2000 urtean / 2000. urtean

Itxura batera antzekoak badira ere, zeharo ezberdinak dira bi egitura hauek esanahiari dagokionez:

a) 2000 urtean izugarri aldatu da Iruñea.

b) 2000. urtean izugarri aldatu da Iruñea.

Bien arteko aldeaz jabetu ez bazara, jarraitu irakurtzen.

a) esaldian, iraupena adierazi nahi dugu. Denbora-tarte luzea da markatzen dena: 2000 urteko denbora-tartea, alegia. Gai honen inguruko informazio zabalagoa nahi izanez gero, jo ezazu Euskaltzaindiaren 110. araura: Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen.

b) esaldian, berriz, urte bakar eta jakin bat ari gara seinalatzen: 2000. urtea, alegia.

Beraz, sor litekeen anbiguotasuna saihesteko, urte jakin batez ari garenean oso garrantzitsua da puntua idaztea zenbakiaren eta “urte hitzaren artean (eta ahoz ari garenean, berriz, -garren esatea): 2000. urtean (bi milagarren urtean).

OHARRA.  Hau guztia “urte” hitza tartekatzen dugunean gertatzen da. Jakina, b) esaldia beste era honetara ere taxutu dezakegu esanahirik aldatu gabe: 2000an izugarri aldatu da Iruñea.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude