Nik ez nuke irakurri gabe utziko

Imanol Mercero / 2013-02-03 / 383 hitz

  • Izenburua: Txanogorritxoren eskularruak
  • Idazlea: Ines Almagro
  • Ilustrazioak: Mikel Mardones.
  • Itzultzailea: Arkaitz Goikoetxea
  • Argitaletxeak: Txalaparta eta OQO

Denok ezagutzen dugun Txanogorritxo ipuin klasikoaren berrikuspen batekin etorri zaizkigu oraingoan Txalapartakoak.

Irudiaren erabilera asko zaintzen duen Txo bildumaren barruan argitaratua dator, ohikoa duten 25 x 23 cm-ko tamainan eta 32 orrialdetan. Aurreko batean (2012-10-14), sakondu genuen Txo bildumaren azterketan, Magia lanaz ari ginela; nahi duenak jo beza hara.

Oraingoan, ilustratzaile lanetan Mikel Mardones dugu, ofizioan oihalean egindako margolanekin era «autodidaktan» trebatua; euskaraz, lehen obra du hauxe. Gidoilari ari den Ines Almagroren opera prima da hau.

Txanogorritxoren ahotik egindako ipuin klasikoaren berrikuspena proposatzen digu liburuak. Narrazioan zehar, neskatoak ipuina nola aldatu dioten esan eta berresaten du, irakurlearekin partekatzen duen bakarrizketa batean.

Akzioa ingurune elurtu batean gertatzen da, sakontasun bisual handia duten bi-orriko irudietan, ikatz-arkatzaren gainean ezarritako olio margoekin; bolumen askorekin, eremu-sakonera ere bai, eta ñabardura gutxiko irudi bukatugabeetan eraikia.

Esku artean duzularik, lehen-lehenik irudiek erakartzen dute, isurtzen duten indar basatiarekin. Askoren artean bat esatearren, hamazazpigarren orriko otsoaren irudia ahaztezina da, lausotasunean dagoen piztia, susmatu besterik egin behar ez dena haren beldur izateko. Kontuan hartzekoak dira, halaber, narrazio bisualaren teknikan dituen proposamenak: esaterako, 18-19 orrialdeetako irudietan, Txanogorritxoren begiradak gidaturik sortzen den triangelukatze berezian; baina baita orrialde berberetan hontz zein txerri xelebre horiek irakurlearen alter ego gisara jokatzen duten paper berezian; egia esan, narrazioan zehar agertzen diren alter ego gisako animalia eta gainerako piztiak, zeregin anekdotikoa dutelarik ere, obraren balorazioaren ontasunak goraipatzeko nahigabeko hauspo bihurtzen dira. Eta aipagarria da irudien bidez ezohikoena era natural batean erakusteko duen gaitasuna ere, esaterako, 26-27 orrialdeetan lore-belarren presentzia, amonaren etxean, hain natural eta bertako; ahaztu gabe, apaingarri gisara dauden azalen barrualdeko irudien bihurrikeria maila gorena, bere burua Txanogorritxotzat daukan edonorentzako ispilu perfektuak.

Baina testuak du irakurlea aurrera eramateko ardura, baita albumetan ere, eta hemen lortu dutelakoan nago.

Almagrok narratzaileari funtzio neurritsua esleitzen dio, hitz gutxikoa eta baloraziorik egiten ez duena. Funtsez, pertsonaiaren sentimenduei eta ahotsari bidea emateko dago narratzailea. Aldi berean, pertsonaia nagusiak bakarrizketan dihardu, irakurlearekin zeharkako elkarrizketan. Ahotsaren eta onomatopeien ozentasuna tipografiaren hanpadurarekin lortzen da, bai eta lerroz kanpo ere, kokapen espazial ezohiko bilatuta.

Irakurketa testuaz gainekoa bihurtzen da, ezinbestean, irakurketarako zein narraziorako joan-etorriko hausnarketekin osatu beharrekoa, eta, horregatik ez ezik, hainbat irudiren gogortasuna kontuan hartuta ere, zortzi bat urtetik aurrerako irakurleentzako obra dela ematen du.

Nik ez nuke irakurri gabe utziko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude