Ibai Maruri Bilbao / 2018-10-18 / 340 hitz
Ikuspegi behatokia immigrazioari buruzko iritzia neurtzen hasi zenetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten dago «tolerantzia» handiena. Jarrera asimilazionista egonkortu da.
Immigrazioaren aldeko jarrera dute, oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek. Urterik urte hobetu da 2015etik hona. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia 2004an hasi zen urteroko txostena egiten; harrezkeroztiko «tolerantzia» handiena neurtu dute 2018ko Barometroan: 59,7 puntu ehundik. Martxo eta apiril artean egin zuten azterketa. Hiru herrialdeetako 600 lagun elkarrizketatu zituzten, etxez etxe egindako inkestetan. Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariaren arabera, «tolerantzia mailak» badu lotura egoera makroekonomikoarekin. Krisialdi ekonomikoaren urteetan behera egin zuen; aurreikuspen hobeak agertu direnetik, berriz, gora egin du berriro. Halaber, errefuxiatuen aldeko joera ulerkorra nabarmendu da: «%30ek uste dute murrizketarik gabe egin behar zaiela harrera. Jazarriak izan direla frogatzen duten pertsonei asiloa eskaini behar zaiela uste dutenak gehituz gero, %71k dute jarrera irekia». Iaz %68 ziren. «Gertuko beste herrialde batzuetan gertatzen ari denari erreparatuz gero, esan dezakegu hemen hobeto gaudela. Baina ezin gara lasai geratu. Oraindik ere badago zer egin».
Aurreko txostenetan ikusitako beste hainbat arlo egonkortu egin dira. Adibidez, integratzeko esfortzua etorkinek egin behar dutela uste du gehiengo zabalak, eta hala izan da Barometroa egiten hasi zirenetik. «Alde horretatik, oso asimilazionistak gara. Gutxik uste dute bertokoek ahalegina egin beharko genukeela kanpotik datozen ohiturak ezagutzeko». Aurreiritziak ere igualtsu mantendu dira. Besteak beste, gizarte zerbitzuak eta laguntzak gehiegi baliatzen dituztela pentsatzen dute gehienek. Hala ere, aitortzen dizkiete eskubide batzuk: baimenik gabe etorri direnentzat osasun eta hezkuntza eskubideak bermatzea nahi dute. Ez, ordea, gainontzeko zerbitzu publikoak erabili ahal izateko eskubidea; Espainiako Gobernuak bizitzeko baimena eman izana eskatzen dute horretarako.
Segurtasun faltarik ez
Etorkinak matxismoarekin lotzen dira, eta uste hori egonkor mantendu da. Beherako bidea egin du, ordea, segurtasun faltarekin lotzen dituen aurreiritziak. Morenok nabarmendu du inkesta egin baino pare bat hilabete lehenago segurtasun falta puri-purian egon ziren gaietako bat izan zela, Bizkaian izandako hilketa eta eraso batzuengatik batez ere. «Hedabideetan bolo-bolo ibili arren, herritarrengan ez zuen eraginik izan», zehaztu du.
Jatorriaren arabera, gurago dituzte antzekotasun sozioekonomiko handiagoa dutenak. Errumaniakoak dira salbuespen, uste delako ijitoak direla. Mesfidantza handiena herrialde musulmanetatik etorritakoek sortzen dute.