Agurtzane Azpeitia: «Mitxelenaren intentzio ironikoaren ispilu dira»

Irune Berro Urrizelki / 2013-02-23 / hitz

Koldo Mitxelenak landutako enuntziatu parentetikoen ezaugarri eta xedeak aztertu ditu Agurtzane Azpeitiak.

Koldo Mitxelenaren zinema eta liburu kritiketako diskurtso estrategiak aztertu ditu Agurtzane Azpeitiak, Euskaltzaindiaren Iker bildumaren barruan argitaratutako liburu batean. Mitxelenaren enuntziatu parentetikoen nolakotasunak ikertu ditu, zehatzago esateko. Egitura horiek «Mitxelenaren diskurtsogintzaren eta estiloaren ezaugarritzaile» direla uste baitu Azpeitiak. «Azken batean, esatariak bere zigilua eta marka uzten ditu egitura horietan», esan du.

«Mezua pentsatzean, esatariak buruan duen irakurle potentzial horri egiten dizkion keinuak dira enuntziatu parentetikoak, hots, testutik bertatik mezuaren interpretazioa bideratzeko eta gidatzeko bitartekoak dira», hizkuntzalariak azaldu duenez. «Esatariaren helburua baita norentzakoak bere intentzio hori atzematea, hau da, idaztera eraman duen intentzio horren berri izatea». Eta, horretarako, ahalegin bereziak egingo ditu esatariak enuntziatu hori «modalizatzeko, birformulatzeko eta testuingururatzeko», Azpeitiak dioenez; «harik eta esan duenaren eta esan nahiko zukeenaren artean zirrikiturik txikiena egon arte, eta, nolabait, bere diskurtsoaren interpretazioa berak nahiko zukeen bidean jarri arte».

Ikerketa hasi aitzin jabetu zen Azpeitia funtsezkoa zela hartzailearen eta norentzakoaren artean bereizketa egitea. «Iruditzen zaigu Mitxelenak berak ere, aldez edo moldez, bereizketa hori egin zuela», azaldu du hizkuntzalariak. Hala, Mitxelenak enuntziatu parentetikoen bitartez egiten dituen dei edo keinu horiek norentzakoarekin lotu ditu Azpeitiak.

Prosa trinkoa eta abartsua

2010ean Deustuko Unibertsitatean aurkeztu zuen tesiaren bertsio laburra da Euskaltzaindiarekin kaleratu duen liburua. Eta tesiaren hastapenetan zela, gogoan du Xabier Mendiguren Bereziartuk esan ziola Mitxelenaren prosa trinkoa eta abartsua zela. «Trinkoa, hitz gutxitan informazio ugari tartekatzen duelako, informazioa informazioaren gainean jarriz; eta abartsua, berriz, perpaus nagusiari adar ugari ateratzen zaizkiolako. Eta ez bakarrik mendeko perpausak. Baita parentesiak, marrak, komak eta bestelakoak ere».

Azpeitiaren esanetan, «Mitxelenaren prosa trinkoa eta abartsua izatearen arrazoiaren atzean daude enuntziatu parentetikoak». Eta enuntziatu parentetikoen barruan, diskurtso edo ahots bi bereizi ditu Azpeitiak: «Oinarrizko enuntziatuarena eta enuntziatu horren egitura sintaktikoa hausten duen enuntziatuarena».

Bi ahots horiek Mitxelenari «joko handia» eman ziotela esplikatu du Azpeitiak, «ikuspegi ezberdinak modu zuzenean islatzeko modua eman ziotelako».

Izan ere, tarteka-marteka, bigarren ahotsa oinarrizko enuntziatutik aldendu egiten da, Azpeitiak dioenez. «Eta ausartuko nintzateke esatera oinarrizko enuntziatuko ahotsa askoz ere objektiboagoa dela, neutroagoa. Aldiz, enuntziatu parentetikoetan agertzen dena bihurriagoa, ironikoagoa, kritikoagoa eta markatuagoa da».

Zentzu horretan, marra artean datorren ideia oinarrizko ideiaren birformulazioa dela uste du Azpeitiak. «Eta bigarren formulazio hori gehiago doitzen da Mitxelenaren intentzioetara. Markatuagoa da, eta aldaketa bat dakar argumentazioan eta argumentazio horren norabidean».

Hori hala, Mitxelenak erabilitako hainbat parentetiko mota identifikatu eta sailkatu ditu Azpeitiak. Halaber, oinarrizko enuntziatuan hartzen duten tokia aztertu du, baita esaldiaren barne distribuzioa ere. Orobat, puntuazio markak izan ditu aztergai.

Horretaz gain, enuntziatu parentetikoek komunikazioan garrantzi handiko eginkizuna dutela erakusten saiatu da Azpeitia, ikerketan aurrera egin ahala. Hizkuntzalariaren esanetan, «enuntziatu parentetikoak argudiatzean aurrera egiteko bitarteko egokiak dira, eta esatariaren eta norentzakoen arteko interakzio harremanerako bitarteko dira».

Ahozkotasun idatzia

Gainera, informazioa testuinguruan kokatzen laguntzen dutela arrazoitu du Azpeitiak. «Inferentzien errota martxan jartzeko, norentzakoari bidaltzen dizkion keinu edo arrastoak aski lagungarriak gertatzen zaizkio irakurketaren interpretazioa testutik bertatik bideratzeko». Era berean, Azpeitiak uste du enuntziatu parentetikoak ahozkotasuna hizkuntza idatzian txertatzeko baliabide direla. Ez hori bakarrik: «Esatariaren intentzio ironikoaren ispilu dira», Azpeitiaren arabera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.