Zeruko biztanleak, paperean

Iñaki Lasa / 2012-09-25 / 558 hitz

Euskal Herrian 220 hegazti espezie daude. ‘Guía de aves de Euskal Herria’ gidaliburuan bildu ditu guztiak Sua argitaletxeak.

Gizakiarengan ikusmira sortu izan dute beti hegaztiek. Zeruan hegan, aske, gizakiak grabitatearen indarra madarikatzen duen bitartean. Gora begira denbora-pasa dute hainbat belaunaldik, animalia hauei so. Horietako asko dira Euskal Herriko zerua zeharkatzen duten hegaztiak, izan migrazio mugimenduetan neguko hotzetik ihes egiten duten espezieak, izan urte osoan urmaeletan edo hezeguneetan topa daitezkeenak. Haiek ikusteko leku aproposa da Euskal Herria, baina, aditu ez direnentzat askotan zaila da hegazti bakoitza zein espezietakoa den jakitea.

Ez da harritzekoa, beraz, Sua argitaletxeak Guía de aves de Euskal Herria liburua argitaratu izana. Galizian Baia argitaletxeak argitaratutako gidaliburu bat egokituta osatu dute lana. Suaren liburuko egileak Galiziako bi ornitologo ezagun dira: Xose M. Penas eta Carlos Pedreira. Susako lantaldeak bi ornitologoen testuak hartu, eta Euskal Herriko egoerara egokitu ditu, lurraldeko informazioa gehituta. Ilustrazioak natur gaietan espezializatutako Calros Silvar marrazkilariak egin ditu. Hektor Ortega Suako lantaldeko partaideak garrantzi handia eman die marrazkiei. «Marrazkiak oso landuak dira: hegazti gehienak jarrera desberdinetan agertzen dira, kumeak, ale gazteak eta ale helduak diren berezituak eta ar eta eme artean aldeak badaude horiek ere irudikatzen ditu…»

Liburua osatzeko lana ez da erraza izan: hainbat adituren laguntza izan dute, eta atzetik dokumentazio lan handia izan du. Guztira, 220 hegaztiren informazioa bildu dute. Batzuk, txepetxa, zikoina eta kaioa bezala, oso ezagunak; beste hainbat —zata arrunta eta lertxuntxoa, esaterako—, askoz ezezagunagoak. Bere laguntza eskaini duen adituetako bat Joseba del Villar biologoa izan da. 220 espezie horiek bertakoak direla azaldu du, nahiz eta horietako espezie askok urteko aldi bat pasa Euskal Herrian.

Iraganean hegaztien ezagutza handiagoa zuen gizarteak, naturari atxikiago bizi zelako. Gaur egun, berriz, galdu egin da harreman hori, eta, ondorioz, gutxiago ezagutzen dira Euskal Herriko hegaztiak. Horregatik, Del Villarren iritziz, gizakiarengandik hurbilen dauden txoriak dira ezagunenak: txolarrea eta zozoa, kasu. Haien kantua berezia delako edo ehizatzen direlako ditu ezagunenen artean biologoak. Kontrako aldean, gautxoriak dira zailenak ikusten, eta, noski, galtzeko arriskuan daudenak.

Euskal Herriko 220 hegazti horien erdiak baino gehiago bizi dira urte osoan lurraldean. Gainontzekoak migrazio mugimenduen ondorioz zeharkatzen dute lurraldea. Horietako batzuek, leku beroagoen bila jotzen dute, hegoalderago oraindik; baina Ipar Europan jatorria duten espezie ugarik Euskal Herriko hezegune eta urtegiak dituzte helmuga.

Hezegune horiek dira hegaztiak ikusteko leku aproposenak. Kostaldean, Urdaibain (Bizkaia) eta Txingudin (Gipuzkoa) ikus daitezke itsas txori gehien. Barnealdean, hegazti ugarik dute habia Salburuko eta Guardiako hezegunetan (Araba) eta Pitillas eta Las Cañasen (Nafarroa) Piriniotako muinoetatik ere ikus daitezke migrazioak. Hezeguneen garrantzia agerikoa izan arren, Del Villar kritikoa da orain arte egon den egoerarekin: «Hegaztiek beren habitata ondo egotea behar dute, eta historikoki oso gaizki tratatu dira hezeguneak. Batez ere, kostaldeko padurak etxeak eraikitzeko erabili direlako». Dena den, egungo egoera hobea dela uste du, legedi estuagoek babesten baitituzte hegaztien bizilekuak.

«Aurrekaria»

Gizakiak ez bezala, animaliek ez dute muga geopolitikorik bereizten, eta, hori izan da hain zuzen ere Suako lantaldearen zailtasun nagusia: banaketa administratiboa. Ortegak azaldu du zergatik izan den hala: «Euskal Herria hiru administrazioen menpe dago, bakoitzak bere irizpideak erabiltzen ditu, eta datuak argitaratzeko orduan desberdintasunak daude». Ipar eta Hego Euskal Herrian babes mailaketa desberdina erabiltzeak ere arazoak sortu dizkie lan homogeneo bat egiteko garaian.

Ortegak aitzindaritzat jo du argitaratu berri duten gidaliburua. «Modu honetako lanik ez zegoen orain arte, ez Euskal Herri osoa hartuta». Gazteleraz argitaratu dute liburua, baina euskaraz ere argitaratzeko «asmoa, gogoa eta ilusioa» dutela adierazi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude