Betiko kilogramoa

Marian Iriarte / 2014-03-13 / 452 hitz

Joan den asteburu honetan, kilogramoa pisua galtzen ari zela irakurri nuen egunkari batean. Ez da oraingo berria; urteak dira zientzialariak horretaz jabetu direla. Eta ez dira ados jartzen patroi horren ordezkoa aukeratzen. Pisua galtzen ari omen da. Zer hobea! Pisua galtzeko era guztietako trikimailuak asmatzen diren gizarte moderno honetan, kilogramoak berak gutxiago pisatzen omen du. Eta nola dakigu hori?

Horretarako, magnitude zientifikoen unitateak nola neurtu zehaztu beharko genuke. Magnitude zientifikoez ari garenean, denbora, masa, luzera, korronte elektrikoa, eremu magnetikoa… eta beste hainbat magnitudez ari gara. Batzuk oinarrizkoak dira, eta beste batzuk, horietatik eratortzen direnak: adibidez, abiadura, edo indarra…

Eta zientzian ezinbestekoa da magnitudeak neurtzea, eta neurketa horiek ahalik eta zehatzenak izan behar dute. Edozer gauza neurtzea, azken finean, erreferentzia gisa onartutako beste zerbaitekin alderatzea da, eta horiek dira patroiak. Gizarte ezberdinetan patroi edo unitate ezberdinak erabiltzeko ohitura egon da, baina gero eta adostasun handiagoa dago gizarte zientifikoan denek unitate sistema berbera erabiltzeko, nazioarteko unitate sistema hain zuzen ere. Sistema horretan, gorputzen masa neurtzeko oinarritzat hartzen den unitatea kilogramoa da.

Unitate sistema bat definitzeko beharra aspaldi ikusi zuten zientzialariek. Oso arrunta zen lurralde bakoitzean gauza bera neurtzeko hainbat unitate erabiltzea, eta batzuetan, gainera, izen berberak balio ezberdina hartzen zuen, lurraldea zein izan. XVII. mendean hasi ziren lehenengo urratsak egiten, eta aurrerapen handia lortu zen Frantziako Iraultzaren inguruan, orduan jaio baitzen Sistema Metriko Hamartarra. Sistema horren oinarria metroa da, eta Iparburutik Ekuatorera dagoen distantziaren baitan definitu zen. Behin hori definituta, atzetik etorri ziren bolumena (dezimetro kubikoa, hots, litroa) edo masa bera. Azken hori lortzeko, litro batean kabitzen zen urak zuen pisua hartu zen kontuan. Behin definituta, euren patroiak eraiki ziren, eta horiexek daude gordeta Paris inguruan. Sistema Hamartarra esaten zaio unitate guztietan multiploak eta azpimultiploak definitzeko 10 zenbakia erabiltzen baita. Gaur egun oso ohituta gaude sistema honetara, baina bere garaian istilu asko izan zen sistema berri hau erabiltzearen beharraren inguruan. Jakintsuentzako sistema oso logikoa zena ez zetorren bat jende arruntak, artisauek, langileek erabiltzen zituzten betiko unitateekin. Napoleonek berak ere ez zion abantailarik ikusten sistema berriari, baina ez zen ausartu ezarri berri zen sistema eragozten.

Denborak aurrera egin ahala, neurketa gero eta zehatzagoak egin dira, eta, horren ondorioz, unitateak definitzeko moduak aldatu egin dira: adibidez, denboraren unitatea (segundoa) definitzeko, hasieran egun baten zatiki gisa egin zen, eta gaur egun, berriz, atomo jakin batek bibratzeko behar duen denboraren funtzioan definitu da. Honen antzera gertatu da beste unitate askorekin (distantziarekin adibidez), baina ez horrela masarekin. Eta horretan gaude. Kilogramoa definitzeko aukeren artean siliziozko bola esferiko perfekto bat erreferentzia gisa hartzea dago. Beste batzuek neurketa elektrikoak kontuan hartzea proposatzen dute; hau da, tentsio elektrikoa kilogramoaren baitan definituta dagoenez, tentsio elektriko jakin bati dagokion masa kilogramoa izatea.

Beraz, hain arrunta egiten zaigun betiko kilogramoa nola definitu oraindik zehazteke dago.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.