Historiak eta aldaketak

Arantxa Iturbe / 2013-01-05 / 242 hitz

Denok dakigu historia gu jaio ginenean hasi zela. Betidanik egin izan diren gauzak dira gu jaio ginenetik egiten direnak, eta inoiz egin ez direnak, garai beretsuan egin gabe geratuak. Kontua da hasi ez ezik bukatu ere, gurekin bukatzen dela. Gurekin, orain. Hala interpretatu du psikologo talde batek Historiaren amaieraren espejismoa deitu dion ikerketa baten emaitzari. Historia gaur bertan amaituko dela ematen omen du, jendeak etorkizunean pentsatu gabe zenbat erabaki eta nolakoak hartzen dituen ikusita. Milaka laguni galderak egin ondoren ondorioztatu dute jendeak etorkizunean izango diren pertsonarengan eragin izugarria izango duten erabakiak hartzen dituela orain, eta etorkizuneko pertsona bihurtzen direnean ez zaizkiela interesatzen hautu horiek, edo okerrago, erabat damutzen direla hartutako erabakiez (atzerabuelta zailekoez, batez ere). Eta hori omen da ez ditugulako aintzat hartzen denborak guregan (gure iritzi, gustu, izaera, jarrera, pentsamendu, sentimendu, balore eskala, lehentasun gehi gainontzeko ia gure guztiengan) eragiten dituen aldaketak. Alegia, denborarekin denok aldatzen garela. Eta ez itxuraz bakarrik. Eta denok uste ez garela aldatuko. Garen hau izango garela beti eta betiko. Hortik Historiaren amaieraren ameskeria-rena. Polita geratu zaie.

Galdera bat izan dute ikerketarako abiapuntu: zergatik hartzen ditu jendeak gero damutzeko moduko erabakiak? Zer ondorioztatu duten argi dago. Ez da pentsatzen dugulako garen bezalakoak izango garela beti. Ez da pentsatzen dugulako orain uste duguna, sentitzen duguna, sinesten duguna ez dela bihar aldatuko. Ez du historiaren amaieraren espejismoarekin zerikusirik. Gehienetan da ez dugulako pentsatzen.

Horixe du gai batekin itsutzeak. Edo Gilbert ikerlaria eta bere psikologoak izenburuarekin liluratzeak. Pentsatzea eragozten duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.