi direla Donostiako Parte Zaharrean, eta haien bizkarretik hazten ari dela turismoa Donostian, pintxoen eta oro har gastronomiaren sukarrak bultzatuta. «Gakoa da aurretik erabakitzea zein hiri eredu egin nahi dugun, eta eredu horretan sartzen ez dena baztertzea; baina ez dute horrelakorik egin. Ondorioa da Parte Zaharrean dagoeneko legez kanpoko 200 etxe turistiko antzeman ditugula, eta atari batzuetan hamar etxebizitzatik zazpi alokatzeko erosi dituela kanpoko jendeak».
Arberasek dio erakundeek mezuak ematen dituztela kulturarekin kezkatutako turistak etortzen direla pentsatzeko, «baina azkenean kultura hori pintxoak jatea da». Finean, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak garbi dio «welcome eredua» ezarri dutela foru aldundiak eta udalak; «alfonbra gorria jarri diote turismoari, eta gune masifikatuetako bizilagunen arazoak bigarren mailakoak dira haientzat». Ardura eskatzen du, «jadanik ezin delako inozo plantak egin gertatzen ari dena ezkutatzeko». Bartzelona, Venezia eta Florentzia hiriak aipatzen ditu, turismoak hiri baten izaera jan dezakeela adierazteko. «Amsterdamgo alkateak turista gehiago hartzeari utziko diotela esan du, adibidez».
Zein da muga Donostiarentzat? Xabier Arberasen arabera, aspaldian gainditu da. «Parte Zaharrean itsasoarekin genuen lotura galdu dugu. Mota guztietako hizkuntzak entzuten ditugu gure kaleetan, eta euskarak apenas duen tokirik, eta izaeraren galera hori ez da jadanik udako sasoian gertatzen ari, Aste Santutik urrira baizik. Arazo larriak ditugu gure auzoko bizikidetzan; orain gertatzen ari da».
Gipuzkoako Turismoaren Mahai eratu berrian —astearte honetan izan zuen lehen bilera— sektoreari esker negozioa egiten dutenak bakarrik daudela salatu du, eta iragarri Donostiako Auzo Elkarteen Foroak mahaiko kide izatea eskatuko duela aurki. «Oso denbora gutxian auzo komertzial bihurtu gara, eta horrek ondorioak ditu gure bizitzetan».
Kongresuen turismoa
Aurtengo lehen lauhilekoak utzitako datuek berretsi egin dute Euskal Herriko gune turistikoek inoizko bisitari multzo handiena jasoko dutela uda partean. Eustaten arabera, 733.919 sarrera egon dira urteko lehen lau hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %13,5 gehiago. Konparazio baterako, 2011n 656.178 egon ziren. Igoera handiena Gipuzkoan gertatu da. 2011n 228.000 bisitari jaso zituen apirilerako, eta aurtengo epe berean 286.657 jaso ditu, %25 gehiago.
Hein handi batean, kongresu eta bestelako biltzar, azoka eta festibalen turismoak azken urteotan izan duen hazkundeak azaltzen ditu udatik kanpo dauden hil horien zenbakiak. MICE izeneko turismoa euskal erakundeek aurkitu duten azken altxorra da. Bisitariak urte osora zabaltzeko tresna nagusi bihurtu dute; oinarrizko aldagaia da turismoa sasoikakoa izan ez dadin, eta bereak eta bi egiten ari dira hala Jaurlaritza nola diputazioak eta udalak kongresu horiek erakartzeko.
Ez alferrik, Ibiltur MICE txostenak jasotzen duenez, 2014an 56,3 milioi euroko gastua egin zuten kongresuetako bisitariek EAEn, 2012an baino %25 gehiago. 25,5 milioi Bilbon gastatu zituzten —2015ean 30 milioi izan dira—; ia 22 milioi Donostian —2015ean 21 milioi—; eta ia 3 milioi Gasteizen. Txosten berak dio gastu osoaren %63 Espainiako eta Kataluniako bisitariek egiten dutela (35,5 milioi euro), eta gainontzekoa mundu zabaleko beste herrialde askotatik joandakoek eragiten dutela.
Edonola ere, Jaurlaritzaren erresuma diren hiru lurraldeetako turismo osoaren %35 da jadanik MICE atalekoa. Ulergarria da, beraz, herrialdeen artean norgehiagoka egotea kongresuak erakartzeko. Horren karietara, salaketa egin du hil honetan Gipuzkoak, Denis Itxaso Turismo diputatu eta Ernesto Gasco Turismo zinegotziaren bidez, ustez Bizkaiak laguntza publiko gehiago jasotzen dituelako horrelako kongresuak antolatzeko. Ikey txostenaren datuak baliatu ditu salaketarako. Jaurlaritzak ukatu egin du desoreka, txosten hori herren gelditu dela uste duelako.
Turismo legea
Turista gehienak, edonola, MICE ez beste atalekoak dira, ohikoak alegia, eta haiek erakartzeko apustu sendoa egin dute erakundeek. Biziki hauspotu dute bisitarien etorrera, nazioarteko azoketan eta komunikabideetan bitartekoak modu eskuzabalean baliatuta. Ez dute eguzkia eta hondartza eredua saltzen, Mediterraneoan egiten duten bezala. Hasteko, eguzki gehiago beharko luke euskal kostaldeak, eta euri gutxiago. Baina, hala ere, turismoak bere egin ditu kostaldeko zenbait eremu, eta horrek etxe turistikoen hedapena azkartu du. Aterpea ematen duten negozioen jabeak, hotel, ostatu eta kanpinen jabeak, aspaldian ari dira salatzen etxe turistiko horien legez kanpoko lehia egiten dietela, eta Jaurlaritzaren Turismo Legearen lege proiektuarekin lanean ari dira azken asteetan talde parlamentarioak. Legegintzaldia badoa, eta hura onartzeko azken saioa egongo dela ematen du, etxe turistiko horiek lehenbailehen arautu nahi dituztelako.
Batetik, turismoari esker diru sarrerak lortzen ari den hiritarrak bere zergak pagatu ditzan nahi dute, finean jarduera ekonomiko bat egiten delako etxea alokatzean. Bestetik, etxe horietan hartzen dituzten turistek babes izatea nahi dute. Alegia, arazoak badaude, turistek nora jo eduki dezaten nahi du Jaurlaritzak, kanpainetan saltzen den bikaintasunarekin ez datorrelako bat jarduera alegala. Alderdiak ehunka ekarpen egiten ari dira, eta ikusteko dago Eusko Legebiltzarra uda aurretik onartzeko gai izango den.