Estropezu

Arantxa Iturbe / 2012-11-01 / 253 hitz

Umea badoa espaloian korrika txikian. Ama, pauso batzuk atzerago. Umea, estropezu egin, eta erori egin da. Amaren begirada ez da nahikoa babes izan, antza. Inguratu da ama, larri, bildu du beso babeslez eta galdetu dio: «Nork egin dizu estropezu, ttiki?». Galdera izan zitekeen «nork erori zaitu, laztana?» edo beste antzekoren bat. Edo umearen adinaren arabera, amak egin diezaioke tas-tas espaloiari, bere kuttunari min egiteagatik.

Eta umea hasi da lezioa ikasten, jakina. Amak beti babestuko duela eta, hala ere, min hartuko duela. Hori da lezio bat. Bestea da, errua beti dela besterena. Ez duela estropezu egin traketsa delako, edo pausoa non eman ahaztuta zebilelako, edo aurrera begira joan beharrean atzera begira zihoalako. Espaloiak du errua. Ikusi ditugu herritar kozkortuagoak, amaren babesetik aspaldi aldenduak, udalari salaketa jartzen espaloian estropezu egin dutelako. Baita salaketa irabazten ere espaloiko harlauza tokiz kanpo zegoelako eta arriskua eragiten zuelako. Ados. Espaloiek egoera onean behar dute. Arriskua ahal den neurrian saihestea komeni da. Baina arriskua horregatik da arrisku. Edonon dagoelako. Espaloian edo teilatuan. Eta norberarena da arriskua aurreikusi eta ondorioz pausoa nola eman erabakitzeko ardura. Eta ematekoa.

Entzuten ditut denak errudun bila. Entzuten ditut batzuk besteak salatzen. Ardurak besteren bizkar gain botatzen. Erantzukizunak leporatzen. Eta diru-gosez, arduragabekeriaz, utzikeriaz gaizki egindakoak zabaltzen. Denak sinisten ditut. Eta imajinatzen gazte horien amak, saminean itsu eta gor, alabak zergatik hil dizkieten galdetzen eta arduradunak zigor ditzatela exijitzen.

Ume babestua datorkit berriz burura. Zutitzen lagundu eta berriz ez gertatzeko pausoa nola eman irakatsi izan baliote babestuago egongo zena.

Sekula ez tragediatik, hala ere. Horregatik da tragedia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude