OKERRAK: *ingelesako, *ingelesan, *ingelesazko…

ZUZENAK: *ingeleseko, *ingelesean, *ingelesezko...

INGELES da hitza, eta ez INGELESA; hau da, ez du -a itsatsi edo organikoa.

Hala agertzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian. Honatx, sarrera (erreparatu batik bat 3. adierari):

ingeles

1 adj. Ingalaterrakoa, Ingalaterrari dagokiona. Ingeles herria.

2 iz. Ingalaterrako herritarra. Ameriketara joan ziren ingelesak.

3 iz. Germaniar hizkuntza, batez ere Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan eta antzinako ingeles inperioko lurraldeetan mintzatzen dena. Estatu Batuetako ingelesa. Ingelesez mintzatu. Ingelesetik hartutako hitza. Ingelesez idatzia. Ingelesezko lehen Biblia. Ingelesezko indiar literatura.

Hona hemen Internet sarean topaturiko akats batzuk:

  • *Ingelesako klaseetan elurrarekin jolasean
  • *INMERSION EN INGLÉS – INGELESAN MURGILKETA
  • *Gaztelaniazko eta ingelesazko bertsioak ere aurki daitezke webgune berean
  • *18 ekintza desberdin, 11 euskaraz, 4 ingelesaz eta 3 gazteleraz

Honela behar dute zuzenak izateko:

  • Ingeleseko klaseetan elurrarekin jolasean
  • INMERSION EN INGLÉS – INGELESEAN MURGILKETA
  • Gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ere aurki daitezke webgune berean
  • 18 ekintza desberdin, 11 euskaraz, 4 ingelesez eta 3 gazteleraz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude