Okerrak: *egositak, *zuzendutak, *erabilitak, *itxitak, *lotsatutak…

Testuinguru bakar batean ere ez dira zuzenak izango sarrera honen izenburuko formak zein horien parekoak.

Zuzenak: egosita, zuzenduta, erabilita, itxita, lotsatuta…

Horiek guztiak adberbioak dira eta forma aldetik aldagaitzak. Hortaz, forma bera erabili behar da bai singularrean bai pluralean:

  • JokalariA nekatuTA dago.
  • JokalariAK nekatuTA daude. (Inoiz ez *nekatuTAK)

OHARRA. Beste forma hauek ere zuzenak dira:

  • JokalariA nekatuA dago.
  • JokalariA nekatuRIK dago.
  • JokalariAK nekatuAK daude.
  • JokalariAK nekatuRIK daude.

Hona hemen Internet sarean topatutako oker batzuk:

a) *Egositak daudenean atera eta utzi hozten.

b) *Kurba Konikoak_ Ariketa Zuzendutak.

c) *Horrelakoak oso erabilitak dauzkazue.

d) *Fetuak nahiz eta begiak itxitak izan, alde batera eta bestera mugitzeko gaitasuna du.

e) *Batzuk pixka bat lotsatutak zeuden.

 

Modu honetan behar dute zuzenak izateko:

a) Egosita daudenean atera eta utzi hozten.

b) Kurba Konikoak_ Ariketak zuzenduta.

c) Horrelakoak oso erabilita dauzkazue.

d) Fetuak nahiz eta begiak itxita izan, alde batera eta bestera mugitzeko gaitasuna du.

e) Batzuk pixka bat lotsatuta zeuden.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude