Toki bila

Arantxa Iturbe / 2012-09-02 / 248 hitz

Munduan bi tipotako pertsonak daude: toki egokia inon topatzen ez dutenak eta nonahi topatzen dutenak (baita tokirik ez den tokitan ere).Eman dezagun hondartza dela mundua. (Abuztuan, mundu bat denean bertan; bestela konparazioak ez du balio). Hasieran ez da arazorik. Ez naiz ausartzen esaten noiz den hasiera. Baina izango da uneren bat hondartzan ere jendea baino toki gehiago dagoena. Ez dut ezagutu. Beti iristen naiz desgaraian. Eta beti sentitzen ezlekuan. Iritsi eta toki guztiak dira desegoki nire begietara. Batean ez zait toalla kabitzen; bestea bikote horrengandik gertuegi; urrutiko hark egokia ematen du bertaratu eta egokia bezain hezea dela frogatu arte. Ni naiz desegoki toki guztietarako, denborarekin lekutzen joan arte, behintzat. Denborak bakarrik lortzen du hori. Eroso sentitzen hasterako neure lekua uzteko garaia hortxe-hortxe.

Beste batzuk aldiz, leku aproposak besterik ez dituzte ikusten tokirik ez dagoenean ere. Urrutitik ezagutzekoak dira. Espedizio-buruak ezkerrean sonbrilla, eskuinean aulki parea eta bizkarrean motxila. Soka ikusezinari lotuta bezala atzetik gainontzeko kideak. Burua geratzen bada, atzekoak ondoan. Eta gera liteke, batere kontzientzia kargarik gabe, lehendabiziko lerroan esanez: «Hementxe… oinak bustitzeko uretatik gertu». Kontuan izan gabe, lehendabiziko lerroa hasten den tokian daudenak direla lehendabiziko lerrokoak. Eta zerbaitegatik daudela han eta ez aurrerago. (Olatuek ere merezi dute errespeto eta toki pittin bat joan-etorria egiteko). Sonbrila hondarretan iltzatu, eta hura bihurtuko da euren konkistaren seinale. Behin lekuaz jabetu ondoren hondartza barrura begiratzen dute, pentsatuz, «jende hau zergatik jartzen ote da hain atzean? Ez ote dakite onena itsas-ertza dela?».

Halaxe munduan. Batzuk, toki bila. Besteak, edozein tokitarako. Lotsarik gabe..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude