Karmele Jaio: «Errazagoa da hutsuneak ikustea lasai bizi zarenean»

Igor Susaeta / 2012-12-22 / 1.775 hitz

‘Ez naiz ni’ ipuin liburuko protagonistek egin dute bizitzaren zati bat, heldu dira norabait, baina, bat-batean, konturatu dira ez dakitela horra iritsi nahi zuten ala ez; haiek erabaki duten puntu horretara heltzea edo bultzatuta iritsi diren. Atzera begira jarri dira egindakori zentzu bat emateko, baina aurrera egiteko beldur dira.

Argazkiak egiterakoan, une batean, Posta kalearen erdian jartzeko eskatu dio argazkilariak Karmele Jaiori (Gasteiz, 1970). Begira dauka jendea. Haien begiraden erdigunean dago idazlea. Jaiok, berriz, bizitzaren erdigunera iritsi eta galduta daudenengana zuzendu du begiratua Ez naiz ni (Elkar) bere hirugarren ipuin liburuan. Hamabost zauri (Elkar, 2004) eta Zu bezain ahul (Elkar, 2007) lanetan bezala, inkomunikazioak, gizakien arteko harremanetan sortzen diren zailtasunek ardaztu dituzte istorioak. Konstanteak dira Jaioren liburuetan. Musika airean (Elkar, 2009) bere bigarren nobela gaztelerara itzultzen ari da —errusierara ere itzuliko dute—, eta udaberrirako entregatu beharra dauka, etxean dituen bi umeek idazteko hartzen duen denboraren «kalitatea» baldintzatzen dioten arren.

Ustez, behintzat, bizitza nahiko bideratuta daukate Ez naiz ni-ko ipuinetako protagonista gehienek. 40 urte paseak dituztenak, ezkondutakoak edo bikotean bizi direnak, seme-alabekin eta lan itxurosoekin. Galduta bezala daude, ordea. Zer gertatzen da, bada, adin horretara heltzean? Zer azaleratu edo erakutsi nahi izan duzu ipuinetan?

Hain justu, bizitzako momentu hori. Egin dute bizitzaren zati bat, heldu dira norabait, baina, bat-batean, konturatu dira ez dakitela horra iritsi nahi zuten ala ez; haiek erabaki ote duten puntu horretara ailegatzea, edo bultzatuta heldu diren. Pertsonaia gehienek zarata handia eduki izan dute inguruan, baina halako batean isiltasuna egin da, eta hutsune bat sentitu dute. Atzera begira jarri dira, zer egin duten ikusi dute, eta beldurra ere badute aurrera egiteko.

Hortaz, hutsune hori azaleratu nahi izan duzu.

Bai. Hutsunea, eta sortzen zaien antsietatea. Konturatu dira denbora azkar doala aurrera, zahartzen ari direla, eta bat-batean sortzen zaie halako urgentzia zenbait gauza egiteko. Batek, adibidez, antsietate horri aurre egingo dio sexualki erakargarri sentituz; besteak, etxea erosiz… Zerbaiti heltzeko beharra dute.

Elkarbizitza edo jarrera eredu batzuk kolokan jartzeko asmoa eduki al duzu?

Bikoteei buruzko ipuinetan, kolokan jarri dut hainbat urte elkarrekin egon eta gertatzen dena. Nola biguntzen den dena, nola aldatzen den… Horregatik diot batzuetan bizitzak eramaten zaituela, eta ez dakizula zu zeu joan zaren, edo bizitzak, gizarte ereduak bultzatu zaituen. Ipuinetan badaude pare bat pertsonaia bikoterik ez dutenak, baina hori edukitzeko presioa sentitzen dute. Presio bat dago gizartean: eredu bati jarraitzeko, bikotea izateko, seme-alabak edukitzeko… Eta eredu horretatik kanpo baldin bazaude… Adibidez, emakume batek haur bat berak bakarrik eduki nahi badu, ba, presioa sentitzen du. Bizitzan hartutako bide batzuk eramangarriagoak dira, errazagoak, eta beste batzuk, zailagoak.

Ipuinetako batean, azkenekoan hain zuzen, zailena zahartzea ez baizik zahartzen hastea dela esaten dio Margak Alazne lagunari. Liburuaren aurkezpenean ideia hori bera nabarmendu zenuen. Zahartzen hastea zeren sintoma da, bada?

Zahartzen ari zarela benetan konturatzen zaren bizitzako momentu hori da latzena. Gaztea zarenean denbora aurrera doa, baina ez zara konturatzen. Eta bizitzaren erdiko hutsune hori pasa eta gero, uste dut errazagoa izango dela; ez naiz puntu horretara heldu, ez dakit, baina irudipena daukat zaharra zarela sentitzen duzunean halako lasaitze bat egon daitekeela. Zaharra zara eta kito. Berdin zaizu euria hasten badu Eroskiko plastikozko poltsa batekin kalera ateratzea. «Zaharra naiz, eta nahi dudana egin dezaket». Baina badago erdian adin bat, momentu bat, ez zarena gaztea, zaharra ere ez zarena…

Eta momentu horretan sentitzen dena antsietatea da?

Nik hori ikusten diet nire pertsonaiei; batez ere zentzu bat eman nahi diete beren bizitzei, berek egindako ibilbideei. Ez badiozu zentzua ematen, pentsa dezakezu: zenbat urte, zer egin dut… Guk geure burua justifikatu nahi dugu, jakin nahi dugu zergatik egin ditugun gauzak. Sentsazio hori izaten dugula uste dut…

Lehen pertsonan ari zara…

Pertsonaiei buruz ari naiz. Ni garai horretan nago, eta, noski, Ez naiz ni-ko ipuinak horren isla dira. Zure bizitzaren garai ezberdinetan kezka ezberdinak dituzu, eta horiek azaleratzen dira idazten duzun horretan. Badirudi kezka hori etorri zaidala eta horregatik asmatu ditudala pertsonaia horiek.

Istorioak irakurrita, zahartzen hastea gabezia edo zailtasuna emozionalekin lotzen duzula dirudi. Kontua, hortaz, psikologikoa da fisikoa baino gehiago?

Biak lotuta daude. Bai, alderdi psikologikoak pisu handia dauka zentzua bilatze horretan, baina gorputzak ere bai. Zeure burua zahartuta ikusten duzunean… Areago, gazte itxura edukitzeari hainbesteko garrantzia ematen zaion gizarte honetan. 60 urterekin ere gazte izan behar dugula dirudi. Ba, ez: garaian garaikoa.

Nolabaiteko ustezko erosotasunetik eratorritako desira edo ilusio faltaz ere hitz egin duzu zenbait ipuinetan. Bat zahartzen ari den beste seinale bat al da?

Pertsonaia guztiak dira middle class-ekoak; gutxi gorabehera ondo bizi direla, alegia. Funtzionarioak, unibertsitateko irakasleak… Bereziki interesgarriak iruditzen zitzaizkidan gisa horretako pertsonaiak. Izan ere, zuk fabrika batean lan egiten baduzu, erregulazio txostenean bazaude, eta ozta-ozta heltzen bazara hilaren bukaerara, zentzu bat ematen diozu zure bizitzari. Zure lanpostuaren alde borrokatzen zara, edo beste lan bat bilatzen duzu diru apur bat gehiago irabazteko. Hau da, badago borroka bat zure barnean, bizirik zaude. Baina eroso zaudenean, hilero zure ordainsaria jasotzen duzunean, lasai bizi zarenean, errazagoa izaten da hutsune horiek ikustea.

Egoera dramatiko bezain patetikoei heldu diezu. Halere, ia denak gerta daitezke barregarriak uneren batean. Zergatik egituratu dituzu horrela?

Horrela atera zaizkit, aurreikusi gabe. Istorioek hortik abiatzea eskatzen zidaten. Zergatik? Umoreak, ironiak, bestela tratatu ezingo zenituzkeen zenbait gai ukitzen uzten dizulako. Adin batetik aurrera, gainera, bi aukera dituzu: barrez hastea edo negarrez. Beharbada, horregatik da.

Bada ipuin bat, ordea, Ekografiak izenekoa, besteen aldean guztiz diferentea. Kolpe bortitz bat da, lehorra.

Bai. Ez dakit gogorrena den, baina bada diferenteena, zaharrena delako. 2008an edo 2009an idatzi nuen gazteleraz, eta errekuperatu egin nahi nuen. Beste ipuin gehienak aurten idatzi ditut, denak bata bestearen atzetik. Behin bost edo sei ipuin dituzunean eta norantz zoazen ikusten duzuenean, abiadura hartzen duzu.

Bizitzaren erdigunean dauden emakumezkoak dira protagonistak, eta ia denek atzera begiratzen dute aurrera egiteko. Gizonezko protagonista bakarrak, berriz, Aterkia-koak, ez du atzera egin nahi. Nahita egindako hautua al da?Zerbait adierazi nahi izan al duzu?

Ez, ez. Izan ere, beste ipuin batzuetan badaude atzera egin nahi duten gizonezkoak; Txupa Beltza-koa, adibidez.

Baina ez da protagonista-protagonista.

Tira… Protagonista gehienak emakumezkoak dira, bai, baina haien ikuspegitik gizonezkoen egoera ere islatu nahi izan dut. Ez da nahita egindako hautua izan, ez naiz konturatu.

Ia istorio guztietan hirugarren pertsona erabili duzu. Baina ipuin bat egin duzu lehen pertsonan eta beste bigarrenean. Zeren arabera aukeratzen duzu bata edo bestea?

Istorioek eskatzen dizute bata edo bestea. Tira, badago baten bat lehen pertsonan hasitakoa eta hirugarrenera edo bigarrenera pasatakoa. Orain ez dut gogoratzen… Batzuetan, narratzaile bat behar duzu; besteetan, protagonistaren begirada soilik islatu nahi duzu.

Adin jakin batean daudenen arazoak plazaratu dituzu orain. Lehen ipuin liburuan (Hamabost zauri), barneko minak zenituen mintzagai, eta bigarrenean (Zu bezain ahul), ahultasunak. Banakoaren jokabideak obsesionatzen al zaitu?

Tira: obsesionatu… Ez dakit… Idatzi ondoren konturatzen zara zein gai dituzun buruan. Askotan ez dakizu zer aterako den. Konturatu naiz orain arte idatzitako liburuetan badagoela beti ateratzen den gai bat: inkomunikazioa, gizakien arteko harremanetan dauden zailtasunak. Idazten dudanean nire lurraldea zein den esan beharko banu, esan gabeko hitzena dela erantzungo nuke. Niretzat inportanteagoak dira pertsonaiek esan gabe uzten dituztenak, esaten dituztenak baino. Zergatik? Bizitzan ere horrela gertatzen dela iruditzen zaidalako. Kezkak, arazoak ditugu guztiok, baina gure eguneroko harremanetan ez ditugu azaleratzen, normalean. Benetan garrantzitsuak direnak, gehienetan barruan geratzen dira. Hamabost zauri idatzi nuenean horregatik erabili nuen zauriaren irudia. Izan ere, zenbat hitz sortzen dira geure buruan, eta ez ditugu ahotik ateratzen, lotsagatik, beldurragatik edo dena delakoagatik. Hitz horiek berriro barrura sartzen dira, eta zauri bat egiten dute. Hori konstantea da nik idatzi ditudan lanetan. Badirudi kezka hori dudala.

Egun gailu pila bat dugu, bada, komunikatu ahal izateko…

Gailuak tresnak dira, azken finean. Inoiz baino tresna gehiago ditugu komunikatzeko. Oraintxe bertan bidal diezaioket mezu bat Australiako lagun bati, eta kontaktuan jarri; baina, askotan, kontaktua izatea ez da harremana izatea. Geroz eta jende bakartu gehiago dago, eta hori ipuinetan ere agertzen da. Hainbat bikotek nahi dute beren umeek beste batzuekin jolastea urbanizazio batean, haiek ikus ditzaketen toki batean. Lehen, naturalak ziren harreman horiek. Herriko plazara jaitsi eta han jolasten ziren haurrak, han elkartzen ziren gurasoak, bazegoen harreman bat. Hirietan, bereziki, geroz eta jende gehiago ikusten dut bakartuta. Egunerokotasunak horretara eramaten ditu, eta geroz eta zailagoa da komunitate harreman bat sortzea.

Eta horrek pena ematen al dizu?

Bai, sekulakoa.

Etorkizunean joera hori areagotu egingo al da?

Ez dakigu. Adibidez, ume txikiekin bizi eta bakartuak sentitzen diren bikote batzuk ahalegin bat egiten ari dira plazara bueltatzeko. Batzuk joango dira herri txiki batera bizitzera; beste batzuk, urbanizazio batera. Badago kezka hori, eta agian tortillak buelta emango du. Zerbait baldin bagara, gizaki sozialak gara, eta behar dugu taldea, behar dugu horren kide sentitzea.

Nola osatzen dituzu pertsonaiak? Esan izan duzu fikzioa idazten duzunetik adi egoteko mania garatu duzula; idazle izateko beharrezkoa dela. Behatzaile jarrera horretatik zer ikasi duzu? Zer ikusten duzu?

Lehen, agian, banintzen behatzailea, baina ez orain beste. Orain, konturatu barik, adiago nago gauza batzuei. Norbaitek egindako keinuaren azpian dagoena asmatzeko saioa egiten dut, baina nahi gabe. Idazle batek, azken finean, hori egiten du: errealitatetik hartu. Eta errealitatetik hartzeko adi egon behar duzu.

Bi nobela idatzi dituzu, baina ipuinen balioa aldarrikatzen duzu. Zergatik?

Gure literaturan, beste batzuekin konparatuta, ipuinek dezenteko pisua dute. Halere, nabaritu dut, argi eta garbi, jendeak, komunikabideek, irakurleek, garrantzi handiagoa ematen diotela nobela bat idazteari. Horretara ohituta gaude; istorio batek hasi, garatu eta bukatu egin behar du.

Idazten ari zarela sufritzen dutenetakoa al zara?

Idazten ari naizela ez nuke esango ondo pasatzen dudanik. Tira, ipuin hauetako batzuekin barre egin dut eta ondo pasatu. Azken finean, lana da, ahalegina eskatzen du. Batez ere, idaztea zuzentzea delako. Bat-batean istorio bat ateratzen zaizu, baina horri buelta asko eman behar dizkiozu zentzua emateko, forma emateko eta abar.

Oso konformagaitza al zara, bada?

Ez dakit. Ez naiz perfekzioaren zalea. Gustatzen zait ondo bukatzea, hori bai. Momentu batean pasatzen dut ondo: behin bukatuta eta irakurrita, esan nahi nuena esan nahi nuen moduan esanda dagoela sentitzen dudanean.

Zirriborro bat idazten duzunean, ingurukoei ematen al diezu irakurtzeko?

Ez. Alde horretatik lan nahiko bakartia egiten dut. Jendea oso lanpetuta dago, besteak beste [barreak]. Kaleratu aurretik, Xabier Mendiguren editorea izan zen ipuin hauek irakurri zituen lehena… eta bakarra!

Horrela jokatzen al dute idazleek?

Gehienek ez. Askok iritzi asko jasotzen dituzte.

Igual erotu egin zaitezke hainbeste iritzirekin.

Hori da. Azkenean… Ez dakit… Ni nahiko zalantzatia naiz… Pentsa, hortaz, bat hasten bazait «hau ez zait gustatu, bestea aldatu», eta bost iritzi diferente baldin baditut… Beraz… Badaukat Mendigurenen bermea. Segurtasun bat ematen dit, zorrotza izan behar denean zorrotza delako. Nahikoa da horrekin.

Zer irakurtzen du Karmele Jaiok?

Ahal dudan guztia irakurtzen dut ahal dudanean. Gure lana irakurtzea da, hain handi batean. Euskal literaturako nobedadeak… Ez dakit, bereziki ipuinak gustatzen zaizkit. Klasikoak beti daude hor berrirakurtzeko: John Cheever, Katherine Mansfield, Raymond Carver… AEBetako ipuingile horiek… Ez dakit, saiatzen naiz denetarik irakurtzen, baina gauza oso-oso fantastikoek ez naute erakartzen. Errealitatera, egunerokora oso-oso lotuta dauden istorioak gustatzen zaizkit.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.