Stylo

Julio Soto / 2013-01-16 / 227 hitz

Jaungoikoak adina urte dituen furgoneta batean abiatu ginen. Lau lagun. Gainean lotu genizkion jaki, sagardo kaxa, maleta, gurpil.. Irratia ere furgoneta bezain zaharra, eta CDrik sartzeko zulotxorik ez. Han-hemenka bildu genituen hautsak ezkutatutako kaseteak. Kaxiano, Xalbadorren omenaldiko bertsoak, Imuntzio eta Beloki, Arena Mix.. Majo kostata baina iritsi ginen Algecirasera. Asko izan ziren iritsi izanaren penaz geldituko zirenak. «Esan nizuen ez zinetela iritsiko» esateko gogoz geldituko zirenak.

Astelehen goizez hartu genuen ferrya. Furgonetarekin barruraino. Eta iritsi ginen, Marokora. Erabakitzeke geneukan nondik nora joko genuen. Tangerren geundela, eta Urtezaharretarako etxera itzuli nahi genuela, besterik ez. Lehen gurpil-alditik jabetu ginen denboraren makinan sartu eta atzera egin genuela. Bospasei hamarkada. Gure aitona-amonen, gurasoen ahotik entzundako hitzak, gure begi-bistan marraztu ziren. Mandoak uztarritik lotuta, asto gainean andre-gizonak, dozena erdi ahuntzen erreparoan, umeak artzain, zaldiak karroari tiraka…

Pozik hartuko lituzketelakoan, arropaz beteriko lauzpabost plastiko poltsa eraman genituen. Goserik ez, baina gune behartsu mordoarekin egin genuen topo. Behin, hiru ume bide bazterrean. Gelditu eta eman genizkien kamiseta eta galtza bana. Irribarrez eman zizkiguten eskerrak. Lotsaturik, «estilo, estilo» galdetzen ziguten. Eta guk, «pardon», barkatzeko, ez genuela ulertzen. «Estilo, estilo». Eta gu amorratuta, frantsesa ez jakiteagatik amorratuta.

Hartu ninduen ume batek eskutik, eta eraman furgonetaren ateraino. Hatzez erakusten zidan, hori, hori. Nik, harrituta, boligrafoa eskutan hartu eta galdetu nion: «Hau??». Baietz, buruarekin baietz. Bakoitzari bana eman genien. Eta munduko ume zoriontsuenak bihurtu ziren. Boligrafo banarekin. Stylo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.