Ipuin laguna

Imanol Mercero / 2013-03-31 / 197 hitz

  • Izenburua: Elur-Xuri
  • Idazleak: Grimm anaiak
  • Ilustrazioak: Mayalen Goust
  • Itzultzailea: Luixa Giltzu
  • Argitaletxea: Ikas

Oroimena oso jostaria dela frogatu nahi baduzu, har ezazu liburuxka hau, Edurne Zuriren ipuina da. Irakurri eta hausnartu apur bat. Harrituko zaitu, zenbat xehetasun ahaztuak, zenbat uste eraitsiak!

Ahalegina ez da luzea, 24 orrialde doi-doia dituen azal biguneko 18×21 cm-ko liburuxka bat da, Grimm anaien Edurne Zuri ospetsuaren bertsio fidela.

Hizkera garbia du, sotila, ahoz gora irakurtzeko egokia. Ekialdeko euskara batuan idatzita dago, izenburuak salatzen duen bezala, baina hegoaldeko irakurlearentzat trabarik ez duena, hitz honekin edo harekin katramilatzeko seta agertu ezean.

Irudiek orrialde osoak hartzen dituzte, beltza, zuria eta gorria nagusi. Maiz beltzaren kontrastean ezarritako zuri-gorria eta kolorea berdearekin eta urdinarekin emana. Kolore eta formaren tratamenduak ordenagailu bidezko lanaren estetika du, clip-artetik gertu.

Protagonista, badakigu, Edurne Zuri da eta ekintzak neskatoak zazpi urte beteak dituela abiatzen dira, amaorde gaiztoak Edurne basora bidaltzen duenean, ehiztariak hil dezan. Nahikoa arrazoi pentsatzeko lehen irakurraldia heldu baten bitartekaritzarekin egitekoa dela. Agian bien artean irakurri eta ikustekoa. Eta gogoratu ez dela zertan agerian jarri obra honek kanpoko arriskuez emandako lezioa duela bere baitan, esanak obeditzearen garrantziaz diharduela… utz diezaiogun ipuinari bere lana egiten, berak badaki-eta nola hitz egin haurrei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.