Gorka Lopez / 2014-05-30 / 447 hitz
Arxuriko gain ezagunera iristeko (759 m), pasaleku bertikal txiki batetik sartuko gara; bidean Saiberri (506 m) pasatuko dugu, eta Xaretako oihanaz gozatuko.
Piruetako piknik-gunetik abiatuko gara Arxuriara bidean, Sara eta Lizarietako mendatearen (Lapurdi) arteko errepidearen ondotik, ibaian gora, eta hurbil den itxitura batera iritsiko gara; haren ezkerreko bazterretik joango gara, ibaia gurutzatzeko tokirik egokiena aurkitu arte, eta aldapa gora segituko dugu eskuineko bidetik, pagadian barrena.
Muino oihantsu batera iritsiko gara, bidea ere erdizka desagertzen den tokian, eta aurrea egingo dugu zuzen, lurrezko bide handiago bat aurkitu arte; bide horri segituko diogu, eskuinetik, sakan estu baten aldamenetik aldapa gora, gogor. Bide batzuk gurutzatzen diren lekura iristean, seinale horiei segitu, eta ehiztari etxola batera iritsiko gara, eta gero, Sarako usategietara.
Oihanetik ateratzean ezkerretara joko dugu, eta ekialdera Arxuria ikusiko dugu, harako bidezidorra hartzean. Bidexka horretatik beste pagadi batean sartuko gara: aldapa txiki batzuk igo eta jaitsi ibiliko gara, bi erreka gurutzatu, eta Saiberriko magal belartsutik aterako gara.
Muinoa pasatu, eta ezkerretara utziko dugu usotegi zaharraren aztarna harrizko bat: aurrera eginez, iratzea duen zelai batera iritsiko gara, eta gailur txiki bat izango dugu ezkerretara. Ikuspegia ederra denez, Saiberrira igo eta jaitsi egingo gara; bide batez, modua izango dugu Arxuriko gailurrera nondik sartuko garen ikusteko.
Arxurira pasalekutik
Bidezidor balizadunari segituko diogu, ezkerretara dagoen mugarri hurbil bateraino; han, beherako bide batetik abiatuko gara, Urioko sakan aldera, Saiberri eta Arxuria artean. Iratzelekua pasatuta dagoen bidezidor batean sartzean, eskuinetara joko dugu, eta metro batzuk aurrerago ezkerretara; ibai aldera jaitsi, eta beste aldera pasatuko gara ondoren.
Baliza horiek markaturiko bideetatik igo, eta Akokako lepoa eta Loretxoa borda agertuko zaizkigu mendi hegalaren atzean. Han, eskuinetara egingo dugu korridore txikitik igo nahi badugu; bestela, hobe ezkerretara jotzea.
Eskuinetara jota, gorago dagoen beste borda batera joango gara; hura pasatu eta gero, aldapa gora segituko dugu, malda pixka batean zelaitu arte; han, erreka arrasto bat ikusiko dugu ezkerretara, eta seinale hori bat. Bidetik atera, eta pagadian sartuko gara; lehen zuhaitz lerroaren pasatutakoan, eskuinetara joko dugu. Gora goazela, ezkerreko horma harrizkoa desagertuz joango da, eta agerian azalduko zaizkigu Arxuriaren ertzeko horma eroriak.
Axuri aldera joko dugu zuzen; pagaditik aterako gara, eta gora egin belar eta arroka tartean, irekidura bertikal baterantz: harrizko maila batzuk ditu, zenbait belartsuak, eta sasi batzuk. Oso aise igotzen da, ondo helduz gero zailtasun handirik gabe. Mendebaldeko ertzaren erdialdean agertuko gara, gailurrerantz.
Eskuinetara jo, eta gora segituko dugu, gailur lerro harritsuaren aldamenetik, Arxuriko gainaren atariraino: bi tumulu handik iragarriko digute bertan dela. Jaisteko, gora egiteko alde berera joko dugu, baina Sarako leizeetarako jarririko seinale horien bidezidorretik joango gara.
Bide handiago batera iristean (410 m), ezkerretara jiratu, bide zabaletik mazela bat igo, eta Loretxoa bordara iritsiko gara berriz, eta Akokako lepora. Handik, Piruetara itzuliko gara, joandako bide beretik.