Atalen artxiboak: Hiztegi Batua

ZUZENAK: hobeago, hobekiago, hobetoago

Euskaltzaindiak euskara baturako ontzat eman ditu aldaera hauek: hobeago, hobekiago eta hobetoago.

Honatx Euskaltzaindiaren Hiztegian nola datozen hitz hauen sarrerak:

hobeago adj. Hobea. Bizitza hobeago baten itxaropena. Izana naiz hau baino hotel hobeagoetan. Hura baino hobeagorik deus ez dagoela jakinda.

hobekiago adb. Hobeki. Ongi baino hobekiago nekien hori. Aspaldi egin zuen nik egin dezakedan baino hobekiago. Zorionez, uste izan den baino hobekiago doa.

hobetoago adb. Hobeto, hobeki.

EZ EZIK (“ere” hitza behar du eskuineko perpausean)

Lehenengo juntagaiaren gibelean EZ EZIK eta bigarrenarenean ERE gehituz eratzen da esapide hau. Halaxe dio Euskaltzaindiak bere hiztegian:

ez ezik Ez bakarrik. (ere hitza behar du eskuineko perpausean). Bere izena ez ezik, familia guztiarena ere lohitzen ari zen: bere izenaz gainera familiarena ere lohitzen ari zen. Aitortu gabe utzi zuen bekatua ez ezik, aitortuak ere berriro esan beharko ditu. Ezkontzak biziera ez ezik, bizilekua ere aldarazi zion. Hotzildu zen poliki-poliki, epeldu gero eta azkenik, hoztu ez ezik, baita izoztu ere.

Bigarren juntagaiari dagokionez, esan beharra dago gehienetan ere erabili ohi den arren badirela beste aldaera batzuk ere, esate baterako: baita… ere, ere bai.

Hona hemen Internet sarean topaturiko adibide batzuk:

  • Mutrikun ez ezik, Pasaian ere ekologistak aurka

  • Pazko astelehena ez ezik, igandea ere bai
  • Iñaki Artola ez ezik, Abel Barriola ere itzuliko da lehiara asteburu honetan

  • Jasotzen dugun arreta goiztiarrak haurrari ez ezik, familiari ere laguntzen dio

  • Herritarrek ez ezik, bisitariek ere erosten dituzte.
  • Biziegokitasunari buruzko araudiak baldintzak ezartzen ditu, fatxadetako baoetarako ez ezik, baita terraza irekietatik kanpora ematen duten baoetarako ere

Oinarrizko hiru lexiko tekniko: Astronomia, Fisika eta Matematika

Euskaltzaindiak oinarrizko hiru lexiko tekniko ditu argitaraturik sarean: Astronomiakoa, Fisikakoa eta Matematikakoa hain zuzen ere. Helburua da Hiztegi batua zientzia eta teknologiaren arloetako kontzeptuez eta haiek adierazteko hitzez aberastea. Horregatik, “Euskaltzaindiak erabaki du Hiztegi batuaren uneko bertsioan sartu ez diren baina bi alderdi hauetatik begiratuta sartu behar liratekeen hitzak biltzea eta gizarteratzea”.

Zuzenak: “eskuinera” eta “eskuinetara” zein “ezkerrera” eta “ezkerretara”

Euskara batuan zuzenak dira eskuinera eta eskuinetara zein  ezkerrera eta ezkerretara formak.

Hona hemen Ereduzko Prosa Gaur corpusetik hartutako adibide batzuk:

  • Makina hori hiru eratara mugitzen zen: aurrera, ezkerrera eta eskuinera.
  • Zuk eskuinera jotzen baduzu, ni ezkerrera joango naiz.
  • Zure etxetik irtenda, ezkerretara ala eskuinetara?
  • Epailearen eskuinetara zeuden zinpeko bederatziak, eta ezkerretara fiskala eta lau abokatuak.

Oharrak. Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan ohar hauek datoz gai honen inguruan: