Alex Gurrutxaga / 2015-05-17 / 453 hitz
- Izenburua: Munduko poesia kaierak. Sophia de Mello
- Egilea: Sophia de Mello
- Itzultzailea: Iñigo Roque
- Argitaletxea: Susa
Susa etxea osatzen ari den Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu dute Sophia de Mello poeta portugaldarraren antologia. Iñigo Roquek hartu du itzulpena egiteko lana, eta bai fin asko burutu ere. XX. mendeko Portugalgo poesiaren gailurretakoa da De Mello; Fernando Pessoarekin batera, nahiz eta haren ondotik etorri, poesia modernistaren luma finenetakoa, lirika iradokitzaile eta zehatzaren sortzailea.
Zehatza, De Mellok bilatzen zuelako inguratzen zuena doitasunez eramatea paperera. Izadiaren behaketa eta zentzuen bidez hautemandakoaren deskribapena bere jarrera poetikoaren erdigunean daude. Paisaiak birsortzen ditu poetak, urbanoak batzuetan, eta gehiagotan naturakoak, desirari eta nostalgiari lotuta. Lurralde poetiko horien artean, poeta beti itzultzen da itsasora: hondartzak, kaia, ontziak, korala edota naufragoak daude, han-hemenka barreiatuak, haren poesian.
Inguratzen duten elementuetarik abiatuz, gauza arrunten atzean ezkutatzen den esentzia bilatzen du Sophia de Mellok, ohiko bizitzatik harago iristea nahi genukeenaren transzendentzia, instante orok eternaletik daukana, pertsona bakoitzak jainkozkotik duena. Eta hori, poesian: «Este é o poema — engano do teu rosto / No qual eu busco a aboliçao da morte», idazten du Eurydice poeman. Eta hor agertzen da De Melloren telurismoa. Kristautasun berrituaren ildoan, paisaia konkretua unibertsoaren gorpuzte gisa azaleratzen da, eta poetaren desio gorena unibertsoarekin bat egitea litzateke: «nire, itsasoaren, haizearen eta ilargiaren batura»; «Egun batez neu izango naiz itsaso eta hondar/ den guztiarekin egongo bategina»; eta bere arte poetikoan esaten duen bezala: «unibertsoarekiko harreman hau da poema poema gisa definitzen duena». Horrela, denbora eta existentzia bihurtzen dira De Melloren gai nagusiak —Etxe zuria, Hilak sendi ditut, Denbora zatikatuan, eta abar—; hala ere, jakina, amodioa —Hirekin zeharkatzeko munduaren desertua, Amodio hil batetik, eta abar—, aberria —Apirilaren 25a, Iraultza, eta abar—, edo literatura bezalako gaiak ere lantzen ditu —Lorcaren hilobia, edo Zikladeak, Pessoaren oihartzunez betea—.
De Melloz esaten da poeta klasikoa dela; eta hala da, baina ez da ahaztu behar, formari dagokionez, Modernismoaren ezaugarri behinenak bere egiten dituela poeta portugaldarrak, hala nola bertso librea eta sinestesia —gogoratu behar da, bidenabar, klasikoekiko maitasuna aipatzen dugunean, lehen Modernismoa oso klasikozalea izan zela—.
Poema antologia hau orekatu eta interesgarria da, kronologikoki antolatua hastapenetako poemetatik azkenekoetara. Pena da edizio hauetan poemen jatorriari buruzko daturik —data, liburua, eta abar— ez egotea batere, oso lagungarria izango litzateke-eta hori irakurlearentzat.
Literaturan (ere) berritasuna eta apurketa, ildo berriak zabaltzea eta gauzak iraultzea estimatzen dugu egun, ia ahaztuz literaturari eskatu behar zaion oinarrizko gauza literatura izatea dela, ona izatea, alegia. Sophia de Mello ez zen poeta apurtzailea izan, poeta klasikoa baizik —klasikoa eragin eta estetikaz, eta baita bere burua tradizioan txertatzeko moduan ere—, baina klasikoa, batez ere, Aulo Geliok II. mendean hitzari eman zion zentzuan: bere dohainengatik eredugarritzat har daitekeena. Eta horrela izaten dira, eta dira oraindik poeta klasikoak moderno.