Nerea Osinalde / 2019-06-07 / 348 hitz
Supermerkatuan erositako pizza labean sartu, eta bitartean, zizka-mizka gisa, poltsako patatak, freskagarri koladun hotz-hotzarekin. Nork ez du antzekorik egin? Presaka bizi garen garai honetan, janari ultraprozesatuen kontsumoa erruz emendatu da. Horrekin batera, gaiari buruzko ikerketa lanak ere ugaritu dira, jaki mota horrek gure osasunean eragiten dituen kalteak azaleratzen dituztenak.
Gehiegi prozesatutako jakien lehengaia osasungarria izan liteke, baina prozesamenduaren ondorioz, horien balio nutrizionala hutsala da. Oro har, zuntz, bitamina eta mineral gutxi izaten ditu; aitzitik, gatz, azukre eta trans gantz gehiegi. Elikagaiak sailkatzeko NOVA sistemaren arabera, talde horretakoak dira arestian aipatutakoak, zopa deshidratatuak, surimi makilatxoak, hestekiak, edari energetikoak, gosaritako zerealak, margarina eta marmelada, besteak beste.
Cell Metabolism aldizkariak berriki argitaratutako lan batek erakusten du ultraprozesatutako janaria jaten dutenek, oro har, gehiago jaten dutela. Batez beste, eguneko 500 kcal gehiago. Hori dela eta, gehiegi prozesatutako jakien kontsumitzaileek gehiegizko pisuarekin erlazionatutako arazo gehiago pairatzen dituzte. Antza, jaki mota horien gehiegizko gatz, azukre eta koipeek zoriontasunaren hormonak, hots, dopamina eta oxitozina askatzen dituzte gure garunean. Zenbat eta jaki ultraprozesatu gehiago kontsumitu, orduan eta hormona gehiago askatzen ditugu; eta, ondorioz, efektu bera lortzeko, gure gorputzak gehiago eskatzen digu. Droga mendekotasunaren pareko jokaera gara dezakegu, kalitaterik gabeko janaria neurririk gabe kontsumitzera bultzatzen gaituena.
Gurera etorrita, duela hilabete eskas, Nafarroako Unibertsitateko ikerlari talde batek 14.907 boluntariorekin hamar urteko behaketa lana egin ostean, hau ondorioztatu du: jaki ultraprozesatuen kontsumitzaileek depresioa pairatzeko arrisku handiagoa daukate; zehazki %33 handiagoa. Eta arrisku hori are larriagoa da jarduera fisiko gutxi egiten dutenen artean.
Orain arte esandakoak ez badira nahikoa izan janari ultraprozesatuen arriskuaz jabetzeko, Otsailean argitaratutako lan baten berri emango dizuet. Paris-Sorbona unibertsitateko ikerlariek 45 urtez gorako 44.551 frantsesen jateko ohiturak behatu dituzte zazpi urtez, eta lortutako datuetan oinarrituz atera duten ondorioa ikaragarria da: jaki ultraprozesatuen kontsumoak heriotza-arriskua nabarmen handitzen du.
Jaki horiek gure osasunean eragiten duten kalteen zergatia ez da guztiz ulertzen. Horregatik, egungo ikerketa askoren helburua hori argitzea da, arazoa konpontzeko datu lagungarriak izan baitaitezke. Halere, gehiago jakin arte, badugu zer eginik. Adibidez, jaki ultraprozesatuak dietatik baztertu, eta horien ordez, kalitatezko lehengaiak erabili; eta jatekoa prestatzeko denbora apur bat hartu, noski. Gutariko bakoitzaren osasunak hori guztia eta gehiago merezi du; ez duzue uste?