Juan Luis Zabala / 2014-10-08 / 859 hitz
Jose Luis Otamendi, Unai Elorriaga, Ixiar Rozas eta Jabier Muguruzak liburu bana kaleratuko dute aurki, etenaldi luzeak urratuz.
Atxagak Lawrence Arabiakoari buruzko saiakera argitaratuko du.
Plazara itzultzeko tenorea izan ohi da idazle askorentzat udazkena, Durangoko Azokaren atariko hilabeteak; kasu batzuetan etenaldi luze baten ostean. Aurten, bost, zazpi eta bederatzi urteko etenaldiaren ondoren itzuliko dira hurrenez hurren Unai Elorriaga, Jose Luis Otamendi eta Ixiar Rozas, bakoitza liburu banarekin; eta are luzeagoa da Jabier Muguruzak hautsiko duen isilaldia, 15 urtekoa zehazki. Ez dira izango, jakina, liburuak plazaratuko dituzten idazle ezagun bakarrak. Itxaro Bordak, Pako Aristik, Xabier Mendiguren Elizegik eta Patxi Zubizarretak aurkeztuak dituzte dagoeneko Durangoko Azokako aurtengo ekitaldian nobedade gisa izango diren beren liburuak, eta aurki egingo dute gauza bera Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, Ana Urkizak, Joxe Azurmendik, Fito Rodriguezek eta Mikel Peruarenak, besteak beste. Zer esana emango duen beste liburu bat, aurtengo udazkeneko liburu nagusiak apatzean derrigor aipatu beharrekoa, Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Jorge Aldereteren Black is Beltza nobela grafikoa da.
Atxagaren kasuan, aurten Durangoko Azokan aurkeztuko duen liburua saiakeraren arlokoa da. Txoriak kolpeka liburuaren testu nagusian Thomas Edward Lawrence Lawrence Arabiakoa militar ingelesaren irudia aztertu du Atxagak, «eta haren oinarrian egon bide ziren arazo sakonak, Lehen Mundu Gerrako sarraskiekin lotuak», Pamiela argitaletxeak jakinarazi duenez. Bigarren zatian, berriz, «orain dela 900.000 urteko gizaki baten ezbeharra hartzen du abiapuntutzat, eta heriotza du gai».
Ixiar Rozasen Beltzuria eleberria ere Pamielak argitaratuko du. 2006an Negutegia (Pamiela) argitaratu zuenetik Rozasek ez dio inondik ere idazteari eta sortzeari utzi, baina ez du bakarkako libururik argitaratu. Beltzuria «ahotsaren espazio politikoaren inguruko gogoeta» da, Pamielak iragarri duenez, istorio batzuen bidez taxutua. «Zer gertatzen da ahotsaren espazioan?», galdetu dio egileak bere buruari liburua idaztean. «Zer, ahotsa desagertu aurretik? Eta ondoren, ahotsa desagertu ondoren?»
Rozasenarekin alderatuz gero, laburragoa izan da Arantxa Urretabizkaiaren etenaldia, 2010ean argitaratu baitzuen 3 Mariak (Erein), bere orain hurrengo eleberria. Zuri-beltzeko argazkiak, Pamielak argitaratua, 1947tik 1960ra bitarteko haurtzaro bat kontatzen duen nobela da. Haurraren gurasoak jaio ziren garaia ere, XX. mendearen hasiera, oso garrantzitsua da kontakizunean.
Otamendiren zortzigarrena
Susa argitaletxeak, Pako Aristiren Urari ostutako poemak liburu aurkeztu berriaz gain, Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa poema liburua eta bi nobela kaleratuko ditu: Unai Elorriagaren Iazko hezurrak eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak. Zazpi urte dira Otamendik Erlojuen mekanika kaleratu zuenetik, orain hurrengo poema liburua.
Kapital publikoa, Otamendiren zortzigarren poema liburua, arnasa luzeko poemaz osatua dago, eta hiru ataletan banatuta: Bake hotza, Jendea oinez eta Gosaria eta legea. Irakurleak «sozialetik intimitatera poetak urratsez urrats egiten duen bidearen lekukoak» izango dira, Susa argitaletxeak emandako informazioaren arabera. Unai Elorriagaren Iazko hezurrak nobelak, egilearen bosgarrena, Irene Arias du pertsonaia nagusi, Algortan (Bizkaia) 1971n jaioa. Tortura eta exekuzioekin obsesioa du, mota guztietako indarkeriekin, eta gai horien inguruko kontuak bilatzen ditu etengabe liburuetan eta Interneten. Mikel Peruarena BERRIAko erredaktoreak, berriz, bigarren nobela du Su zelaiak, «Baionako Infanteriako 49. erregimentuak Lehen Mundu Gerran izan zituen ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina» egiten duen obra.
Elkar argitaletxeak Itxaro Bordaren Zure hatzaren ez galtzeko poema liburua eta Xabier Mendiguren Elizegiren Arantzak barrurantz narrazio bilduma ditu dagoeneko aurkeztuak, Josu Martinezen Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak lekukotasun eta kronika liburuaz gain, besteak beste. Elkarrek aurrerago aurkezteko dituen liburuen artean, Joxe Azurmendiren Historia, Arraza, Nazioa eta Ana Urkizaren Mamuak narrazio bilduma dira bereziki nabarmentzekoak. Ernest Renan idazle eta historialariaren obra eta ibilbide osoa aztertu du Azurmendik, eta baita XIX. mendeko Frantziako beste hainbat egilerena ere, liburuaren izenburuko hiru kontzeptuak ardatz hartuta. «Saiakera luze, mamitsu eta dokumentatua» da, Elkarrek jakinarazitakoaren arabera, «nazionalismoaren inguruko topikoak uxatu eta ezagumendu gehiagoz hausnartzeko».
Urkizaren liburuko kontakizunek beldurrak, damuak eta iraganeko ilusio zapuztuak dituzte gai nagusitzat. Ipuin laburrak eta luzeak txandakatzen dira liburuan.
Aurrekoak bezala Ereinek argitaratua, helduen literaturaren alorrean argitaratzen duen hirugarren liburua izango du Jabier Muguruzak Hilen logika ezkutua narrazio bilduma; 15 urte dira aurrekoa, Laura kanpoan da, argitaratu zuenetik. Narratibaren arloan, Muguruzaren liburuaz gain, Irati Goikoetxearen laugarren liburua eta Oier Santosen bigarrena kaleratuko ditu Ereinek, eta poesiarenean Verba polita, Javier Aramendiren opera prima.
Pako Aristi, euskarari buruz
Horrez gain, Fermin Etxegoienen Eutsiko diogu! eta Pako Aristiren Euskararen isobarak iragarri ditu, besteak beste, Ereinek. Elkarrizketa liburua da Etxegoienena. «Gure gizartean, eta euskaraz, beren enpresak kudeatzen dituzten 12 lagun gazteri egindako elkarrizketak» jasotzen ditu: Luistxo Fernandez (CodeSyntax), Hedoi Etxarte (Katakrak) eta Maite Unda gaztagilea daude horien artean. Euskararen isobarak liburuan, berriz, euskara du gai nagusi Aristik.
Txalapartaren euskarazko eskaintza nagusian Patxi Zubizarretaren 50 nobela dagoeneko aurkeztua da nabarmentzekoa. Utriusque Vasconiaek, Antonio Casado da Rocharen bigarren poema liburuaz gain, eskaintza oparoa du saiakeraren eta kritika literarioaren alorrean, Fito Rodriguez eta Eider Rodriguezen lanekin, besteak beste; Eider Rodriguezen Itsasoa da bide bakarra saiakerak Joseba Sarrionandiaren itsas irudien irakurketa proposamen bat du azpiizenburu. Maiatz argitaletxeak, berriz, Jean-Louis Davant, Eric Ditxarri, Marikita Tambourin eta Ttittika Rekalten liburuak iragarri ditu.
Horrez gain, urtero bezala, eskaintza oparoa izango da haur eta gazte literaturaren arloan nola itzulpenetan. Euskaraturiko liburuen artean, Jane Austenen Watsondarrak, Samuel Becketten Molloy, Joseph Conraden Ilunpeen bihotzean, Marguerite Durasen Samina, Hermann Hesseren Siddharta, Paco Rocaren Zimurrak, Françoise Saganen Tristezia, zer berri, Georges Simenonen Maigret, Jules Verneren Michel Strogoff eta Virginia Woolfen Mrs Dalloway izango dira, besteak beste, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumako hiru liburu berriez gain: Emily Dickinsonena, Carlos Drummond de Andraderena eta Miguel Hernandezena.