Baldintzatuta?

Idoia Etxeberria / 2013-03-21 / 244 hitz

Mutilak eta neskatilak berdin tratatzen ditugula. Benetan pentsatzen dugu hori. Beraiek direla aukeratzen dutenak. Alabari arrosa gustatzen zaio. Panpinak. Semeari kotxeak. Futbola. Mutilak astapotroak dira. Neskak finagoak. Genetikoa da. Biologikoa.

Eta historiaurrea aipatzen dugu. Gizonak ehizara joaten zirela. Horregatik dutela orientazio hobea. Emakumeek bitartean denetik egiten zutela, kobazuloan. Horregatik garela gai gauza asko batera egiteko. Gaitasun diferenteak garatu ditugula. Gure garunak diferenteak direla.

Ikerketa asko egin dituzte. Garuneko desberdintasunen bila. Baina ez dute frogatu jokaeran eraginik dutenik. Aditu batzuen ustez, heziketak pisu handiagoa du. Erizain ala ingeniari izan nahi dugun erabakitzeko, adibidez.

Erresuma Batuko bikote batek umearen sexua isilpean eduki du bost urtean. Eskolan hasi den arte. Gertu-gertukoek soilik zekiten Sasha mutikoa zela. Berak aukeratzen zuen zer jantzi. Gona ala galtzak. Zerekin jolastu. Panpina ala baloia.

Kanadan, Storm dago. Familia bateko hirugarren umea. Aurreko biak era askean hezi dituzte. Bi mutiko, Jazz eta Kio. Jazzen kolore gustukoena arrosa da. Ilea luze darama, hiru mototsetan bilduta. Hirugarrenarekin, nahiago izan dute sexua ezkutatu. Inork ez diezaion printzesa deitu. Ezta morroskotxo ere.

Suedian, Pop genero neutroarekin hezten ari dira. Berria zabaldu zenean, munstrotzat hartu zituzten. Ez zela bidezkoa esperimentuak egitea. Trauma eragingo ziotela. Haurrak telebista aurrean jarrita arrisku hori ez balego bezala.

Stockholmon bada genero berdintasuna zaintzen duen haur eskola bat ere. Egalia. Han ez dute «neska» eta «mutil» esaten. «Haur» eta «lagun» baizik. Liburuak kontu handiz aukeratzen dituzte. Disney kanpora, noski. Denetariko jostailuak dituzte eskura. «Bizitzako aukera denak erakutsi nahi dizkiegu, ez erdia bakarrik», dio zuzendariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.