Krisiak ez al daki euskaraz?

Jon Fernandez / 2013-01-25 / 1.453 hitz

Azken urteetan nabarmen ugaritu dira krisi ekonomikoaren inguruko liburuak. Hizkuntza hegemonikoetan izan dute gorakada; ez, ordea, euskaraz.

Ekonomia mintzagai arrunta bihurtu da edozein lagunartetan. Halabeharrez, herritarrek krisiaren ondorioak gero eta gertuago eta gogorrago nozitzen dituzten neurrian. Edozein tabernatan entzun daiteke jendea arrisku sariaz, BEZaren igoeraz, zerga iruzurraz edo erreskateaz berbetan. Hala ere, komunikabideetako informazio uholdeak eta hizkera ez beti errazak baieztapen baino galdera gehiago sortzen ditu. Gertatzen ari dena ulertu nahian, argi bila dabil jende ugari, eta liburuetara jo dute asko eta askok. 2007tik, AEBetan subprime hipoteken krisia lehertu zenetik, krisi ekonomikoari buruzko liburuen salmentek gorakada handia izan dute, lehendabizi ingelesez, eta azken urteetan baita frantsesez eta gaztelaniaz ere. Euskaraz, ordea, apenas argitaratu den libururik krisi ekonomikoa azaltzen. Zergatik dago hutsik euskarazko liburuei legokien apala liburu dendetan?

Inazio Mujika Iraola Alberdaniako editorearen iritziz, betidanik egon da hutsune hori, bai krisiaren aurretik, bai krisia hasi ostean ere. Baina hutsuneaz jabetzeko hutsunearen kontzientzia izan beharra dagoela nabarmendu du. «Euskaldun asko egon daitezke olatu honen gainean krisiari buruz erdaraz irakurtzen, baina euskaldunok beti egin dugu hori. Ez zaigu hain arrotza egiten». Alegia, ekonomiaz jakin-mina duenak erdarara jotzen duela zuzenean, pentsatu ere egin barik euskaraz ere egon daitekeela horrelako libururik.

Antzeko iritzia du Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editoreak ere: «Iruditzen zaigu nahiz eta gaia pil-pilean egon, horrelako liburuek nahiko merkatu txikia daukatela euskaraz. Esperientziak horixe erakusten digu». Mendiguren Elizegi saiatu da pare bat ekonomistarekin liburu pedagogiko bat idatz dezaten, baina asmoak ez du aurrera egin. Dena den, aitortu du ez direla askorik tematu kosta ahala kosta ekonomiaz liburu bat ateratzen. Azken batean, ez dauka argi horretarako merkaturik ba ote dagoen.

Giller Carreno liburu saltzailea da Elkarrek Bilbon duen denda batean, eta zuzeneko harremana du irakurleekin. Jendeak egokitu zaion krisia ulertzeko gogoa duela ziurtatu du, baina baita automatikoki gaztelaniara jotzen duela ere. «Bezero bakar bat ere ez zait etorri krisiari edo ekonomiari buruzko euskarazko libururik badaukagun galdezka», aitortu du. Gaztelaniaz ekonomiaz gehiago argitaratzen den neurrian gehiago saltzen dela azaldu du Carrenok, baina gorakada hori ez du zuzenean krisiarekin lotzen. «Argitaletxe handiek merkatu nitxo bat aurkitu dute gai horrekin, eta ondo aprobetxatzen ari dira itzulpenekin zein ohiko egileen liburuekin argitalpenak ugarituz».

Euskaraz ez legoke horrelako merkatu nitxorik? Mujika Iraolak ez du batere garbi ikusten. «Egongo da gutxiengo bat, baina iruditzen zait ez dela izango liburu baten argitalpena justifikatzeko adinakoa». Hain justu, Alberdaniak argitaratua da ekonomiaz modu dibulgatiboan argitaratu diren liburu gutxietako bat. Iñaki Heras EHUko Ekonomia irakaslearen Txanponaren bi aldeak kaleratu zuen 2003an, Zerberri sailean. Mujika Iraolak azpimarratu du sail horretan gai akademiko batzuk sartzen saiatu zirela modu dibulgatiboan baina ez zutela arrakastarik izan. «Liburu onak atera ditugu Zerberrin, baina, azkenean, gehien saldu ditugunak testigantza liburuak izan dira, homosexualitateaz, amatasunaz… dihardutenak».

Marketin olatuak

Nolanahi ere, irakurleengan krisia ulertzeko egarria nabari du Esther Mollua Donostiako Hontza liburu dendako arduradunak. «Eta orain asko hazi bada ere, krisia hasi aurretik ere bazegoen ekonomiaz irakurtzeko grina». 2003an gaztelaniara itzulitako Spencer Johnsonen ¿Quién se ha llevado mi queso? edo Naomi Kleinen 2007ko La doctrina del shock «barra-barra» saldu zirela dio Molluak. Dena dela, hizkuntzari baino gehiago, egilearen izenari begira joaten da eroslea liburu dendara. «Telebista eta irrati nagusietan entzundakoaren bila joaten da jendea liburu dendara», Carrenoren esanetan. Horrez gain, liburu batek behin eta berriz aipatzen dituen erreferentzietara ere salto egiten dute irakurle askok, jakinguraz.

Idazleen artean, Nobel saridunak, guruak, ekonomistak zein kazetariak aurki daitezke, eta liburuak, funtsean hiru motatan bereiz daitezke: zer gertatu den esplikatzen dutenak, iragarpenak egiten dituztenak eta alternatibak proposatzen dituztenak. Hautatzeko orduan erreakzio katean funtzionatzen du gehienbat irakurleak, liburu sailtzaileen esanetan: ekonomista edo pertsona bat telebistan edo Interneten ezaguna egiten da, argitaletxeek fitxatu egiten dute eta liburuak barra-barra saltzen dira. Espainian Andreu Buenafuente aurkezleak telebistan deskubritu ostean Leopoldo Abadia ekonomistaren liburuek izan duten harrera ona da fenomeno horren adibideetako bat. Euskal komunitatean, txikiagoa izanik, horrelako zerbait gertatzea zailagoa dela diote bai argitaletxeek eta baita ekonomistek ere.

Neurri txikiagoan, eta faktore ezberdinengatik, antzeko zerbait gertatu da Stephane Hesselen Haserretu zaitezte! liburuaren itzulpenarekin. Denonartean argitaletxeak 2011n argitaratu zuen, Espainiako haserretuen M-15 mugimendua borborrean zenean, eta 2.500 ale saldu zituen. Unai Pascual Denonarteaneko editorearentzat, «oso sorpresa atsegina izan zen». Gainera, itzulpena egun berean argitaratu zen hainbat hizkuntzatan: Berlinen, Erroman, Madrilen eta Iruñean.

Hesselen liburua ez da ekonomikoa, soziala baizik. Baina krisiak ekonomiaren mugak gainditu ditu, beste arlo askotara ere hedatu da, eta horietaz ere ugaritu dira argitalpenak. Haserretu zaitezte! liburuaren arrakastaren ostean pisu ekonomiko handiagoko liburu bat ateratzeko unea zela pentsatu zuen Denonarteanek, eta Ekonomialari harrituen manifestua kaleratu zuen 2011n, frantsesetik itzulita.

«Ikusten genuen falta zela euskaratzea mundu global honetan gertatzen ari diren fenomeno batzuk», azaldu du Pascualek. Baina aitortu du liburuak ez zuela aurrekoaren arrakastarik izan. Bostehun ale baino ez zituzten saldu.

Pascualek ez du krisi ekonomikoari buruzko beste libururik esku artean, ekonomiaz harago, balioen krisia dela uste duelako. «Filosofiaren ildotik jorratuko dugu orain. Dena den, uste dut badagoela krisia euskaraz lantzeko aukera, baina agian saiakera formatutik kanpo egingo du bidea; literaturaren bidez, beharbada».

Euskal homogeneizazioa

Badago, nolanahi ere, dioenik ekonomiari buruzko euskarazko liburu dibulgatiborik ez egoteko arrazoietako bat horiek idazteko ekonomistarik ez dagoela. Iñaki Heras EHUko ekonomia irakaslearen ustez, ordea, idazlerik ez zaie falta liburu horiei, baina seguruenik bai irakurleak. Azpimarratu du, gainera, badaudela egon tarteak egunero euskaraz ekonomiari buruz «modu interesgarrian» aritzen direnak: prentsan, irratian zein telebistan.

Herasek, baina, beste gabezia bat nabari du, beste hizkuntza komunitateetan baino polarizazio txikiagoa dagoela: «Euskal mundu txiki honetan adostasun handiagoa dugu ekonomian, ideologikoki homogeneoagoa da ekonomiaren dibulgazioa. Euskaraz idazten duten ekonomista neoliberal gutxi aurkituko dituzu. Xavier Sala i Martin katalan neoliberalaren moduko bat ez dugu euskaraz».

Ekonomiarekiko bat-bateko interes kolektiboari dagokionez, Herase, ustez, 2001ean Argentinan corralito-arekin ezagututako antzeko zerbait gertatzen ari da orain Euskal Herrian. Tabernetan jendeak ekonomiaz hitz egiten zuen orduan Buenos Airesen, baina hemen ez zegoen, orain legez, Paul Krugman edo Joseph Stiglitz irakurtzeko grinarik. «Bi Nobel saridunok 1990eko hamarkadaren erdialdean esaten zuten gauza bera esaten dute orain. Gertatzen dena da, tamalez, orain guk pairatzen dugula krisia», dio Herasek.

Hizkuntza hegemonikoetan ekonomiaz horrenbeste liburu argitaratzeak arrisku batzuk ere izan ditzakeela ohartarazi du: «Krisiaren azalpen ulerterrazak batzuetan sinplistak izan daitezke». Irakurlea oso azaleko ikuspegi batekin gera daitekeela uste du, eta edozein gizarte zientziatan bezala, ekonomian ere ñabardurek garrantzi handia dute.

Argitalpen batzuek ekonomiaren barrenak berehala ulertzeko modua eskaintzen diote irakurleari; Jordi Sevilla Espainiako Administrazio Publikoko ministro ohiaren La economía en dos tardes liburuak, kasu. «Ez da sinpatikoa esatea, baina ekonomia ikasteko denbora asko behar da —Herasen esanetan—, eta oso garrantzitsua da klasikoak irakurtzea. Zenbat aldiz ez ote dugu Marx aipatzen hura irakurri ere egin gabe…».

Hain zuzen, gaztelaniazko argitaletxeetan ugaritu egin dira klasikoen berrargitalpenak: Karl Marx, John Maynard Keynes, Adam Smith eta Milton Friedman, besteak beste. Badu bere logika. Jendeak haien erreferentziak irakurtzen ditu egungo liburuetan, eta jatorrizko iturrietara jotzen dute batzuek. Halere, ez da erraza klasikoak berehalakoan ulertzea, Herasek ohartarazi duenez. «Krugmanek, adibidez, lau artikulutatik behin aipatuko ditu Keynes eta depresioaren kontrako dotrina. Eta kuriositate pittin bat duenak joko du zuzenean Keynesengana, eta seguruenik ez du ezer ulertuko».

Warren Mosler ekonomista estatubatuarrak esaten du krisia oso sakona dela, baina batez ere ezjakintasunaren krisia dela. Jendeak ez dakiela diruak nola funtzionatzen duen. Joseba Felix Tobar-Arbulu EHUko Ekonomia irakasleak interes handiz jarraitzen du Moslerren diruaren teoria modernoa, eta udan argitaratuko du Diru teoria modernoa eta finantza ingeniaritza liburua, UEUrekin —2011n Finantza-kapitalismoa argitaratu zuen bi liburukitan, Utriusque Vasconierekin—. «Nire helburua da munduko teorien artean onenetako bat hautatzea, eta bai teoria eta bai praktika Euskal Herrian aplikatzeko proposamena egitea».

Krisia bultzatua, nahita eragindakoa dela uste du Tobar-Arbuluk, eta horixe azalduko du, besteak beste, paperean eta euskarri elektronikoan argitaratuko den liburu berrian. Egoerak, baina, irtenbidea baduelakoan dago, eta horretarako orain arteko eskema teoriko asko bota eta berriak ikasi behar direla deritzo. Alternatibekin, nolanahi ere, kontu handiz ibili behar dela dio, «erraz eror daitekeelako demagogian». Ekonomia irakaslearen arabera, kaleko jendeak ulertzen du krisiarekin zer gertatzen den. «Jendeak argi dauka non dagoen muina, zein den erruduna. Beste kontu bat da egoera sakon horri erantzuna ematea».

——————–

Gehien irakurriak

INGELESEZ

End This Depression Now! Paul Krugman.

The Price of Inequality. Joseph Stiglitz.

Why Nations Fail: The Origin of Power, Prosperity and Poverty. James A. Robinson eta Daron Acemoglu.

The Shock Doctrine. Naomi Klein.

The Big Short. Michael Lewis.

GAZTELANIAZ

El economista esperanzado. Leopoldo Abadia.

España se escribe con E de endeudamiento. Jose Maria Gay de Liebana.

España, destino tercer mundo. Ramon Muñoz Moya.

Economía para andar por casa. Carlos Rodriguez Braun, Olvido Macias, Pedro Pablo Gonzalez eta Ignacio Rodriguez.

Esto no funciona. ¿Qué es la economía? Arcadi Olivares.

FRANTSESEZ

Qui va payer la crise? François Langlet.

8 leçons d’histoire économique. Jean-Marc Daniel.

La communication de crise. Thierry Libaert.

La grande récession. Jean-Luc Greau.

La crise de l’euro: Comprendre les causes. Patrick Artus eta Isabelle Gravet.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude