Patxi Saez /2018-09-06 / 569 hitz
«Neska eibartarra eta euskalduna, horrela aurkeztuko nuke nire burua. Aitari aita esaten diot eta amari ama, mugikorrean ere aita eta ama dauzkat jarrita. Sei neba-arreba gara eta gure artean euskaraz egiten dugu. Baina, oraindik ere, badira etorkin ikusten gaituztenak».
Etorkin ikusten dutela dio euskararen EGA maila egiaztatuta daukan neska eibartar batek. Hori dio Euskal Herriko Unibertsitatean magisteritza graduko ikasketak euskaraz egin dituen 25 urteko neska gazte euskaldun batek. Bere ikasle diren neska-mutilekin euskaraz egiten duen andereño euskaldun batek. Romaesa Benslaiman musulmanak. Buruzapia jazten duen musulman euskaldunak. Noiz utziko dio askoren begien aurrean etorkin izateari? Noiz izango da gutarra? Noiz arte jarraituko diote bere euskalduntasunari entzungor egiten?
Horrelakorik sekula ezagutu ez dutelako, euskaldun askori ez zaio burutik pasa ere egiten arabiar eiteko neska batek euskaraz egitea daukanik. Erabat ezinezkoa iruditzen zaie eta beren buruari ukatu egiten diote solaskideak euskaraz egin dezakeenik. Eta ukazio horretatik egiten diote erdaraz.
Gazteizko plaza batean magoa ekarri dute umeen gozagarri eta aztoragarri. Magoak atsegin eta jator azaldu nahi du umeen aurrean eta, haurrak bereganatzeko, galdezka hasi zaie (Barquín, 2018):
Magoa: Kaixo, nola duzu izena?
Rachid: Rachid.
Magoa: Eta nongoa zara?
Rachid: Gasteizkoa.
Magoa: Ez, baina zu, nongoa zara?
Rachid: Ba, Gasteizkoa.
Magoa: Baina, zure gurasoak nongoak dira?
Rachid: Algeriakoak.
Magoa: Eta non Algerian?
Rachid: Ez dakit.
Noiz arte erantzun beharko dio Rachidek nondarra deneko galderari? Nongoa den galdetuz, noiz arte ukatuko diote Rachidi bere euskalduntasuna? Rachidek noiz arte ordaindu beharko du larrutik bere azalmintz kolorea?
Rachidek eta Romaesak bezalako bizipenak dituztenek maiz beren burua ez dute ez hemengo eta ez hango ikusten. Hemen bezala, han ere bere hangotasuna ukatzen dietelako. Maiz beren burua ez dute inongo ikusten. Identitate oro ukatzen zaielako, hangoa eta hemengoa.
Romaesak oso argi azaldu digu:
«Ez daude ohituta eta kosta egiten zaie hori buruan sartzea. Batzuetan jendeak ez du ulertzen musulmana eta euskalduna izatea, ez hemen, Euskal Herrian, ez han, Tangerren. Landare bat toki batetik bestera eramaten duzunean, landarea nongoa da? Non ditu sustraiak?».
Lursagarra —patata— aipatu digu Romaesak. Landarea XVI. mendean Amerikako Ande mendien goi-lautadan ia 4.000 metrora dagoen Titikaka aintzira ingurutik ekarritakoa dugun arren, gaur egun Arabako patataren jatorri izendapena dugu: Euskal Herriko patata. Musulman euskaldunekin ere berdin gertatuko dela dio Romaesak baina horretarako denbora beharko dugula:
«Hemen oraindik atzeratuta gaude immigrazioa berandu heldu zelako. Amerikan eta Ingalaterran hori gaindituta dago. 40 urte barru, hemen ere, beharbada, gauzak Ingalaterran bezala izango dira».
Romaesak euskararekin duen ustearen berri ere eman digu. Bertakotasuna ukatzen zaiolako bere burua hemengo ikusten ez duenak beste ukazio batekin erantzun ohi du eta, horregatik, gehienetan, euskara ikasteari uko egiten dio. Nork bere burua bertakoa izatea bezalakorik ez dago euskara kolkoratzeko.
Gure gizarte hurbila gero eta zabalagoa eta anitzagoa bihurtzen ari zaigun honetan, elkarbizitzarako txertoaren premian gabiltza, aurreiritziak sendatzeko txertoaren premian. Txerto hori gabe, bidegabekerian oinarritutako gizarte egiturak eta praktikak eraikiko baititugu.
Gure seme-alabak, ilobak eta bilobak larruazal ilunagoko euskaldunen eskolakide, ikaskide, gelakide, taldekide, mahaikide, jolaskide, adiskide, anaikide, herrikide, etxekide, bizikide, bikotekide eta, azken batean, parekide nahi al ditugu?
Seme-alaba, iloba eta biloba horien ikaskidea sultan edo kalifa musulman baten aberats-etxeko alaba balitz, edo Algeriako gasarekin aberastutako enpresari baten semea, eta, gainera, ikaskide horiek euskaradunak balira, jarrera bera izango ote lukete aita-ama, osaba-izeba eta aiton-amona horiek?